Berriak Lehendakaritza
Eu

Bozeramailearen prentsaurrekoa Gobernu Bileraren ostean

2010.eko uztailak 20

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean, Gobernu Bileran hartutako erabakietako batzuk azaltzeko.

Goi-mailako kirola

Gobernu Kontseiluak, Kultura sailburuak proposatuta, goi mailako kirolari buruzko dekretua onartu du, hain zuzen ere Euskadiko Kirolari buruzko 14/1998 Legearen atal batzuk garatu ahal izateko. Dekretuaren bidez, Euskadin goi mailako kirolariak zein diren identifikatzen da, eta beraz, zein eskubide eta nolako laguntzak jaso ahal izango dituzten zehazten; era barean, laguntza eman eta babesten dituen gizartearekiko nolako betebehar eta konpromisoak dituzten ere adierazten da. Esandakoaz gainera, dekretuak goi mailako kirol-zentroak izatea bultzatu nahi du, horietan kirolariek kopuruan eta kalitatean egokia izango den entrenamendua egin dezaten; gainera, kirola goi mailan praktikatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak sortzearen alde ere egin nahi du, eta baita goi mailako kirol-lehiaketa eta ikuskizunen alde ere; lehiaketa horietan Euskadiko kirolariek parte hartzea bultzatuko du.

Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak

Osasun eta Kontsumoko sailburuak eta Kulturako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaurko bileran, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko Dekretuaren aldaketa onartu du gaur, dekretu horretan jasotako hizkuntza-betebeharrak betetzeko epeak urtebetez atzeratzeko.

Egia da pausuak ematen jarraitu behar dugula euskararen erabileran gizartearen arlo guztietan benetako normalizazioa lortzeko, eta beharrezkoa da botere publikoek hori bultzatzea; dena dela, gaur egun ez dago baldintza egokirik zehapen-araubide bat aplikatu ahal izateko 123/2008 Dekretuaren aplikazio-eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren gaur eguneko egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta. Hori dela eta, aldaketa honen bidez, dekretuan ezarritako betebeharrak betetzeko epea urtebete luzatuko da. Horrela, enpresek beste hamabi hilabeteko epea izango dute dekretuan jasotako eskakizunetara egokitzeko.

Fernando Buesa Arenaren Lanak


Jaurlaritzaren Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizeko Udalaren arteko lankidetza zehazten duen hitzarmena onartu du. Hitzarmenaren helburua da, Fernando Buesa Arena handitzeko eta esparrua ekipatzeko proiektua dela eta, lan hori elkarrekin finantzatzea eta bakoitzak bere eskumenen barruan zenbait ekintza egitea, Arabako Foru Aldundiak egin eta onartutako proiektuarekin bat etorriz. Eusko Jaurlaritzak proiektuaren kostuaren %50 jarriko du (handitzeko lanak, esparruaren ekipamendua eta finantziaziorako beharrezkoak diren kreditu-eragiketen gastuak); 16.700.000 euro gehienez ere.

Bestalde, bozeramaileak iragarri du gaur arratsaldean bilduko dela Zientziaren, Teknologiaren, eta Berrikuntzaren Euskal Bilera. Azpimarratu duenez, hau izango da Jaurlaritza aldatu zenetik izango den lehen bilera eta Lehendakaria izango du buru.

BOEen lurzoruen salmenta

Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak ere prentsaurrekoan hitz egin du. Azaldu duenez, Gobernu Bilerak babes ofizialeko etxeak eraikita dauden lurren salmenta baimendu du.

Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman du azalera-eskubidean eraikita dauden eta behin-behineko kalifikazioa 2003ko urtarrilaren 1a baino lehen jaso zuten babes ofizialeko hainbat etxebizitzak okupatzen duten lurzorua saltzeko. Onartutako neurri horri esker, azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen titularrek jabetza osoa eskuratu ahal izango dituzte, eta ez dituzte 75 urtera galduko, betiere etxebizitzen kalifikazio iraunkorra ere eskatzen badute.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2010-07-20)

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-07-20n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia