Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erkorekak elkarrizketarako deia egin du eta Kataluniaren aferan erabaki «traumatikoak» saihestea defendatu du

2015.eko uztailak 23

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak elkarrizketaren alde egin du eta berriz esan du «akatsa» litzatekeela «bide juridiko-traumatikoak» aukeratzea, Kataluniaren aferari konponbidea emateko. Hala baieztatu du Erkorekak, Rafael Catalá Justizia Ministroak atzo Kataluniaren inguruan esandakoen ondoren: hain zuzen, ez duela baztertzen Kataluniako autonomian esku hartzea, Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuz, independentzia aldarrikatzen badute.

Erkoreka Donostiako Miramar Jauregian izan da gaur, «Justizia Leheneratzailea: eremu penaleko bitartekotza» udako ikastaroan, eta, han, Mariano Rajoyren gobernuak egindako «mehatxuei» egin die erreferentzia: esan duenez, «ez da gertatzen den lehen aldia; aurretik ere ikusi dugu botere zentrala autonomia erkidegoek abiarazitako ekimenei antzeko mehatxuak egiten, jotzen duenean horiek ez datozela bat  konstituzioaren ortodoxiarekin».

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berriz esan du Kataluniako aferaren irtenbidea «elkarrizketa erabat politikotik» eta «aldebiko negoziaziotik» etorriko dela, baldin eta kontuan hartzen badu Kataluniako herritarren gehiengoaren nahia. «Sekula ez, ordea, formula juridiko-traumatikoen bidez; zalantzarik ez da, etorkizunari begira, konpondu baino arazo gehiago ekarriko dituela horrek» erantsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau