Berriak Ogasuna eta Finantzak
Eu

Jaurlaritzak Euskadiko aurrezki kutxa eta banku fundazioen lege proiektua onartu du. (2015-07-27(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko uztailak 27

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-Kutxei eta Banku-Fundazioei Buruzko Lege-proiektua.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak Euskadiko aurrezki-kutxa eta banku-fundazioen lege-proiektua onartu du gaur. Orain, Legebiltzarrera helaraziko dute, Legebiltzarreko taldeek eztabaidatu, negoziatu eta, hala badagokio, onartu dezaten.

Euskadiko aurrezki-kutxa eta banku-fundazioen lege-aurreproiektuak bi helburu nagusi lortu nahi ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxei buruzko uneko arautegia egokitzea, aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen Estatuko oinarrizko Legera moldatzeko.

b) Euskadiko banku-fundazioen (erakunde juridiko sortu berriak) araubide juridikoa erregulatzea, Estatuko oinarrizko arautegi horrexen arabera.


Hain zuzen ere, aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen oinarrizko Legea indarrean jartzeak aldaketa nabarmena ekarri du arlo horretako Estatuko oinarrizko araudian. Gainera, Autonomia Erkidegoek aurrezki-kutxei buruzko legedia egokitu beharra aurreikusten du, Lege horretan xedatutakora moldatzeko.

Lege-proiektuak, beraz, egoitza Euskadin duten aurrezki-kutxen arautegia moldatzeari ekiten dio, lehenik eta behin.

Proiektuaren edukiari dagokionez, aurrezki-kutxen erregulazioak une honetan indarrean dagoen arautegia du abiapuntu: hots, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxei buruzko ekainaren 14ko 11/2012 Legea. Izaera orokorrarekin, aurreproiektuak gaur egungo indarreko arautegia mantentzen du, eta horren edukia Estatuko oinarrizko arautegi berrira egokitzen.

Horrenbestez, lehengo berak dira gaur egun indarrean dagoen arauaren egitura eta edukia, adibidez, aurrezki-kutxen izaerari eta eginkizunei, sorrerari, bat-egiteari eta likidazioari dagokienez.

Aurrezki kutxen gobernu-organoen kasuan, oro har, egungo arautegiari eutsiko zaio, baina Estatuko oinarrizko arautegi berrira egokituko da.

Bigarrenik, lege-proiektuak, aurrezki-kutxekin erlazio estua izaki, Euskal Autonomia Erkidegoko banku-fundazioen araubidea arlo horretako oinarrizko arautegiaren arabera erregulatzeari heltzen dio.

Proiektuak barruan hartzen ditu banku-fundazioen jardueraren elementu nagusiak: alegia, estatutuak, eraketa-zuzkidura eta fundazioaren ondarea.

Gobernu-organoei dagokienez, patronatua, osaera eta patronoak arautu, eta horien betekizunak ezarri dira, aurrezki-kutxen administrazio kontseiluko kideek bete beharreko betekizunen antzeko baldintzetan.

Dena dela, banku-fundazioen estatutuei dagokie patronatuko kideen izendapen-prozesuak erregulatzea.

Proiektuan jasotzen da, halaber, banku-fundazioek patronatuaren organo delegatu edo ahaldunak izateko ahalmena (hala nola batzorde exekutiboak edo iraunkorrak, batzorde delegatuak), patronatuari bere funtzioetan laguntze aldera.

Aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen ikuskaritza-araubideari dagokionez, proiektuan aurreikusitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako finantza arloko Sail eskudunari egokituko zaio eginkizun horien ardura, euskal kutxen jardueran ohikoa izan den bezala.

Azkenik, lege-aurreproiektuak gizarte-ekintzaren kudeaketa eta garapena arautzen du, bai aurrezki kutxetakoa eta bai banku-fundazioetakoa ere, honako alderdi hauetan: gizarte-ekintza motak, kudeaketa motak edota gizarte-ekintzara bideratutako aurrekontuen osaera, gauzapena eta likidazioa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau