Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Boiserako bidaia bati ekingo dio datorren astean, 2015eko Jaialdiaren ekitaldietan parte hartzeko

2015.eko uztailak 25

Boiseko Jaialdia euskal kulturaren munduko ekitaldi handienetako bat da.

Iñigo Urkullu lehendakariak Estatu Batuetarako bidaia bati ekingo dio datorren asteartean, uztailaren 28an, Boisen, Idaho estatuko hiriburuan, izango den Jaialdiaren ekitaldietan parte hartzeko. Euzkaldunak euskal etxeko kideek bost urtean behin antolatutako kultur ekitaldi horrek egun batzuez euskal diasporaren hiriburu bihurtzen du Boiseko hiria. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Asier Vallejo, ere hartuko dute parte bidaian lehendakariarekin batera.

Boiserako bisitaldian –abuztuaren 2ra arte iraungo du bisitaldi horrek–, lehendakaria Idahoko gobernadore Otterrekin, Boiseko alkate David Bieterrekin eta enpresaburu iparramerikarrekin elkartzea aurreikusita dago. Horrez gain, Boise State Universityk eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute.

Lehendakariak Basque Block kalea ere bisitatuko du; Euzkaldunak euskal etxea, Euskal Museoa eta Anduiza frontoia daude kale horretan. Boiseko ikastolara eta Morris Hill hilerrira ere joango da lehendakaria. Estatu Batuetara joan ziren euskal artzain asko ehortzita daude aipatutako hilerrian. NABO North American Basque Organizations erakundearen urteko bileran ere parte hartuko du, halaber.

Europar Batasunetik kanpoko herrialde batera egindako hirugarren bidaia instituzionala izango da. Horren bitartez, euskal diasporaren eta Euskadiren arteko harremana sendotzeaz gain, helburua Basque Country estrategia kanpoan proiektatzen jarraitzea ere izango da, horretarako bilera instituzionalak, politikoak, ekonomikoak eta kulturalak eginez.

Jaialdia

Boiseko Jaialdia euskal kulturaren munduko ekitaldi handienetako bat da. Lehen aldiz 1987an egin zuten euskal kulturako kideentzako asteburuko ekitaldi modura. Gaur egun, bost urtean behin egiten da uztaileko azken asteburuan, Boiseko euskal komunitateak bere zaindari San Ignazio Loiolakoaren ospakizuna egitearekin batera.

Aurten uztailaren 28tik abuztuaren 2ra bitartean egingo dute jaialdia. Jaialdiaren barruan musika-emanaldiak, dantzen eta herri-kirolen erakustaldiak, pilota-txapelketak zein Euskal Herriko historiari buruzko hitzaldiak eta erakusketak egongo dira, jai-giro alaian betiere.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2015.eko uztailak 27

    feliz viaje @iurkullu

  • @anamarti4
    2015.eko uztailak 27

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari inicia esta semana un viaje a Boise para participar en el Jaialdi 2015 http://t.co/nqt5noMjBB feliz viaje @iurkullu

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)