Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Josu Erkorekak Justizia Leheneratzailearen alde egin du, gatazkak ebazteko eta eragindako kaltea konpontzeko formula gizatiarrena baita

2015.eko uztailak 23
  • Bitartekaritzari esker, biktima eta biktimarioa aktiboki inplikatu eta parte hartu dezakete gatazka ebazten; hartara, batetik, biktimari eragindako kalteak konpontzea eta arintzea lortzen da eta, bestetik, biktimarioak kontzientzia hartzea eta etorkizunean berriro halakorik ez egitea
  • Oso formula erabilgarria eta eraginkorra da baliabide publikoen erabilera arrazionalizatzeko, prozesu judizial oso batek dakarrena baino diru-kostu txikiagoa baitakar
  • Euskadi aitzindaria eta liderra da estatu-mailan: izan ere, Estatu guztian erakunde judizialek bitartekaritza bidez ebazteko bideratzen dituzten auzien % 60 Euskadin bideratzen dira

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak EHUren ”Justizia Leheneratzailea: bitartekaritza arlo penalean” Udako Ikastaroa inauguratu du gaur goizean. Bi eguneko ikastaroa da eta Donostiako Miramar Jauregian ari dira egiten.

Harekin batera, Ana Agirre sailburuordea eta Manuel Valín Justiziako zuzendaria izan dira inaugurazioan. Ikastaroaren helburua da bitartekaritzari buruzko gogoeta egitea, ordezko formula edo formula osagarri gisa; sistema judizialean gero eta gehiago erabiltzen ari da, eta orain arte ezagutu diren ereduak aldarazten.

Hitzaldian, Josu Erkorekak adierazi du justizia ikusteko modurik «bidezkoena eta errukitsuena dela» justizia leheneratzailea. Zigor-eredu hutsak kalte-eragileak isolatzen, banantzen eta zigortzen ditu; hartaz bestela, biktima eta biktimarioa gatazka konpontzen aktiboki inplikatzearen alde egiten du justizia leheneratzaileak eta auzitegi barruko bitartekaritzak. Helburua da eragindako kaltea guztiz konpontzea, leheneratzea eta biktima lasaitzea; halaber, biktimarioak gertatutakoaren kontzientzia hartzea, gizarteratzea eta etorkizunean berriro ez egitea.

Auzitegi-barruko bitartekaritza oso formula erabilgarria eta eraginkorra da baliabide publikoen erabilera arrazionalizatzeko, prozesu judizial oso batek dakarrena baino diru-kostu txikiagoa baitakar. Gainera, oso tresna baliagarria da bai justizia-administrazioaren lan-zama, bai administrazioa bera arintzeko, horrela, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu publikoaren kalitatea hobetuz.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak esan du Euskadi liderra dela bitartekaritzaren eta justizia leheneratzailearen arloan: Estatu osoko eragile juridikoek bitartekaritzara bideratzen dituzten kasuen % 60 Euskadin erregistratzen dira.

EUSKADIKO BITARTEKARITZA PENALA 2014AN 

2007tik, Eusko Jaurlaritzak bitartekaritzaren hautabidea eskaintzen du adin nagusikoen eta adingabeen zigor-arloan.

Helduen zigor-arloko bitartekaritzari dagokionez, nabarmentzekoak dira lortutako akordioen portzentaje handia eta zerbitzuaren bizkortasuna:

  • 2014an 889 kasu itxi ziren bitartekaritza-formularen bidez, eta horien % 78an alderdien arteko adostasuna erdietsi zen.
  • Bitartekaritzako prozesu gehienek (% 80,8) bi hilabete baino gutxiago behar dituzte ixteko. Bitartekaritza luzatzen denean, pertsonak aurkitzeko zailtasunagatik edo bizilekua atzerrian dutelako izaten da.
  • Akordiorik ez dagoen kasu horietan (% 22), arrazoi nagusia alderdiak hasierako jarreretatik ez mugitzea da, eta ondoren, esku hartzen duten pertsona batzuek bitartekaritza utzi nahi izatea.
  • Helduen arteko bitartekaritza-prozesuetan esku hartzen duten gehienek aldez aurretiko harremana dute elkarrekin (bikotekide ohiak, bizilagunak, senideak, ezagunak, bizilagunak edo adiskideak dira edota kontratu- edo lan-harremana dute). Gauean edo egutegiko jai adierazgarrietan izandako borroken ondoriozko lesio-delituengatik dira aldez aurretik harremanik ez duten pertsonen arteko bitartekaritzako gaien kopuru txikia.

Bitartekaritza judizialaren kasuan, arrakastarik handiena izaten duen arloa adingabeena da:

  • Bitartekaritzaren bidez 263 kasu itxi ziren 2014an, eta horien % 84an prozesu judiziala saihestu zuen akordioa lortu zen.
  • Bitartekaritza gehienak, % 77,9, mutilekin izan ziren. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)