Elkarlan Sariak
Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
qrcode

«Xaguxatar»: euskal ondare naturala erakusteko eta hari buruz hezteko lehen natura-parkea

2015-07-25
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ezagutza eta ohitura naturaletan hezteko hiri-parkea sustatuko du Azpeitian
  • Amaia Barredo: «eremu berri horren ikonoa saguzarra, Izarraizko protagonista nagusia, izango da»
  • «Saguzarren horma», «Enbor bertikalen baratza», «Labirintoa», «Intsektuen hotela» eta «Egongune alternatiboa» izango dira parkeko gune bereiziak

VG 15/07/25

«Xaguxatar» parkeko ikono nagusia saguzarra, Izarraizko mendiguneko protagonista nagusietakoa, izango da. Xaguxatar, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Azpeitian sustatuko duen hiri-parkea da: gaur egungo Ingurugiro Etxearen eskaintza zabalduz, Euskadiko balio naturaletan sentikortu nahi ditu herritarrak. Instalazioak eraikitzeko lanak udaldia aprobetxatuz hasiko dituzte, abuztu hasieran, eta urrian amaituko.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzako zuzendari Amaia Barredok zehaztu duenez, «gaur egungo parke publikoa Ingurugiro Etxearen, Eusko Jaurlaritzak Azpeitian duen Ingurumen Hezkuntzako zentroaren, alboan dago kokatuta. 'Xaguxatar' parkeak 1.800 m²-ko azalera izango du eta Ingurugiro Etxea hartzen duen baserriaren atzealdean egongo da kokatua. Ekialdera, garai batean Loiolara zihoan Urolako trenbide zaharrak mugatuko du parkea; gaur egun, bidegorri bat da. Gaur egun, zentroak 7.000 bisitari jasotzen ditu urtean; tartean, 6.000 ikasle inguru, irakasleekin etortzen baitira zentroko hezkuntza-programan parte hartzera. Gainerakoak, herritar arruntak dira. Zabalgune horri esker, jarduerak asko ugarituko dira».

 

«Xaguxatar parke berria bizi-gune gisa sortu zen, aisialdirako eta naturarekin harremana bilatzeko. Hiru helburu lortzeko diseinatu da: gizarte-mailakoa, hau da, parkearen erabiltzaileen eskaerak jasotzea, hango jabe senti daitezen; ekologikoa, naturaren gordeleku izan dadila eta ekologia-prozesuak bultza ditzala, hiri-bilbearen barruan; eta estetikoa, Gizaki-Natura harremana sentikortzea bilatzen duen parke-diseinu baten bitartez» adierazi du Barredok.

 

Eremuak

Xaguxatar parkean askotariko guneak izango dira: esaterako, Saguzarren horma, non gaueko paisaiari buruzko hormairudi bat erakutsiko den. Hain zuzen, paisaia horretakoak dira saguzarrak. «Beltza izango da kolore protagonista; horrela, hormairudiak itzal gisa jokatuko du, eta horrek ingurunearekin integratzen lagunduko dio. Helburu estetikoa izateaz gain, parke guztian lortu nahi den jolas- eta aisialdi-helburuari erantzungo dio, halaber. Horrez gainera, horma zulatuko da, horma atzealdetik goma-hodi batekin binaka konektatzeko zuloak, halako moldez, non horietatik hitz eginez beste zulo bateko soinua entzun baitaiteke. Hain zuzen, saguzarrek gauetan ezer ikusi gabe hegan egiteko darabilten radar-sistema birsortzea izan da soinua hautemateko jolas horren inspirazioa» azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzako zuzendariak.

 

Enbor bertikalen baratza parkearen ekialdean kokatzen da, Azpeitiko sarreraren ondoan. Horretarako, zuritutako akazia-enbor sorta batekin gune bat sortuko da: enborrak 30-50 cm bitarte izango dira diametroan, eta 8-10 metro bitarte garaieran, eta bertikalki jarriko dira. Hala, irudi zirraragarri bat eratuko da, inguruneari dramatikotasuna eta ikusgarritasuna emango diona. Funtzio estetikoaz gain, ekipamendu elkarreragileak ere izango dituzte enborrek; esaterako, armiarma-sare zirraragarri bat» adierazi du Amaia Barredok.

 

Labirintoa, berriz, hainbat zentzumenen bitartez jolasteko gune bat izango da. Ereinotz-sail bat izango da han, enbor bertikalen baratzaren eta egongune alternatiboaren artean.  Intsektuen hotela gunean, saguzarrentzako habiak egongo dira, parkeari begiratzen dion baserri-fatxadan. «Habi-hotel horiek testura-oparotasun handia agertzen dute eta, horregatik, erliebeko koadro bat izango balira bezala tratatuko dira, arte-lan gisa» nabarmendu du Ingurumen Plangintzako arduradunak.

 

Egongune alternatiboa gune bereizi bat izango da; bertan, horizontalean, banku gisa jarritako akazia-enborrak egongo dira, eta, kable-bobinen egitura zirkularrak ere jarriko dira, mahai moduan.  Haurrentzako jolasak zeramikazko erliebe gisa taxutuko dira: saguzar-irudiak izango dira, horman, rokodromo gisa, kokatutako igotzeko egitura moduan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)