
3 milioi euro hiriguneetako irisgarritasun planetarako. (2015-07-27(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)
LABURPENA
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak 3 milioi euroko diru-laguntza bideratu du (2014an baino milioi erdi gehiago) hiriguneetan eta eraikinetan irisgarritasun-planak egiteko deialdira.
Diru-laguntzen programa Birgaitzeko Renove Planaren barnean dago, eta Eusko Jaurlaritzak 2013-2016 aldirako Enplegua Sustatzeko Programan ezarritako sei ildo estrategikoetako bat da. Udalek, toki-erakunde txikiek eta erabilera publikoko helburuak dituzten erakunde pribatuek izango dute laguntza horiek eskatzeko aukera. Irisgarritasun-planak eta haien eguneratzeak aurkeztu beharko dituzte horretarako. Hiriguneak, espazio publikoak eta eraikinak progresiboki egokitzeko helburua izan behar dute planok, baita hiri-inguruan eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko obrak exekutatzea ere (pasabideak egitea, arrapala ez-mekanikoak zein eskudelak ezartzea; txorkoen itxiturak; egokitutako komunak eta aldagelak; aparkalekuak desgaitasuna duten pertsonentzat).
2014an guztira 81 laguntza eman ziren, guztira 2.500.000 euro. Horietatik 20 erabilgarritasun publikoko Arabako erakunde pribatuei eta udalerriei, beste 34 Bizkaikoei eta 27 Gipuzkoakoei.