Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Mendi Garaiak Kontserbatzeko Eremu Berezi (KEB) gisa izendatu ditu

2015.eko uztailak 21
  • KEBaren % 95 inguru Onura Publikoko Mendia da, eta 38 mendi katalogatu dira barruan

 

Gobernu Kontseiluak Kontserbatzeko Eremu Berezi (KEB) gisa izendatu ditu Gasteizko Mendi Garaiak, Arabako Lurralde Historikoan. Natura-guneak babesteko Europako figura bat da, hain zuzen, KEB izendapena; behin Europako Batzordeak onartzen duenean, Mendi Garaietarako aurreikusitako mugapena hedatuko da.

 

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldu duenez, «ekimenaren helburua hau da: Europako zuzentarauan ezarritako Batasunaren intereseko habitat naturalen eta fauna eta flora basa-espezieen zaintza eta lehengoratzea bermatzea KEBetan, kontserbazio-egoera mesedegarri batean.  Halaber, basa-hegaztien eta erregulartasunez heltzen diren hegazti migratzaileen biziraupena eta ugalketa ziurtatuta dago eremuak barne hartutako azaleran, Europako biodibertsitatearen mesedetan».

 

Gasteizko Mendi Garaiek (ES2110015 Europako erkidegoko erreferentzia) Arabako Lautadak hegoaldetik mugatzen duen mendikatearen ekialdeko zatia eratzen dute; Arabako Mendialdearekin eta Trebiñuko konderriarekin ere egiten dute muga. Iparraldean, Monasteriogureneko basoarekin, Ullibarri de los Olleros-Uribarri Nagusiarekin, Abesturirekin eta Andollurekin du muga. Mendikatea mendebaldetik ekialdera hedatzen da: Gasteizko Portuko basoetaraino, Okinako porturaino eta Gasteizko Uragona errekaraino. Gasteizko Mendi Garaien mendebaldeak, aldiz, Gasteizko basoen lerroari jarraitzen dio. KEBaren barnean ez dago jendea bizi den nukleorik; hala ere, bada horrelako nukleorik: Ullibarri de los Olleros-Uribarri Nagusia, Monasterioguren, Andollu, Aberasturi, Trokoniz eta Uribarrigutxi baserria.

 

Gasteizko Mendi Garaietako Kontserbatzeko Eremu Bereziak 2.228 ha-ko azalera du, eta 2.837 ha-ko azalera duen Gune Periferiko Babestu bat ezarri da.

 

Gasteizko Mendi Garaietako KEBa Trantsizioko Arabako Mendialde eta Haranetako erdialdean dago. Lotura ekologiko ona du mendebaldeko eremuekin, Tuio,Turiso eta Badaiako mendikateetako pagadi, erkamezti eta garriga-basoen bitartez. Are hobea da Entziaraino hedatzen eta harekin unitate funtzionala osatzen duen pagadi-continuumak eratutako lotura, bai eta Natura 2000 Sareko Izki (KEB ETA HBEB) eremu osagarriarekin duena, Iturrietako mendikateko pagadi basofiloen bitartez. Bi eremu horien artean, Ihuda ibaia/ibarra igarotzen da (ES2110012); gutxi gizatiartutako ingurune bat da eta hiru guneon arteko lotura ekologiko funtzionalari eusteko aukera ematen du.

 

Iparraldean, handik hurbil, Arabako Lautadako Harizti-Uharteen KEBeko zenbait harizti daude; esaterako, Argandoñakoak eta, bereziki, Añuako hariztia. Horiekiko lotura hobe daiteke, hariztion inguruko nekazaritza-matrizea lehengoratzen bada. Harizti uharteon bitartez, Salburuako Mendi Garaiekin lotura hobe liteke, Errekaberri eta Zerioko errekastoen bidez.

 

Gasteizko Mendiak Lotura Ekologiko Handiaren ardatzean daude: hain zuzen, Kantauriar mendilerroak – Pirinioak – Erdialdeko Mendigunea – Mendebaldeko Alpeak eratzen dute, eta gaur egun ari dira horren plan estrategikoa idazten. Ekimenak eskualdez gaindiko ikuspegia du; Arabako Foru Aldundia 2006ko urrian atxiki zen, diputatuen kontseiluarekin erabaki bidez.

 

KEBaren % 95 inguru Onura Publikoko Mendia da. Onura publikoko mendi gisa katalogatutako 38 mendi sartzen dira, erabat edo partzialki, eremu horretan.

 

HABITATAK

KEBaren azaleraren % 78tik gora Batasunaren intereseko bederatzi habitatek hartzen dute: nabarmentzekoak dira pagadi azidofilo atlantikoak, gorosti- eta hagin-oihanpeekin, hariztiak, erkameztiak eta ameztiak. KEBaren tontorrean, abeltzaintzako erabilera dela-eta, ordezkatze-etapetako bazkalekuak daude.

 

KEBaren zati handiena bertako baso hostoerorkorrek hartzen dute. Baso-azalerak 1.673 ha bat hartzen ditu; hau da, KEBaren % 75, gutxi gorabehera.

 

 

FLORA

Mendi horietan EEE Zuzentarauan sartutako bi espezie daude: Narcissus asturiensis eta Narcissus pseudonarcisus. Horiez gainera, Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan sartutako hainbat espezie ere, aspaldiko aipamenekin zenbait, eta gaur egun aurkitu ezin izan direnak: esaterako, Arnica montana, Genista micrantha, Senecio doronicum, Ophioglossum vulgatum, Carlina acaulis,  Scorzonera aristata eta Paris quadrifolia.

 

Ilex aquifolium eta Taxus baccata espezimen ugari ere topatu dira, mendiotako basoetan barreiaturik. Aipagarria da Pagogan mendiko ingurunea: gailurreko txilardien artean, haginak eremu txikiak kolonizatu ditu, oso dentsoki; hori ez ezik, aipatzekoa da tamaina handiko haginak daudela Pagoganerako bidean eta Zurbao mendian eta, azken gune horretan, tamaina ederreko gorosti ugari dago ere. Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan ageri dira bi espezieok, interes bereziko kategorian.

 

FAUNA

KEBaren baso-baldintzak ur-lehortarrentzat dira egokiak. KEBeko ur-lehortarren zerrendan, interes handiko espezieak ageri dira: gailurretako uhandrea, uhandre marmolairea, txantxiku arrunta, zuhaitz-igel arrunta eta baso-igel jauzkaria. Txantxiku arrunta ugaria da, gailurretako uhandrea eta zuhaitz-igel arrunta ohikoak; besteak, ordea, urriak, baita baso-igel jauzkaria ere.

 

KEBean hamabi narrasti-espezie ageri dira: horietatik, apoarmatu korrontezala, musker berdea, horma-sugandila eta iparraldeko suge leuna Habitats Zuzentarauan sartuta daude.

 

Nabarmengarriak dira, orobat, basoko eta baso-ertzeko hegaztien espezieak; besteak beste, zapelatz liztorjalea, arrano sugezalea, miru beltza eta gorriak, arrano txikia, aztore arrunta, gabirai arrunta, belatz europarra, zata europarra, urubi arrunta, hontz ertaina, lepitzuli eurasiarra, katatxoria, okil beltza ertaina eta txikia, garrapoa eta gerri-txoria.

 

KEBean, urubi arrunten lurralde ugari daude, baina baita hontz zurienak eta ertainenak ere. KEBa migrazio-gune bat da, eta bereziki nabaria da eztei ondorengoa.

 

Berrogei ugaztun-espezie erregistratu dira KEBean: horien artean, ur-saguzarrak, Schreibers saguzarra, Kuhl pipistreloa, baratze-saguzarra, gau-saguzarra eta muxar grisa. Noizbait ur-ipurtatsak antzeman dira, ibai gutxi diren tokietan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)