Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

Arantxa Tapia sailburuak Amurrio Ferrocarril y Equipos SA bisitatu du

2015.eko uztailak 17

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak Amurrio Ferrocarril y Equipos SA bisitatu eta bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu Arabako enpresak eskuartean dituen proiektu garrantzitsuak. Sailburuak, Industria Garatzeko zuzendari Alejandro López Cárcamorekin batera, gehienbat trenbide-sarean erabiltzeko desbideratze eta gurutzamenduak ekoizteko prozesu korapilatsua ikusi du. 

Amurrio Ferrocarril eta Equipos SAko presidente Josu de Lapatzak eta enpresako zuzendari nagusi Jon de Lapatzak eskuartean dituzten proiektuak azaldu dizkiote sailburuari; besteak beste, Saudi Arabiako Meka eta Medina lotuko dituen abiadura handiko linearen eraikuntza. Horren ostean, lantegia bisitatu dute.

Amurrio Ferrocarril y Equipos SA trenbide-sektorerako desbideratzeak eta gurutzamenduak diseinatu eta egiten espezializatutako enpresa da, eta erreferentziako tokia du nazioartean. Gaur egun, 148 langile ditu 1880an sortutako enpresa horrek, eta ekoizpenaren % 60 inguru esportatzen du. 2014an 24 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Brasilen eta Indian ere baditu instalazioak.

Tapiak I+Gri esker lortutako dibertsifikazio-gaitasuna baloratu du

Arantxa Tapiak nabarmendu duenez, Amurrio Ferrocarril y Equipos SAk ondo jakin du ekoizpena dibertsifikatzen, krisiaren ondoriozko inguruabar hauetan, non agerikoak baitira zailtasunak, baita ekoizpenean, jarduera tradizionalarekin batera, sektore aurreratuagoek –automozioari lotutako industria osagarriak kasu– eskainitako aukerak baliatzen ere. Egokitzapen hori I+Gren aldeko apustu argia duten enpresek baino ezin izan dute gauzatu eta bere egin. 

Horrez gain, enpleguari eusteko egindako ahalegina ere nabarmendu du, lehiakortasuna lortzeko enpresaren aktibo nagusia langileak direla erakutsi baitute. 

Tapiak Amurrio Ferrocarril y Equipos enpresaren nazioartekotzea azpimarratu du. Horrela, gogora ekarri du aurten Indiara egindako misioa non Maharastra-ko lehen ministroa euskal enpresen presentziaren areagotzearen alde agertu zen, hango herrialdearen eta zerbitzuen garapenari ekarpena egin diezaioten. Aukerak zabaltzen ari dira, gure enpresentzat konplexuak baina gero eta ezagunagoak diren herrialdeetan.

Iruzkin bat
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2015.eko uztailak 18

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Visita de la consejera Arantxa Tapia a la empresa Amurrio Ferrocarril y Equipos http://t.co/Mlnf5fxwEF

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)