Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak Euskadiko aurrezki kutxa eta banku fundazioen lege proiektua onartu du

2015.eko uztailak 27
  • Suteen prebentzio eta itzalketa eta salbamendu zerbitzuak arautzeko lege-proiektua onartu du Gobernu Kontseiluak

Gobernu-kontseiluak Euskadiko aurrezki-kutxa eta banku-fundazioen lege-proiektua onartu du gaur Lege-aurreproiektuak bi helburu nagusi lortu nahi ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxei buruzko uneko arautegia egokitzea, aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen Estatuko oinarrizko Legera moldatzea eta Euskadiko banku-fundazioen (erakunde juridiko sortu berriak) araubide juridikoa erregulatzea, Estatuko oinarrizko arautegi horrexen arabera.

Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Fiantza sailburuak azaldu duenez, proiektuaren edukiari dagokionez, aurrezki-kutxen erregulazioak une honetan indarrean dagoen arautegia du abiapuntu: hots, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxei buruzko ekainaren 14ko 11/2012 Legea. Izaera orokorrarekin, aurreproiektuak gaur egungo indarreko arautegia mantentzen du, eta horren edukia Estatuko oinarrizko arautegi berrira egokitzen.

Lege-proiektuak, aurrezki-kutxekin erlazio estua izaki, Euskal Autonomia Erkidegoko banku-fundazioen araubidea arlo horretako oinarrizko arautegiaren arabera erregulatzeari heltzen dio. Proiektuak barruan hartzen ditu banku-fundazioen jardueraren elementu nagusiak: alegia, estatutuak, eraketa-zuzkidura eta fundazioaren ondarea.

Gobernu-organoei dagokienez, patronatua, osaera eta patronoak arautu, eta horien betekizunak ezarri dira, aurrezki-kutxen administrazio kontseiluko kideek bete beharreko betekizunen antzeko baldintzetan. Dena dela, banku-fundazioen estatutuei dagokie patronatuko kideen izendapen-prozesuak erregulatzea.

Proiektuan jasotzen da, halaber, banku-fundazioek patronatuaren organo delegatu edo ahaldunak izateko ahalmena (hala nola batzorde exekutiboak edo iraunkorrak, batzorde delegatuak), patronatuari bere funtzioetan laguntze aldera.

Aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen ikuskaritza-araubideari dagokionez, proiektuan aurreikusitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako finantza arloko Sail eskudunari egokituko zaio eginkizun horien ardura, euskal kutxen jardueran ohikoa izan den bezala.

Azkenik, lege-aurreproiektuak gizarte-ekintzaren kudeaketa eta garapena arautzen du, bai aurrezki kutxetakoa eta bai banku-fundazioetakoa ere, honako alderdi hauetan: gizarte-ekintza motak, kudeaketa motak edota gizarte-ekintzara bideratutako aurrekontuen osaera, gauzapena eta likidazioa.

SALBAMENDU ZERBITZUAK ARAUTZEKO LEGE-PROIEKTUA

Beste alde batetik, Gobernu Kontseiluak, Segurtasun Sailak hala eskatuta, Suteen prebentzio- eta itzalketa- eta salbamendu-zerbitzuak arautzeko lege-proiektua onartu du. Herri-hizkeran, suhiltzaileen zerbitzu gisa ezagutzen dira zerbitzuok; orain artean, ez dute izan lege-mailako arau berezkorik. Onartu berri den lege-proiektuak zerbitzu-ematea ordenatu, erregulatu eta bermatu nahi du, eta koordinazioko eta lankidetzako mekanismoak aurreikusi, Estefanía Beltrán de Heredia sailburuak azaldu duenez.

Hain zuzen, zerbitzu publikoa lege-mailako araudi berezko batez hornitzeko lan egiten duten tarteko administrazio guztien arteko adostasunaren fruitu da lege-proiektua. Araudiaren bitartez, eredu bati helduko zaio, zerbitzu hori lurralde guztian ematea bermatuko duena, zerbitzuon baterako jardun koordinatua, bai elkarrekin bai beste zerbitzuekin, ahalbidetzeko mekanismoak aurreikusiko dituena, eta lege-erreserbari atxikitako langileei aplikatzen zaien araudiaren apartekotasunak aintzat hartuko dituena.

Izan ere, gaur egun, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zazpi zerbitzu daude Euskadin (udalekoak, foralak, partzuergokoak), 25 parketan banatuak eta 1.162 profesionalek, bai eta 33 boluntariok ere, beteak.

Araudi berriarekin, zerbitzua identifikatzeko oinarrizko ezaugarri batzuk taxutu nahi dira. Horiek aukera emango dio, erakunde bakoitzari, bere beharrizanen araberako prebentzio, itzalketa eta salbamenduko zerbitzu-eredu bati heltzeko, bere berezko eskumenetatik. 

KARRERA PROFESIONALA

Gainera, Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, aurkako iritzia eman du, eta uko egin dio 2011ean Gobernu sozialistaren Barne Sailak eta ERNE eta ESAN sindikatuek karrera profesionalari buruz adostutako akordioa berresteari. Gobernuaren ustez, akordio horrek ez du behar bezalako legezko euskarririk. Segurtasun Saila, dena den, Ertzaintzan karrera profesionaleko sistema bat garatzearen aldekoa da, bai eta haren edukia sindikatuekin negoziatzearen aldekoa ere.

ETXEBIZITZA LEGEAREN ETA FRACKINGAREN AURKAKO HELEGITEA

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako eledunak, Josu Erkorekak, Gobernu zentralak Etxebizitza Legearen eta Frackingaren aurka jarri dezakeen konstituzio-kontrakotasuneko helegitea aipatu du. Ildo horretatik, Erkorekak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela «negoziatzeko gaitasunik» eta aldebiko koordinazio-batzordera joatera mugatuko dela, Eusko Legebiltzarrak onartutako testua «osorik» defendatzeko. 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.07.27)

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @TalaiosKoop
    2015.eko uztailak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @jotabe1963: Gobierno Vasco aprueba el proyecto de Ley de Cajas de Ahorros y Fundaciones bancarias. Ofrece Menos control publico http:/…

  • @jotabe1963
    2015.eko uztailak 28

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco aprueba el proyecto de Ley de Cajas de Ahorros y Fundaciones bancarias. Ofrece Menos control publico http://t.co/FdEnSd0sGA

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)