Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregi: «Donostiako portuen zerbitzuko eraikineko lanak urrian hasiko dira»

2015.eko uztailak 23
  • Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak eta Eneko Goia alkateak Donostiako kaia bisitatu dute

 

DSS 15/07/23

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, eta Donostiako alkateak, Eneko Goiak, gaur goizean Donostiako kaian iragarri dutenez, Portuen Lurralde Zerbitzuen eraikina –Untzi Museoaren eta Aita Mariren irudiaren artean– birgaitzeko lanak urrian hasiko dira; jo dutenez, hamar bat hilabetez iraungo du, eta 653.000 euro kostatuko.

 

Eusko Jaurlaritzaren eraikinaren zaintza kontuzkoa da, eta beharrezkoa izan zen hura sare batekin estaltzea. Lurgoien enpresak egingo ditu birgaitze-lanak, eta eraikinaren erabiltzaileak behin-behinekoz lekualdatu dituzte, Eusko Jaurlaritzak Intxaurrondon (URAren ondoan) duen eraikin batera.

 

Oregi eta Goia, Garraio Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulo zutela lagun, pantalan berrien proiektuari buruz aritu dira halaber. Arrantzako dartsenan ezarriko dira, eta lizitazioan daude orain. Gaur egungo erabiltzaileentzat –itsasgizon erretiratuak– jaulkiko dira amarratze-baimenak, eta itxaron-zerrenda bat argitaratuko da. Orobat, azaroan, kortesiazko pantalan bat ezarriko da, joan-etorrian dabiltzan ontzientzat, eta 300.000 bat euro kostatuko du» jakinarazi die Ruiz de Angulok erakundeetako arduradunei.  

 

Donostiako portutik egindako ibilian, laster birgaituko den Txurruka pantalana –8-10 metro bitarteko ontzientzako– aipatu du Oregik. «Profileria egoera txarrean dago, azken denboraleen eraginez, eta zoladura hondatuta; horregatik, gomendagarria da berriz jartzea, osoki jarri ere. Lanek 2016ko urtarriletik martxora bitartean iraungo dute, eta ia 90.000 euro kostatuko.

 

EKP-Euskadiko Kirol Portuak enpresak pantalaneko 374 amarraleku ditu Donostian, 4 eta 10 metro bitartekoak. Donostiako kaian, Pasaian deskargatzen duten bost baxurako arrantzontzik amarratzen dute.

 

Oregiren ustez, «Donostian arrantzu-jarduera ia desagertu bada ere, bistakoa da kai-ingurua funtsezkoa dela hiriburuaren erakarmen turistiko eta komertzialari dagokionez». Europako Atlantikoko kostaldean hazibidean da turismo nautikoa, egunetik egunera, eta horrek eragin positiboa du gure udalerrien garapenean. Portuak elementu interesgarriak biltzen ditu: Klub Nautikoa, Aquarium-a, Untzi Museoa, San Pedro Apostoluaren kapera, hegazkin-ontzia, harresia eta kofradiaren eraikina. Horiek guztioriek osotasun bat eratzen dute, eta La Jaranako espaloia birzolatzeko eta hango arkupe eta dendak berrantolatzeko lanekin bezala ari gara jokatzen hortxe ere.

 

 

 

Orio

Orion, Ana Oregi eta Almudena Ruiz de Angulo kofradiaren sare- eta aparailu-lonjetara sartzeko errepidean ibili dira, Oria ibaiaren ahoko ezkerraldean. Izan ere, bidea moztuta egon da, neguko denboraleek eragindako lurjauzi handi bat dela-eta, eta 1.200.000 euroko kostua eragin du berori konpontzea. Halaber, kontradikeari begira egon dira: horko hasierako lanek 2.000.000 euroko kostua ekarri dute.

 

«Dikea sendotzeko lanei dagokienez –azaldu dio Azpiegituren zuzendariak Oregi sailburuari– datozen zortzi hilabetetan proiektua idazteko kontratu-izapidea hasi berri da». Oregi eta Ruiz de Angulok errioa bideratzen duen harri-lubetaraino joan dira; hainbat pitzadura zituen-eta, udaletxeak presazko konponketak egin ditu han.

 

Orioko portuan 296 kirol-amarraleku daude pantalanean (EKPk kudeatuak) gehienez 12 metro luzeko itsasontzientzat. Baxurako 7 arrantzontzi hartzen ditu.  Arrantzontzidiak urtearen hiru laurden ematen ditu Getarian, eta geldialdiko hilabeteetan besterik ez da Orion porturatzen, abendutik otsailera.

 

Oria ibaiaren azken 1900 metroak kanalizatuta daude. Orioko portua errioaren erriberan kokatutako itsas-portu bat da: portuko kaiak errioan eraiki dira.  Portuari buruzko lehen datuak XIV mendekoak dira eta XVI. mendean jada hitz egiten zen bertako barra arazotsuari buruz. 1988an, hiru kai-mutur eraiki ziren, Amezti mendiarekiko zutak, kanalaren zabalera murrizteko, horrenbestez, urak abiadura handiagoa lortu eta sakonera handiagorako aukera emateko. Ez ziren lanekin bilatutako helburuak lortu eta, azkenean, kanpoko kai-muturra egiteko erabakia hartu, eta 1997an bukatu zuten.

 

Orion azken jarduera hauei heldu zaie: arrantza-kai berri bat eraikitzea, ezkerraldeko hiru kai-muturren gainean, eta plataforma horretan eraiki da sare-eraikin berria.

 

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PNV_Indautxu
    2015.eko uztailak 24

    Comentario de Twitter:
    RT @enekogoia2015: Ana Oregi sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa kaiarekiko. Erakunde arteko elkarlana http://t.co/97SFvDLbTO ht…

  • @eajpnv
    2015.eko uztailak 24

    Comentario de Twitter:
    RT @enekogoia2015: Ana Oregi sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa kaiarekiko. Erakunde arteko elkarlana http://t.co/97SFvDLbTO ht…

  • @enekogoia2015
    2015.eko uztailak 24

    Comentario de Twitter:
    Ana Oregi sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa kaiarekiko. Erakunde arteko elkarlana http://t.co/97SFvDLbTO http://t.co/Kt7PnB19j8

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Edurne Egaña, Idoia Ortubia