Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi teknologia-zentrok erabaki dute Tecnalia Research & Innovation (TRI) korporazioan xurgapen bidez bat egitea

2010.eko uztailak 19

  

Bernabé Unda sailburua izan da Kursaalean egin den eta zortzi lehendakarien presentzia izan duen ekitaldiko buru

Tecnalia Research & Innovation (TRI) korporazioa osatuko duten zortzi teknologia-zentroen lehendakariek gaur aurkeztu dute Donostiako Kursaal Jauregian hurrengo asteetan bat egiteko akordioa. Gaur Labein sozietateko patronatuak erabaki duen bat-egiteko erabaki hori behin betiko sinatzeko urrats bakar bat geratzen da, gainerako zentroek erabaki hori berrestea, hain zuzen.

Hautatutako formula juridikoa xurgapena izan da: zortzi zentroetako batek gainerakoak xurgatuko ditu. Horretarako, honako hau egin behar zen lehenik eta behin: Labein sozietateak (gainerakoak xurgatuko dituen zentroa) izen-aldaketa onestea, Tecnalia Research & Innovation (TRI) izena izatera aldatuz. Gaur goizean hartu du erabaki hori.

Gainerako zazpi zentroetako bakoitzak bere patronatuarekin berretsita zuen bat-egite hori. Alabaina, orain arte erabakitako baldintzetan ñabardura bat sartu du Labeinek, eta testu berria berrestera behartuko ditu horrek beste zazpi zentroak. Gaur Labeineko kideek aho batez onartutako dokumentuan ezartzen denez, Labein-TRI instalazioetan egongo da egoitza 2011ko ekainaren 30era arte; orain arte, berriz, abenduaren 31 zen muga-eguna.

Nolanahi ere, egoitzari buruzko erabakia hartzeko, batzorde bat izendatuko da. Adostasunik lortzen ez bada, 18 hilean behin txandakatuko da egoitza; kasu horretan, 2011ko uztailaren 1etik aurrera Donostian izango du egoitzak helbidea.

Akordioaren baldintza berriak onartzeko prest daudela adierazi dute gaur zortzi zentroek, horien lehendakari guztiak batera agertu baitira Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuarekin batera. Espero da aurtengo uztailaren amaieran gauzatuta egotea TRI-ren bat-egite hori. Eta bat-egite hori gauzatu ondoren, patronatu berri bat eratuko da, Javier Ormazabal haren lehendakari izendatuz.

Eusko Jaurlaritzak bat-egite horrekin ados dagoela adierazi du bere presentziarekin. Izan ere, Bernabé Unda sailburuak lankidetza-hitzarmen bat aurkeztu du; sailburuak berak sinatu du hitzarmen hori, eta lehendakariak (hautatzen denean) hitzarmen hori berrestea baino ez da geratzen. IK4 Aliantzak joan den astean sinatutakoaren oso antzekoa da adierazitako akordioa.

TRI-ri aurkeztutako hitzarmenaren bitartez elkarrekiko lankidetza ezartzen da. Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen barruko erreferentziazko Eragile Teknologikoaren kontsiderazioa ematen dio Tecnalia korporazioari, eta baita lankidetza-esparru egonkor bat ere; horrela, oinarrizko finantzaketa egonkorra lortzen du, Tecnalia Research & Innovation korporazioaren I+G+B finkatuaren % 25era iritsiz. Hitzarmen honen indarraldia Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planak dirauen bitartean iraungo du.

Horretaz gain, Gobernantza Eredu korporatibo bat ezartzen da, eta eredu horrek Teknaliaren izaera pribatuari eutsiko dio, baina, era berean, Administrazio Publikoek antolaketa berriaren diseinuan eta garapenean parte hartu ahal izango dute. Erakundeek Fundazioaren gobernu-organoetan izango duten ordezkaritza % 25 izango da gutxienez, eta Eusko Jaurlaritzak horien gehiengo osoa izango du. Orobat, Tecnalia Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren kontsiderazioaren menpe utziko ditu haren antolaketari buruzko erabaki garrantzitsuenak, hala nola zuzendarien izendapenak edo estatutuen aldaketak.

Horrela, patronatuko 44 kideetako 11 erakunde-ordezkariak izango dira; 11 erakunde-ordezkari horietako 6, Jaurlaritzakoak izango dira, beste 3, berriz, aldundietakoak, beste bat, ostera, unibertsitatekoa, eta beste bat, azkenik, Zientzia eta Berrikuntza Ministeriokoa.

Sailburuak ekitaldian gogorarazi duenez, "Bat-egite guztiak dira zailak. Baina teknologia-korporazio handi bat edukitzeko atarian gaude". Bernabé Unda sailburuak agertu duenez, Euskadin "elkarrekin lankidetzan diharduten eta elkarrekin lehian aritzen diren" bi teknologia-zentro handi egotea nahi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)