Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Bisita Auzolandegietara: Tertangako "Ubiros" errota

2015.eko uztailak 22
  • Cristina Uriarte sailburuak Tertangako Ubiros errota bisitatu du Amurrion. Boluntario gazte batzuk birgaitzen ari dira XIX. mendeko errota hori, Auzolandegiak programaren barruan

 

  • Aurtengo udan, Euskadiko zein Estatuko eta atzerriko 240 gazte baino gehiago ari dira Euskadin egiten ari diren 7 auzolandegietan parte hartzen

 

Eusko Jaurlaritzak aurten ere antolatutako programaren barruko auzolandegiak bisitatu ditu gaur goizean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek.

 

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak bultzatzen du 1985etik programa enblematiko hori. Euskadiko gazteek, programaren barruan, elkartasunezko lanak egiten dituzte Estatuko eta atzerriko (zenbait proiektutan) gazteekin batera. 

 

Auzolandegia hau da zehazki: jatorri ezberdinetako gazte talde batek, bere borondatez eta eskuzabaltasunez, gizarte-proiekzioa duen lan-proiektu bat eta jarduera osagarriak denbora jakin batean garatzeko konpromisoa hartzen duen jarduera. Proiektuaren bitartez bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea edo kulturen arteko ikaskuntza sustatzen dira, besteak beste.

 

Aurtengo udan 7 auzolandegi antolatu dira:

 

  • Tertanga (Araba): Ubiros errota leheneratzea.
  • Araia (Araba): Azkasaroi txabola leheneratzea.
  • Bergara (Gipuzkoa): Animazio-jarduerak antolatzea hirugarren adinekoen egoitza batean.
  • Lekeitio (Bizkaia). Animazio-jarduerak antolatzea hirugarren adinekoen egoitza batean.
  • Busturialdea (Bizkaia) – Nazioartekoa: Gazte-dinamizazioa ingelesez.
  • Lemoa (Bizkaia) – Nazioartekoa: Lubakiak leheneratzea. Oroimen historikoa.
  • Triano-Abanto (Bizkaia) – Nazioartekoa: Inguruneko meatze-ondarea leheneratzea.

 

 

Tertangako Ubiros: Nerbio ibaiaren ibilguaren ondoko errota

 

Sailburuak Estatuko hainbat tokitatik etorritako boluntario gazteak lagundu ditu Ubiros errotara. XIX. mendeko eraikin hori Nerbioi ibaiaren ibilguaren ondoan kokatuta dago, Tertangan (Amurrio). Solairu bakarreko eraikina da, harlangaitzezko hormak eta zurezko egitura dituena. Tunel moduko harlangaitzezko ganga baten gainean kokatuta dago; ubide horretatik errotako gurpilak mugiarazten zituen ura igarotzen da.

 

Denborarekin errota erabiltzeari utzi zioten. Sastrakek hartu zituzten errota eta ingurune osoa, eta hormak guztiz estaltzera ere iritsi ziren. Eusko Jaurlaritzaren programaren auzolandegietan Ubiros errotaren eraikina eta ingurunea birgaitzeko eta leheneratzeko lanak egin dituzte hiru udan jarraian.

 

Lehenengo udan, 2013an, programako partaide gazteek sastrakak garbitu eta kentzeko lanei ekin zieten batez ere, bai errotan bertan, bai ibaian, uharkan edo horien guztien ingurunean.

 

Bigarren urtean, berriz, sastrakak garbitu eta kentzeko lanez gain, auzolandegian errotako hormak garbitu eta leheneratu zituzten, eta estalkia berreraiki zuten.

 

Aurten, 2015ean, azkenik, batetik, eraikinaren fatxadak saneatuko dituzte, eta bestetik, ura hartu eta biltzeko hormak zaharberrituko dituzte. Egungo hormetako eremu batzuk hondatuta daude, eta beste batzuk goitik behera aldatu behar dira. Aurtengo udan egingo dituzten jardueren bitartez amaitutzat joko dira Tertangako errotaren eraikina eta ingurunea zaharberritu eta leheneratzeko lanak.  

 

 

Auzolandegiei buruzko datu gehiago

 

Aurten 243 gazte parte hartzen ari dira antolatutako auzolandegietan. Euskadikoak dira 102, Estatukoak 78 eta 63 atzerritik datoz. Parte-hartzaileek 110na euroko kuota ordaindu behar dute ostatu, mantenu, aseguru eta txangoetarako.

 

Halaber, Euskadiko 85 gaztek bat egin dute atzerrian antolatutako auzolandegiekin, eta 106 gehiago parte hartzen ari dira Estatuko beste toki batzuetako ekimenetan. 

 

Lana goizez egiten dute, eta arratsaldetan jolas-jarduerak izaten dituzte.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)