Berriak Lehendakaritza
Eu

Felipe VI. erregeak Enpresa Ibilbideari Espainiako Erresuma Saria banatu du, lehendakariarekin batera

2015.eko uztailak 20
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Freixenet taldeko ohorezko presidenteak, José Ferrer Salak, jaso du saria

Felipe VI. erregeak, lehendakariarekin batera, Enpresa-Ibilbidearentzako Espainiako Erresuma Saria banatu dio Freixenet taldeko ohorezko presidenteari, José Ferrer Salari Enpresarien Zirkuluak, Ekonomia-Zirkuluak eta Euskal Enpresarien Zirkuluak deitutako saria da, enpresa-munduan nabarmendu diren ibilbideak saritzeko; horretarako, enplegua sortzen, berritzen, nazioartekotzen eta gizartearekin elkarlanean nabarmendu diren enpresak hartu dira kontuan.

Deustuko Unibertsitateko paraninfoan egin da banaketa; han, lehendakariak azpimarratu du sariak agerian uzten dituela enpresen eta ekintzaileen gizarte-balioa eta gogoratu du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa ekonomia suspertzeko ekimenak, elkarrizketa eredua eta publiko-pribatuaren arteko ituna «lehenestea» dela. «Ziur naiz bide onetik goazela, bide egokia hartu dugula eta erakundeen egonkortasunak gure hazkundea eta garapena sendotzen dituela» azpimarratu du.

Urkulluk lehen seihilekoko zenbait adierazle positibo gogoratu ditu, Euskadiren hazkundearen isla: gizarte-segurantzan 12.400 afiliatu gehiago daudela, Euskadiko industriak ekonomian duen pisua BPG-aren %24tik gorakoa dela, eta 2014an atzerriko inbertsioa 1.400tik gorakoa izan zela, hau da, Estatuaren guztizkoaren %8. Atzerrian ere eredu horixe aitortu dutela gogoratu du, halaber: Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren Krisiaren Atlasarena, giza-garapen jasangarriko euskal ereduaren berme gisa; Hiri-gaietarako Alemaniako Institutu Federalaren Mapa, zeinak, 2020an Europako lurralde oparo gisa kokatzen baitu Euskadi, pobrezia- eta bazterketa-arriskuan dauden biztanle gutxiagorekin. «Gure mezua positiboa da eta itxaropentsua, badirudielako ziklo-aldaketa sendotzen ari dela, eta oinarri horren gainean enplegu- eta ongizate-mailak pausoz-pauso hobetzen jarraitu dezakegu» nabarmendu du Urkulluk bere mintzaldian.

Hitzaldiaren amaieran, Greziari buruz jardun du Urkulluk. Lehendakariak azpimarratu du Europak «iniziatiba hartu» behar duela eta arazoei aurre hartu, muturreko egoerak saihesteko. «Aurre hartzeko, elkarrizketarako eta adostasunak bilatzeko jarrera hori, Estatu ereduaren aferari aplika dakioke. Konstituzioaren erreforma dugu gaur hizpide, baina ezinbestekoa da gaiari errotik heltzea, elkarrizketa eta negoziaziotik, adostasunetik eta hitzarmenetik» ondorioztatu du lehendakariak.

ENPRESA-IBILBIDEARI SARIA

Saria banatu duen epaimahaiak Marcelino Oreja Aguirre du buru. Epaimahaiaren aktaren arabera, José Ferrer Salari eman zaio saria, «ahaleginean eta lanean jardundako hamarkadetan Espainiako ekonomiaren eta gizartearen garapenari egin dizkion ekarpenak direla-eta: enplegua sortuz; jarduerak nazioartekotuz; ingurunea hobetuz eta herrialdearen ongizatea areagotuz; hori guztiori, interes profesionalak eta kausa sozialak, artistikoak eta kulturalak modu bikainean bateratuz» 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)