Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

3,5 milioi euro ekintzailetza sustatzeko. (2015-07-21(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko uztailak 21

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ángel Toñak, Gobernuari jakinarazi dionez, gutxi barru EHAAn argitaratuko dira Lanbidek, enplegua sustatzeko, kudeatzen dituen laguntza-ildoen deialdiak: orotara, 5.392.000 euro bideratu dira laguntzotara.

Lehendabiziko laguntza-sorta ekintzaileei bideratuko zaie, eta hiru laguntza-lerro bereizi ditu. Laguntzak 3,5 milioi eurokoak izango dira, guztira:

1. Enpresa-ideia bat garatzeko laguntzak

Ekintzaileentzat diru-laguntzak aurreikusi dira deialdian, modu esklusiboan aritu daitezen enpresa-ideia bat sortzen, aztertzen eta egituratzen, ondoren bideragarritasun-plan batean zehazten bada, betiere.

2. Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak

Bada beste laguntza-ildo bat ere, ekintzaileentzako toki-proiektuen barruan enpresa-proiektu berriak abiaraztea sustatzeko.

Laguntza horiek enpresa-jarduera berriak sortzen dituztenek jaso ahal izango dituzte. Laguntza mota horiek jasotzeko, Lanbiden lan-eskatzaile gisa izena emanda egoteaz gain, enpresa edota negozioa irekitzeko bideragarritasun-plan bat eduki beharko du interesdunak. Plan hori, dagokion erakunde kolaboratzaileak baliozkotu beharko du, laguntza-fasean.

Enpresa-proiektu berriak ezartzeko sustatzaileen tutoretza eta laguntza, udalerriek, udalerrien elkarteek, mankomunitateek, koadrilek edota haiei lotutako zein haien mendeko erakundeek gauzatu beharko dute.

3. Enpresa-jarduera bat sendotzeko laguntzak

Hirugarren laguntza-lerro bat ere onartu dute, hain justu, enpresaren eguneroko jardunaren kudeaketan ekintzaileei aholkularitza- eta laguntza-gastuekin laguntzeko. Era berean, Gizarte Segurantzaren langile autonomoen araubide berezian kotizatzeko gastuekin laguntzeko ere balioko du lerro honek.

Ekintzaileei laguntzeko diru-laguntzen deialdiari dagokienez, Gobernu Kontseiluak Lanbideren eta toki-erakundeen eta haiei lotutako eta haien mendeko erakundeen arteko hitzarmena sinatzea onartu du, negozio-ideiak aztertzeko eta garatzeko eta enpresaritza-jarduera berriak abian jartzeko.

Enpresa-ideia bat garatzeko edota toki-erakunde laguntzaileek enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzen kasuan (1 eta 2 puntuak), diruz lagunduko dira, halaber, ekintzaile onuradunak hautatzeko eta haiei laguntzeko nahiz tutoretza emateko jarduerak.

Beste laguntza-sorta batek Enplegu Zentroen Zerbitzuak garatzea babesten du. Laguntzak 1.892.000 eurokoak izango dira.

Orientazio-zerbitzuek (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren barruan 2011tik) informazioa, laguntza, motibazioa eta aholkularitza emateko ekintzak egiten dituzte, eta pertsona bakoitzaren egoera profesionala hartzen dute kontuan ikasteko, enplegua bilatzeko edota enpresa-ekimenak gauzatzeko ibilbidea kudeatzeko orduan.

Interesa duten pertsonek kontsultatzeko tresnak dituzte eskura Enplegu Zentroaren bulegoetan enplegua bilatzeko prozesuan erabil ditzaten, baita orientatzaileen laguntza ere.

Programa honetako laguntzek zerbitzu hori emateko orduan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean aritzen diren erakundeak hautatzeko prozedura bat egiteko balio dute, baita finantzatzeko ere.

Enplegu-zentroek taldeko ekintzak egin behar dituzte hamabost egunean behin -gutxienez lau pertsonarekin eta 3 ordukoak- norberak erabiltzeko eta enplegua bilatzeko tresnak ezagutarazteko.

Enplegu-zentroek ibilbide luzea dute Euskadin. Eusko Jaurlaritzak duela hamar urte ezarri zituen, enplegu-politika aktiboen eskumena autonomia-erkidegoari eman aurretik.

Gaur egun dauden 42 zentroek 30.000 lagun baino gehiago hartzen dituzte urtean; horietatik, hiru zentrok mugitzeko eta/edo komunikatzeko zailtasuna duten pertsonen irisgarritasuna bermatzen dute, gainera.

Era berean, ekintzaileei babesa emateko diru-laguntzen deialdiaren arloan, Lanbideren eta hala toki-erakundeen nola haiei lotutako eta haien mendeko erakundeen arteko hitzarmena sinatzea onartu du Gobernu Kontseiluak, negozio-ideiak aztertzeko eta garatzeko eta enpresaritza-jarduera berriak abian jartzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau