Hegaluzearen arrantzaldia indarrez hasi da Euskadin
Ia 632.500 kilo arrantzatu dira eta jarduera handiko astea aurreikusten da, hegaluzea gero eta hurbilago baitago gure kostaldetik
- Arantxa Tapia sailburua Bermeoko portuan egon da hegaluzearen deskarga lanak ikusten, eta bertan sektoreak egindako esfortzua aitortu du
- Arrantzaldi honen berritasuna sektorearen eskutik dator; izan ere, sektorea bera ari da hegaluzea Eusko Label gisa identifikatzen, kalitate eta jatorri irizpideei jarraituta.
- Eusko Jaurlaritza, HAZIren bitartez, hainbat jarduera garatzen ari da arrandegietan Eusko Label hegaluzea bultzatzeko eta beste hainbat promozio jarduera ere bai.
Gaur goizean Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia Bermeoko portu bizkaitarrean egon da, Nekazarita, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozekin eta Arrantza zuzendari Leandro Azkuerekin batera, hegaluzearen deskarga ikusten, arrantza sektoreari laguntzen diotela erakusteko.
Hamar egun dira euskal flota lanean ari dela, eta jada 632.500 kilo arrain deskargatu dute, eta, hegaluzearen salmenta prezioari dagokionez, berriz, 3,96 euroko batez besteko prez¡oa lortu da. Esan daiteke, beraz, harrapatutako hegaluze kiloak eta kiloko prezioa aurreko urtekoak baino hobeak direla.
Sailburuak azaldu duenez, ”artisautzako arrantzaldi honek eskatzen duen esfortzuari gehitu behar zaio beste herrialde batzuetatik datorren eskaintzaren igoera.Euskal arrantzaleak behin eta berriz salatzen ari dira kanpotik arrain asko sartzen ari dela eta batzuetan hemengoa balitz moduan saltzen ari dela, prezio baxuan, eta horrek Euskadiko arrantza sektoreari kalte egiten diola".
“Egoera horren aurrean eta Euskadiko arrantzaleen lana defendatzeko asmoarekin, beharrezkoa ikusten da hegaluzea merkatuan modu bereizian agertzea.Zentzu horretan, azken urteetako ildoari eutsi nahi diogu indarrez, eta Eusko Label bereizgarriarekin ahalik eta pieza gehien identifikatu.Horrela, arrandegietara doazen kontsumitzaileek ziurtasun osoz jakin ahal izango dute erosten ari diren hegaluzea gure arrantzaleek harrapatutakoa dela, hau da, Euskadiko hegaluzea dela eta kalitatekoa”, gehitu du Tapia sailburuak.
Arrantzaleak, hegaluzeak Eusko Label bereizgarriz etiketatzen
Zentzu honetan, aurten, identifikatutako hegaluze portzentaia handiagoa izan dadin, berritasun bat sartu da: Sektoreak berak (arrantzaleak) hartu du bere gain arraina identifikatzeko lana. Horrenbestez, espero da gure arrantzaleek harrapatutako kalitateko arrain guztiak Eusko Label berme markaz identifikatuta merkaturatuko direla.
Sailburuak, mezu hori azpimarratzeko, esan du “orain hegaluzearen garaia da, eta Eusko Labela duen hegaluzea kontsumitzeko eskatu nahi nuke, gure arrantza artisautzakoa ez ezik iraunkorra izaten lagundu ahal izateko“.
Eusko Jaurlaritza, HAZIren bitartez, hainbat promozio jarduera egiten ari da produktua ezagutarazteko eta hegaluzearen ospea eta salmentak handitzeko, esaterako, Euskadiko arrandegietan promozio jarduerak, ACT ligako estropadak egiten diren portuetan hegaluzea parrillan probatzeko dastaketak, eta establezimenduetan eta ekitaldietan hegaluzea sustatzeko ekintzak.
Eusko Labela, pieza bakoitzaren jatorria eta kalitatea egiaztatzeko
Eusko Labela duen Hegaluzea kalitate handiko arraina da, Euskadiko arrantzontziek banan-banan eta sarerik gabe harrapatutakoa, hau da, arrantza sistema tradizionalez harrapatutakoa: kanabera (beita bizia) eta xaxian edo kazan. Metodo horiek, arrainaren kalitatea hobetzeaz gain, arrantza tokien iraunkorasuna eta itsasoko baliabideen zaintza bermatzen dute.
Arraina bereizteko, isatsean hautsi ezin den segurtasuneko zigilu zuri bat jartzen zaie Eusko Label sinboloarekin eta beste datu batzuekin, esaterako, berari bakarri dagokion kontrol zenbaki batekin.
Kontrol zenbakiaren bitartez eta webgunean begiratuta, gainera, datu hauek ere ezagutu ditzakezu: arrantzontziaren izena, espeziea, zer portutan deskargatu den, kofradia, noiz deskargatu den, eta non eta zer modalitatetan harrapatu den.
Eusko Labela duen Hegaluzeak honako ezaugarri hauek eduki behar ditu:
- Espeziea: “Hegaluzea (Thunnus alalunga)
- Arrantzontziak: EAEko ontziek harrapatutakoa, artisautzako arrantza metodoekin: Beita bizia eta xaxian edo kazan.
- Hautaketa zorrotza: Tamaina eta freskotasunari begiratuta, bakarrik piezari hoberenak aukeratu eta identifikatzen dira.
- Gutxienezko neurri bat izan behar dute: "Hegaluzea" 4 Kg-tik gora, eta
- Freskotasun kategoria adierazita eduki behar dute: "Apartekoa" eta "A".
- Portuak: EAEko baimendutako arrantza portuetan jasotzen dira (Hondarribia, Getaria, Bermeo, Ondarroa, Pasaia eta Donostia).
Eusko Labela duen Hegaluzeak bere Erregelamendu Tekniko espezifikoan ezartzen diren baldintzak betetzen ditu. HAZIk eta bere Kontrol Organoak baldintza horiek betetzen direla ikuskatzen dute.