Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

POZIKTIBITY. 2015eko lehenengo bideoaren aurkezpena

2015.eko uztailak 17

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Julian Iantzik, ETBko aurkezleak, Poziktibity proiektuaren 2015. urteko lehenengo bideoa aurkeztu dute gaur Donostiako Gu tabernan. Aurkezpenean ere Valladolid futbol taldeko entrenatzaile Gaizka Garitanok hartu du parte, nahiz eta ez den bertan egon.

 ‘Poziktibity’ euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua da eta, dagoeneko, urtebete igaro da kontzeptua lehen aldiz zabaldu zenetik. Kontzeptu edo ideia soil bat baino gehiago bizitza ulertzeko eta gozatzeko modu bat da Poziktibity. Urtebete honetan maiz errepikatu da Poziktibity kontzeptu bizia dela. Eta bizirik dagoena moldatu, aldatu, garatu egiten da. Gaurko ekitaldian eboluzio hori nolakoa izan den azaldu da.

 Iaz pertsona ospetsuen laguntza izan zuen proiektuak Poziktibityren energia hori transmititzeko (bideoetan pertsona ezagunak agertzen ziren). Gaur aurkeztu den etapa berrian ere proiektu honek bere ondoan izango ditu Poziktibityren balioak islatzen dituzten pertsona garrantzitsuak (gaurkoan, prentsaurrekoan, Iantzi eta Garitano), baina egunerokotasuneko une soil eta arruntetan oinarrituko da (bideoetako protagonistak pertsona anonimoak izango dira). Aurten, Poziktibity-k ohikotasunarekin zerikusia duten kontzeptuak landuko ditu. Lehenengoa, gaur aurkeztu dena: partekatzea.

 Egunero partekatzen ditugu hizkuntza, bizipenak, algarak, hasperenak... Eta hori egitea bizitzea da, hizkuntza bizitza bera baita. Gauden garaia, uda, partekatzeko une bereziki aproposa da, hondartzan egiten ditugun orduak, lagunekin disfrutatze ditugun jaiak, bazkari ondorengo solasaldiak… partekatzeak bizitzari zentzua, gatza ematen dion kontzeptua da. Aurten azpimarratu nahi da poziktibity-ren ingurua denok osatzen dugula. Horrexegatik mundu guztia izango da protagonista, bizitzaren eguneroko istorio, esperientzia eta bizipenak izango baitira landuko direnak.

 

Webgune berritua

 

Bizipen horien ikusle zein protagonista denok izan gaitezke. Horregatik, hau guztia http://poziktibity.eus webgunean jasoko da. Webgune berrituan, bideoak protagonista izaten jarraitzen du. Bertan jasotzen dira egunero bizi izaten ditugun egoerak, arruntak denak, ohikoak, printzipioz ezer berezirik ez dutenak, baina gure bizitza osatzen dutenak. Eta egoera horietan guztietan entzuten da euskara.

 Bideoa ikusteko aukeraz gain eduki asko ere aurkitu daiteke bertan. Izan ere, orrialdea bisitatuz gero, hainbat iturritatik datorren informazioa aurkituko du erabiltzaileak: Facebook, Twitter, Instagram, Youtube... sare sozial horietatik guztietatik jasoko dugu informazioa: argazkiak, iruzkinak, mezu positiboak... Gainera, beste zenbait berritasun baditu webguneak: alde batetik, bloga egongo da, astez aste testuak, bideoak, argazkiak eta abar jasoko dituena. Bestetik, pertsona ororen bizitzan ezinbestekoa den elementua: musika. Eta azkenik,  egingo diren zozketei buruzko informazioa agertuko da.

 Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak honakoa adierazi du gaur goizean: “Poziktibityk jendeari baikortasuna transmititu nahi dio. Geroz eta pertsona gehiagok proiektuarekin bat egitea nahi dugu, bere helburuarekin identifikatu eta, ondorioz, euskarara hurbiltzeko. Batzuetan zaila izan daiteke egoera batekin identifikatzea, baina gure helburua da eguneroko istorioen bidez erakustea pentsatzen duguna baino egoera gehiagotan egin dezakegula euskaraz”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Julian Iantzi, telebistako aurkezlea