Berriak Segurtasuna
Eu

Lehen seihilekoan, delinkuentziak % 4,64 egin du behera

2015.eko uztailak 22
Azken hamar urteotako beherakadarik handiena da
 
Delinkuentziak % 4,64 egin du behera 2015ean EAEn, iazko epe berarekin alderatuta. Horrek esan nahi du 2.009 delitu eta falta gutxiago egin direla; horrez gainera, gertakari larrienak –hau da, delituak– murriztu dira gehien. Delitu-tasa murriztu izana horren isla da; 2014an, 1.000 biztanleko 19,62 delitu/falta izatetik, 2015an 18,71 izatera igaro da. Oro har, delitu-jardueraren beherakada, azken hamar urteotan lortutako handiena da. Erruztapen penalen gorakada aipatu behar da aldeko joera horrekin batera; hala, Ertzaintzak 11.445 pertsona utzi zituen epailearen esku. Lorpen handia da hiritarren segurtasun zifrak hobetu izana, kontuan hartuta krisialdi ekonomikoaren eraginez testuingurua ez zela horretarako mesedegarria. Hain zuzen, Ertzaintzak abian jarri eta ertzainek lekuan bertan aplikatu dituzten delinkuentziaren prebentziorako plan estrategikoak aplikatu direlako hobetu dira zifrok.
 

Beherakada ikusgarria etxebizitzetako lapurretetan

Ohi bezala, estatistikaren portzentaje handiena ondarearen aurkako delituena da, izan ere, delitu guztien bi heren hartzen baititu. Atal horretan, nabarmen murriztu dira zifrak, 2014rekin alderatuta: 15.452tik, 14.104ra (–% 8,72).

Atal horren barruan, bereziki atsegina da etxebizitzatan izan diren lapurretek behera egin dutela ohartzea: –% 39, hots, iaz baino 690 delitu gutxiago. Bereziki aipagarria da Bizkaian izandako beherakada (–% 52,06); ondoren, Araba (–% 16,46) eta Gipuzkoa (–% 14,74) ditugu. Oro har, EAEko udalerri handi guztietan murriztu da, baina Barakaldoren kasua ere bereziki azpimarragarria da (–% 69,53). Etxebizitzei erantsitako lokaletan (garajeak, trastelekuak) izandako lapurretek behera egin dute baita ere (–% 21,85) eta beste horrenbeste gertatu da enpresetan egindako ebasketekin (–% 6,12). Halaber, indarkeria edo larderiazko lapurretetan (–% 18,55) eta ebasketen kasuan (–% 2,82).

Ondarearen aurkako delituen artean, gora egin duten bakarrak iruzurrak dira (+% 17,89), batez ere, teknologia berri eta internet bidez egindakoak. Ibilgailuen lapurretek gora egin dute baita ere (+% 29).

Hainbat neurriri esker lortu dute ondarearen kontrako delituak ia orokorki murriztea: gune gatazkatsuetan «korrikak» (oinezko patruilak) indartuz, aztertzaileek talde antolatuei buruz egindako lanaz; halaber, prebentziozko zaintzak eta ikuskapenen emaitzen hobekuntzak eta oro har ikerketa tekniken hobekuntzak ere, eragina izan dute.

Hiru homizidio burutu

Homizidio burutuei dagokienez, lehen seihilekoan, hiru erregistratu dira, iaz baino bat gutxiago; 2014an bezala, Ertzaintzak guztiak ebatzi ditu.

Droga-trafikoaren aurkako ikerketa gehiago

Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak 1.278tik, 1.157ra igaro dira (–% 9,50). Droga-trafikoarekin erlazionatutakoak daude, besteak beste, horien artean. Ertzaintzak egindako ikerketa kopuruaren gorakadari esker gertatu da hori, neurri handi batean; izan ere, ia % 10 egin dute gora ikerketok. Horrezaz gain, alkoholaren eraginpean gidatzearekin erlazionatutako delituek behera egin dute baita ere, alor horri dagokionez (–% 8,30).

Beste delitu-tipologiatan aldeak daude zifren artean, kasuan-kasuan. Familia-eremuko tratu txarrek, adibidez, bere horretan jarraitzen dute eta iazko zifra berean gelditu dira: 1.657; ordena publikoaren aurkako delituek ere behera egin dute, 592etik, 525ra (–% 11,30); lesio delituek gora egin dute, izan ere, 740tik, 797ra igaro dira (+% 7,27) eta, bukatzeko, sexu-askatasunaren aurkako delituen artean larrienak (sexu-erasoak) 78tik 64ra murriztu dira (–% 18); alabaina, gora egin dute oro har, 2014ko lehen seihilekoan 170 izatetik, 2015ko lehen sei hilabeteetan 178 izatera pasa dira eta.

Erruztapen penalek gora egin dute

Erruztapen penalei dagokienez (atxilotuak edo inputatuak), Ertzaintzak 11.445 lagun utzi ditu epailearen esku lehen seihilekoan; iaz, aldiz, 11.376.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko