Berriak Osasuna
Eu

Instalazioa abian den lehenengo egunetan, ia 500 pertsona artatu dituzte Zumarragako Ospitaleko Kanpo Kontsulta berrietan

2015.eko uztailak 20

Aste honetan jarriko dira martxan pediatriako kontsultak. Aurreikuspenen arabera, 100 haurri eskainiko diete arreta bertan

Uztailaren 13an ireki zituen ateak Zumarragako Ospitaleko kanpo-kontsultetarako eraikinak. Goierri-Urola Garaia ESIko zati da hura eta arreta anbulatorioa eskaintzen die Gipuzkoako eremu horretako biztanleei.

Martxan izan den lehenengo astean honako kontsulta hauek gehitu dira, pixkanaka, Goizalde eraikin berrira: neurologia, neurologiako erizaintza, endokrinologia, endokrinologiako erizaintza eta erreumatologia. Zerbitzu horietan ia 500 paziente artatu dituzte, eta kopuru horri 100 pertsona gehiago batuko zaizkio aste honetan martxan jarriko diren pediatriako kontsultak eranstean. Gainerako espezialitateak pixkanaka joango dira eraikin berrira pasatzen datozen egunetan, lekualdaketa hori egiteko uda aprobetxatuko baita.

Paziente guztiek egiaztatu ahal izan dute arreta espezializatuaren hobekuntza nabarmena, orain arte jasotakoarekin alderatuta. Izan ere, 1,88 milioi euroko inbertsioa behar izan duen azpiegitura berria eraikin handi, funtzional eta modernoa da, eta eraginkortasunez erantzuten die pazienteen eta profesionalen premiei.

Goierri-Urola Garaiko ESIko zuzendari-kudeatzaile Teresa Garmendiaren hitzetan iritzi orokorra, eraikin berriko kontsultetara joan direnpertsonena zein bertan lanean hasi diren profesionalena oso positiboa izaten ari da, eta kontsulta berriek hasiera batean ekarritako aldaketei egokitzeko esfortzu handiak egiten ari diren arren, guztiek adierazi dute instalazio berriarekiko poztasuna, emandako arretaren baldintzak hobetzen baititu, baita hura ematen duten profesionalenak ere.

Kanpo-kontsulteko Goizalde eraikin berrian  (1.493 metro koadroko azalera du, hiru solairutan banatuta), 40.000 hitzordu izango dira urtean, 8:00etatik 20:00etarako ordutegian, dauden 12 espezialitateetan: Oftalmologia, ORL, Endokrinologia, Neurologia, Pediatria,  Erreumatologia,  Anestesi, Kirurgia orokorra, Urologia, Digestio-aparatua,  Dermatologia, Barne-medikuntza. Era berean,  erizaintzako kontsultak eta harrera  bat  ere baditu.

Gainera, kanpo-kontsultek teknologia aurreratua dute, gainerako osasun-erakundeek bezalaxe, Osakidetzak bere esku dagoen teknologia aurreratuena erabiltzearen aldeko apustua egin baitu.

Ildo horretatik, azpimarratzekoak dira urologiako kontsultan jarritako Urodinamia probak, Dermatologiako PUVA edo pazienteak artatzeko TOTEM delakoa, kontsultetarako harreraren kudeaketa berritzaileagoa ekarriko duena.

Urodinamia proba eta azterketa multzo bat da, eta maskuriaren eta uretraren funtzionalitatea ezagutzea da haien helburua, gernu-egitearen eta inkontinentzia nahasmenduen diagnostiko zehatzagoa gauzatzeko eta ahalik eta tratamendu onena eskaintzeko. Ospitalean ezarritako unitate horrek aurrez egiten ziren urologia-azterketak osatuko ditu.

PUVA delakoa Dermatologian erabiltzen den fototerapia-kabina bat da, eta hainbat gaixotasun tratatzeko erabiltzen da; bereziki, biztanleen % 3-4ri eragiten die psoriasia, baina baita bestelako gaixotasun dermatologiko batzuk tratatzeko ere; dermatitis atopikoa, pruritoa, parapsoriasia, bitiligoa, azaleko linfoma eta abar.  Ospitalean instalatu denak A eta B izpi ultramoreekin tratatzeko aukera ematen du; bi alternatiba desberdin dira horiek eta bakoitzak bere aukera terapeutikoak eskaintzen ditu.

Zumarragako ospitaleko kanpo-kontsulta berriak uztailaren 8an inauguratu zituen Iñigo Urkullu lehendakariak. Ekitaldian, lehendakariaz gain, honako hauek izan ziren: Osasuneko sailburu Jon Darpón, Zumarragako alkate Mikel Serrano eta Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria, baita eraikin berrian lan egiten duten profesional guztiak ere.

Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak pertsonekin eta haien ongizatearekin duen konpromisoa nabarmendu zuen; hala, pertsonen zein profesionalen laguntza-baldintzak hobetuko dituen azpiegitura berria konpromiso horren beste adibide bat da. Bestalde, kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko lan egiten jarraituko dutela erantsi zuen. Berez, Osakidetza herritarrek gehien baloratzen duten erakundeetako bat da, eta Euskadi osasunean gehien inbertitzen duen autonomia-erkidegoetako bat: 1568 euro urtean, pertsona bakoitzeko.

2015/07/20

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @djjacomenorato
    2015.eko uztailak 21

    Comentario de Twitter:
    Casi 500 personas atendidas en las nuevas Consultas Externas del Hospital de Zumárraga en los primeros días http://t.co/N0acDJZ3RS

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)