Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Visesa hasia da Boluetako (Bilbo) etxebizitza babestu pasiboz osaturiko gune sozial eta jasangarria eraikitzen

2015.eko uztailak 20

 

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña eta Bilboko alkate Juan María Aburto han zirela, Eusko Jaurlaritzako sozietate publiko Visesak gaur eman dio hasiera Boluetan babes ofizialeko 108 etxebizitzen eta 63 etxebizitza sozialen eraikuntzari. Etorkizunean, eremu horretan 190 etxebizitza tasatu eraikitzea aurreikusita dago. Guztira, gorakako 361 etxebizitza babestu eraikiko dira Bilboko auzo horretan.

 Boluetako gune berria bi konpromisoren arabera egikarituko da: soziala, etxebizitza babestuak sustatuta, eta ingurumenekoa, eraikinek energia-kontsumo ia nulua izango dutelako. Boluetan gorakako 361 etxebizitza babestu eraikitzeko proiektua Passivhaus estandarraren araberako betekizun energetikoak betez diseinatu da. Hala, etxebizitza horiek erreferentzia teknologiko bihurtuko dira eraikuntzaren sektorean. Lanak hasi berri diren eraikina, Estatuko lehen gorakako eraikin pasiboa izango da. Gainera, behin amaituta, mota horretako munduko garaiena izango da.

 Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña eta Bilboko alkate Juan María Aburto, Etxebizitzako sailburuorde Covadonga Solaguren eta Visesako zuzendari nagusi Marcos Muro lagun, Boluetako etxebizitza berrien eraikuntza-lanak bisitatzen izan dira gaur goizean. Hala, hasiera eman zaio Bolueta auzoan gorakako etxebizitza babestu eta pasiboak eraikitzeko asmo handiko proiektuari.

 Ángel Toña sailburuak ekitaldira bertaratutako komunikabideei adierazi dienez, «hasi dira 108 BOE eta alokairu erregimeneko 63 etxebizitza sozial eraikitzeko lanak; alegia, 171 familiak etxea izango du. Ez da hori helburu bakarra ordea; eremua birgaitu nahi da erabiltzen ez diren garai bateko industria-lurzoruak baliatuta».

 Izan ere, Bilboko "Boluetako" 421 Banaketa Eremurako proiektua Bilbo Metropolitarraren eremuan erabiltzen ez diren industria-lurzoruak berreskuratu beharraren ondorioz jaio zen, gizartearen mesederako. Helburua ez da ingurune degradatua dena lehengoratzea bakarrik, esku-hartzeari beste zentzu bat ere eman nahi baitzaio. Gaur egungo degradazio-egoera lehengoratzeko aukera gisa hartzen da proiektua, eta eremua guztiz birsortzea planteatu da horretarako.

 Boluetako auzo berria hertsiki loturik dago ibaiarekin, ingurune naturala eremu hauetan berreskuratzeko helburuarekin: arkitektonikoa, mikrourbanoa eta sektoriala. Hala, pasealeku bat eraikiko da ibaiertzean, Bilbo erdian naturaz gozatzeko aukera emango duen ingurunea eratuz. Berdegune zabal bat egitea ere aurreikusi da Nerbioi ibaiaren eta Boluetako metro-geltokiaren artean. Gainera, proiektuaren bidez, herri-administrazioek sustatutako gizarte-etxebizitzak sortuko dira, eta hala, guztira 1.100 etxebizitza proiektatu dira; horietatik 608 babes publikoko araubideren bati lotuta egongo dira.

 Era berean, Boluetako proiektuak oinarritzat hartzen dituen funtsezko alderdiak gailentzen ditu: energia aurreztea, konforta eta material naturalekin eta osasuntsuekin eraikitzea. Horrenbestez, azpimarragarria da eraikitzen hasi berri diren etxebizitza babestuen eraikina, Toña sailburuak gaur goizean azaldu duenez, kontsumo-energia ia nulukoa izango da, Passivhaus estandar zorrotzak ziurtatua. Lorpen handia da, hala etorkizuneko etxe-jabeentzat nola ingurumenarentzako.

 Gaurko ekitaldiarekin eman diote hasiera salmentako 108 babes ofizialeko etxebizitzak eta erregimen alokairuko 63 etxebizitza sozialak eraikitzeko lanei Boluetan (Bilbo). Etxebizitza horietatik 45 Bilboko Udalari emango zaizkio hirigintza-aprobetxamenduaren truke. Sukia eraikuntza-enpresak gauzatuko du Germán Vázquez Arteaga arkitektoak egindako proiektua.

 108 BOEn eraikinak 27 solairu izango ditu, eta hiru logelako etxebizitzak, 73,99 eta 84,82 m2u artekoak, Etxebizitza egokituak, mugikortasun mugatuko pertsonentzakoak, bi logelakoak izango dira. BOEak sukaldea erabat muntatuta entregatuko dira. Etxebizitzak 150.390 eurotik (gehi BEZa) aurrera egongo dira salgai, garajea eta trastelekua barne.

 Inguru horretan bertan, Visesak 190 etxebizitza tasatu eraikitzea aurreikusita du: Bi logelako 78 etxebizitza (mugikortasun mugatuko pertsonentzako 8 etxebizitza egokitu barne) eta hiru logelako 112 etxebizitza eraikiko dira, 58 eta 88 m2u arteko azalerakoak. Etxebizitza babestua eskuratzeko sarbide-betekizunak betetzen dituen edonork erosi ahalko du etxebizitza horietako bat. Horretarako, jarri harremanetan Visesarekin (Bezeroaren Arretarako Bulegoa, Bizkaia, tel: 84 661 26 20). (Jabetza osoko salmenta-erregimena)

 Sustapen horietako etxebizitzen eta merkatuan sustatu ohi direnen arteko desberdintasun esanguratsuena da sustapen honetakoak energia-kontsumo ia nuluko (ECCNN) etxebizitzak direla; alegia, eraikuntzaren helburua eraginkortasun energetiko ahalik eta handiena lortzea da. Horretarako, hobekuntzak baliatuko dira eraikuntzan eta instalazioetan. Hala, erabiltzaileen konforta areagotuko da, aldi berean, energia-eskaria eta berokuntzaren eta ur beroaren instalazioen erabileraren eta mantentze-lanen ondoriozko gastuak nabarmen gutxituz. Energia-eraginkortasun handiaren helburua betetzeko, eraikina hainbat hobekuntza teknikoren arabera diseinatu eta eraikiko da: isolamendu termikoa, zubi termikoen kontrola, airearen estankotasuna, prestazio handiko arotzeriak eta bero-berreskurapenaren bidezko aireztapena. Eskainiko dituen abantailen artean daude honakoak: energia aurreztea, konforta, barneko airearen kalitatea eta akustika hobea.

 Abian jarritako urbanizazio publikoaren faseari dagokionez, ingurumen-arloan, ibaiertza lehengoratzea eta uholdeak ekiditeko ibilgua egokitzea aipatu behar dira. Era berean, inguruneko lurzoru eraldatuak erremediatzen jarraituko da. Bestetik, espazio publikoaren eta garraio-sareen antolaketari dagokionez, Miraflores etorbidea aldatuko da, bere ibilbidea eta metroaren zein trenaren azpiegiturena bat etor daitezen. Azkenik, bidegorria ere egingo da. Urbanizazioaren A fasea gauzatzeko ardura du Amenabar-Exbasa ABEEk; 4.198.301,49 euroko aurrekontua esleitu zitzaion. Urbanizazio-lanen gainerako 3 faseek, B, C eta D, 5.932.446,33 euroko aurrekontua izango dute.

 108 BOEn eta 63 etxebizitza sozialen sustapenak 14.195.453,44 euroko kontratupeko aurrekontua izango du (BEZa gabe). 190 etxebizitza tasatuen lizitazio-aurrekontua 14.559.009,15 eurokoa izango da (BEZa gabe). Gainera, bi sustapen horiek gauzatzeak lan horiei zuzenean loturiko 361 enplegu eta zeharkako 271 enplegu sortzea eragingo du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan María Aburto, Bilboko Alkatea