Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak ekonomiaren eta gizartearen krisialdiari aurre egitea azpimarratu du Jaurlaritzaren helburu nagusi gisa

2015.eko uztailak 20

Eusko Jaurlaritzak ekonomia eta enplegua suspertzea du oraindik ere helburu. Hala baieztatu du Iñigo Urkullu lehendakariak, COPE irratiari emandako elkarrizketa batean; esan duenez, urgentziazkoa da ekonomiaren eta gizartearen krisialdiari aurre egitea. Urkulluk autogobernuan aurrera egiteko premia azpimarratu du halaber; izan ere, haren ustez, autogobernua handitzeak ongizatea ere handituko du.

Iragan uztailaren 17an PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchézekin egindako lehen bileraren inguruan galdetu diotenean, Konstituzioan babestutako eskubide historikoekiko begirunea eskatu du lehendakariak. Sánchezek Konstituzioa aldatzeko asmoa du-eta, planteamendu horrekin bat etorri aurretik, aldaketaren zergatia jakin nahi du lehendakariak. Gaur egun, Lege Nagusian, aurreikusita dago Euskadiren berezitasuna; berezitasun berori aintzat hartzeari uzteko egiten bada aldaketa, «arazo bat dugu» adierazi du Urkullu lehendakariak.

Elkarrizketan, gaur Nafarroako Legebiltzarrean egingo duten botazioaren inguruan ere aritu dira. Badirudi ezen, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda Ezkerrak lortutako akordioaren ostean, Uxue Barkos inbestituko dutela gaur arratsaldean Nafarroako Foru Presidente gisa. Lehendakariak balioa ekarri dio lau alderdiok elkar ulertzeko erakutsitako gaitasunari, adostutako programa bat garatu dutelako, UPNk inorekin akordioak lortzeko erakutsitako ezintasunaren aldean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)