Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

eLiburutegia Bilbora ere iritsi da

2015.eko uztailak 24
  • Gutxi barru, Euskadiko irakurketa publikoko sarean sartuko da Bizkaiako hiriburua
  • Euskadiko Liburutegi Digitalak 7.000 titulu baino gehiago eskaintzen ditu. Zazpi hilabetetan, 5.800 erabiltzailek 14.000 mailegu baino gehiago egin dituzte

Gaurtik aurrera, Bilboko Liburutegi Publikoen erabiltzaileek eLiburutegia izeneko Euskadiko liburutegi digitalera konektatu ahal izango dira. Eguerdian Bilboko alkateak, Juan Maria Aburtok; eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordeak, Joxean Muñozek, zerbitzu kultural berriaren abiarazpena iragarri dute Bizkaiko hiriburuan. Gaur eguerdian hasita, Bilboko Liburutegi Publikoen erabiltzaileek dohainik jaitsi ahal izango dituzte eLiburutegiak eskaintzen dituen liburu guztiak. Horretarako, beraiek erabiltzen duten liburutegi publikora joan eta eLiburutegirako erabiltzaile-izena eta pasahitza eskatu beharko dute, besterik ez.

Bilboko alkatea izan da Bizkaia hiriburuan zerbitzu kulturalari hasiera eman diona. Juan María Aburto Kirmen Uriberen “Bilbao-New York-Bilbao” eleberria aukeratu du.

Aburtorekin batera, Kulturako sailburuordeak, Joxean Muñozek, poztasuna adierazi du, alde batetik, Bilbon eLiburutegia zerbitzua martxan jarri delako; eta bestetik, Bizkaiko hiriburua Euskadiko irakurketa publikoko sarean laster sartuko delako.

14.132 mailegu 5.884 pertsonari 8 hilabetetan

Euskadiko Liburutegi Digitala 2014eko azaroaren 26an abiarazi zenetik zortzi hilabete igaro direla, 14.132 liburu digital mailegatu ditu guztira liburutegiak (ekainaren 30era arte) bere bazkideen artean. Datuek erakusten dute berebiziko harrera izan duela ekimenak irakurleen artean. Denbora-tarte horretan, 5.884 pertsonak jaitsi dute liburu bat gutxienez.

Gaur egun, 97 argitaletxeko 7.000 izenburutik gora eskaintzen ditu liburutegi digitalaren katalogoak (hau da, 28.000 lizentziatik gora, lau lizentzia izenburuko batez bestez): 6.400etik gora gazteleraz eta 500etik gora euskaraz.

Aipatzekoa da Euskadiko argitaletxeen % 60k ez duela, gaur egun, bere katalogo osoa formatu digitalean eskaintzen (ePub). Eusko Jaurlaritzak ePub formatu digitalean eskura daitekeen argitaletxeen ekoizpen guztia hartu du, bai gazteleraz bai euskaraz. Gutxi gorabehera, 1.300 izenburu dira: 757 ebook gaztelaniaz eta 500 euskaraz. 

Eskaintza handiagoa

Titulu berriak sartzen direnez, astez aste hazten da katalogo digitaleko eskaintza. Datozen hilotan katalogoa zabaltzea da eLiburutegiaren asmoa, 10.000 izenburu hartzeraino, eta 2016an 15.000 izenbururaino iristea. Horretarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 350.000 euro bideratu dizkio proiektuari aurten.

Sortu zenetik igarotako zazpi hilabeteetan, honako liburu hauek mailegatu dira gehien:

  • Adulterio, Paulo Coelhorena                                          53tan mailegatua
  • Legado en los huesos; Dolores Redondorena               50tan mailegatua
  • El guardian invisible; Dolores Redondorena                  49tan mailegatua
  • Arotzaren eskuak, Alberto Ladron Aranarena                47tan mailegatua
  • A la sombra del templo, Toti Martínez de Lezearena     46tan mailegatua
  • El amor se me hace bola, Bárbara Alpuenterena           45tan mailegatua
  • Amaren eskuak, Karmele Jaiorena                                 44tan mailegatua
  • Ahaztuen mendekua, Alberto Ladron Aranarena            44tan mailegatua
  • La mirada de los ángeles, Camilla Läckbergrena           43tan mailegatua
  • 100 ideas para que tus hijos te obedezcan, A.Bacusa   41tan mailegatua       

Berritasun gehiago

Udari begira aurkeztutako berritasunen artean, aipatzekoa da aldibereko maileguen kopurua handitu izana. Izan ere, liburu digitalak mailegatzeko plataformak aldi berean hiru liburu mailegatzeko aukera ematen die erabiltzaileei. 2014ko azaroaren amaiera aldera abiarazi zenetik orain arte, katalogoko bi liburu mailegatu zitzakeen irakurle bakoitzak aldi berean.

Uda hasierarekin bat etorriz handitu da aldi bereko mailegu kopurua, hainbat pertsonarentzat oporraldia, atsedenaldia eta lasaialdiaren sinonimoa da-eta uda-sasoia. Beraz, irakurtzeko sasoi aproposa, eta irakurleek irakurtzeke dituzten liburuei heltzeko baliatu ohi dute. Neurriak irakurle zaletuenen eskaria asetzea du helburu.

Euskadiko Liburutegi Digitala, eLiburutegia, liburu digitalak mailegatzeko online zerbitzu bat da. Eusko Jaurlaritzak abiarazi zuen.

Erositako 28.000 lizentzietako bakoitzak 20 mailegutarako aukera ematen du. Behin lizentzia bat (ez izenburu bat) 20tan mailegatu denean, Eusko Jaurlaritzak berriz erosiko du lizentzia, beste 20 mailegu egin ahal izateko. Hala, erositako 28.000 lizentziek 560.000 mailegutarako aukera emango dute.

Nork har dezake eLiburutegiko mailegu bat? Nola?

Udal-liburutegietako bazkideek zerbitzua erabili nahi badute, liburutegira joan behar dute eta eLiburutegirako erabiltzaile-izena eta pasahitza eskatu. Behin gakoak dituela, eLiburutegia plataformara sartu daiteke irakurlea, eta mailegatutako liburuak irakurtzen hasi. Hauek dira mailegu-zerbitzuaren arauak:

  • Maileguen iraupena 21 egunekoa izango da.
  • Erabiltzaile bakoitzak hiru liburu har ditzake gehienez maileguan aldi berean. Mailegua iraungitzeko bost egun falta direnean, mezu elektroniko bat jasoko du, oroigarri gisa.
  • Horrez gainera, erabiltzaileek bi liburu gordetzeko eskaera egin dezakete, gehienez, hiru maileguekin aldi berean.
  • Mailegua irauten dituen 21 egunotan, sei gailutan eta sei ordenagailutan eskura dezake mailegatutako liburua.

Eguneko 24 orduetan mailegatu daitezke liburuak, urteko egun guztietan, bi modalitate hauetan: liburuak jaitsiz edo streaming bidez.

6 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Literaktum
    2015.eko uztailak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @arzamendisese: Albiste ona bilbotarrentzat: eLiburutegia Bilbora iritsi da ere http://t.co/BOXx5nE6tl

  • @mmarinta
    2015.eko uztailak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @liburutegiak: "Bilbao-New York-Bilbao", Kirmen Uriberen liburua deskargatu egin du Bilboko alkateak
    #eLiburutegia http://t.co/xtSubqhr

  • @arzamendisese
    2015.eko uztailak 24

    Comentario de Twitter:
    RT @liburutegiak: "Bilbao-New York-Bilbao", Kirmen Uriberen liburua deskargatu egin du Bilboko alkateak
    #eLiburutegia http://t.co/xtSubqhr

  • @liburutegiak
    2015.eko uztailak 24

    Comentario de Twitter:
    "Bilbao-New York-Bilbao", Kirmen Uriberen liburua deskargatu egin du Bilboko alkateak
    #eLiburutegia http://t.co/xtSubqhrFJ

  • @DK_Liburutegiak
    2015.eko uztailak 24

    Comentario de Twitter:
    RT @arzamendisese: Albiste ona bilbotarrentzat: eLiburutegia Bilbora iritsi da ere #mailegudigitala http://t.co/VKPRZLddqm

  • @arzamendisese
    2015.eko uztailak 24

    Comentario de Twitter:
    Albiste ona bilbotarrentzat: eLiburutegia Bilbora iritsi da ere http://t.co/BOXx5nE6tl

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Maria Aburto, Bilboko alkatea / alcalde de Bilbao