Berriak Segurtasuna
Eu

Euskal Herriko Poliziaren Legea aldatzeko Legearen aurreproiektua

2015.eko uztailak 20

Jendaurrean jarrita dago, Jaurlaritzako gune elektronikoan argitaratuta

Poliziaren Legearen idazketa berria jendaurrean jarrita dago dagoeneko; barruan hartzen ditu hainbat berritasun, esaterako, polizia jarduerak kontrolatzeko organo bat sortzea, non kanpo eragileek hartuko baitute parte, Europa-mailako polizia-etikako kode bat txertatzea, emakumeak Ertzaintzara sartzea sustatzeko neurriak, eta karrera profesionala garatzeko hobekuntzak.

Dagoeneko jendaurrean jarrita dago Euskal Herriko Poliziaren Legea aldatzeko Legearen Aurreproiektua, Interneten bidez, Jaurlaritzako egoitza elektronikoan eta lanean dabil Segurtasun Saila, testuari azken ukituak ematen. Jendaurrean jarri da, hain zuzen, testua hobetzeko ekarpenak eta iradokizunak jasotzeko, hala segurtasunari lotutako erakundeenak eta poliziarenak nola herritarrenak, oro har.

Hiru helburu nagusitan ardazten dira testuaren idazketa berrian sartutako berritasunak: polizia-eredu berria indartzea, berdintasun-neurriak eta polizia-kidegoetan emakumeak egotea sustatzea, eta Ertzaintzaren karrera profesionala hobetzea.

Lehen helburuaren esparrukoak dira, esaterako, neurri hauek: Poliziaren Etikaren Europako Kodea txertatzea gure ordenamendu juridikoan; polizia-jardunbide egokiak sustatzeko sistema indartzea (sari eta aitormenak), gaur egungo diziplina-sistemaren aldaketak barne (zehapen-araubidea egokitzea, funtzionarioei berme handiagoak eskaintzeko); eta, bereziki, Ertzaintzaren Kontrol Batzordea eratzea, hau da, osaera mistoko erakunde bat (poliziako funtzionarioak eta kanpo-profesionalak), poliziaren ekintzak aztertzeko: zehazki, polizia-jarduera horiek zeinek, zuzenean ala zeharka, norbaiten heriotza edo lesio larriak eragin baitituzte, bai eta herritarren kexak sortu edota herritarren eta Ertzaintzaren arteko beharrezko konfiantza kaltetu dituzten jokabide eta jardunbide polizialak ere, oro har.

Bigarren hobekuntza-ardatza, funtsean, emakumearen aldeko diskriminazio positiboko neurriak abiaraztean datza –betiere, Europako legedi eta jurisprudentziaren parametro eta eskakizunen barruan–, emakumeak Ertzaintzan sartu eta igo daitezen.

Azkenik, hirugarren erreforma-ardatzaren baitan kokatu beharrekoak dira Ertzaintzan karrera profesional horizontala erregulatzeko neurriak: adibidez, funtzionarioak garapen profesionalaren mailan aurrera egin ahal izatea, lanpostuz aldatu beharrik gabe. Zentzu horretan, garapen-mailaren araberakoa litzateke karrera profesionalarengatik jasotako osagarria.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko