
Euskadiko eskualdeak ekonomia susperraldiaren eragina antzematen hasi dira
Krisiaren aurretik okupazio-tasa altuenak zituzten Euskadiko eskualdeek beren posizioa indartu dute 2013 eta 2014 bitartean; hain zuzen, gaur egungo suspertze ekonomikoari bide eman zion aldian.
Lan-Merkatuaren 2014ko Erroldak –jardunari, okupazioari eta langabeziari buruz Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak argitaratutako estatistikak– aditzera ematen duenez, Euskadiko eskualde gehienek krisiaren aurreko okupazio-mailetara gerturatzeko prozesua hasi dute. Produkzio-sistemak 2013 eta 2014 artean izandako susperraldiari esker, EAEko landun-tasak % 0,7 egin zuen gora (2013an, 16 eta 64 urte bitarteko 886.256 landun; 2014an, berriz, 892.284).
Landun kopuruaren hazkundea eskualde gehienetara zabaldu zen denbora horretan; dena dela, krisiaren aurretik ere zuten egongune gailenean finkatu ziren Debagoiena, Tolosa-Goierri eta Donostialdeako eskualdeak, aldi horretan erregistratu zuten hazkundeari esker. Gaur egun, % 67,5tik gorakoa da okupazio-maila hiru eskualdeotan, bai eta Durangaldean ere.
Eusko Jaurlaritzaren estatistikan 10.544 familiak hartu zuten parte; txostenean, Arabako eskualdeen suspertze-prozesu argia nabarmentzen da, bai eta, orobat, Gasteizko okupazio-mailaren gorakada (+% 1,4) ere. Nolanahi ere, portzentaje hori ez da nahikoa eskualde horrek krisialdian izandako okupazio-beherakada orekatzeko. Hala eta guztiz ere, Arabako hiriburuak eta inguruak erdibideko mailan kokatu dira, 16 eta 64 urte bitarteko biztanle landunen proportzioari dagokionez (% 66).
Antzekoa da Aiaraldeko kasua ere. Arabak EAEko okupazio-tasaren hazkunde nabarmenetakoa izan zuen 2013 eta 2014 artean (+% 3,9), baina krisiaren eragina hain izan da handia ezen, 2007an goiko postuetan egotetik (% 71ko okupazio-koefizientea), 2014an Euskadiko okupazio-tasaren mapako zonalde epelera igaro baita (% 64,1). Bizkaia-Kosta eta Debabarrena erdialdeko postuetan dira, halaber (% 64 eta % 67ko okupazio-koefizienteak).
Beste muturrean, okupazio-maila baxuenetan –hau da, % 62,5etik gertu edo behera daudenen artean– Bilbo inguruko hiru eskualdeak ditugu (Bilbo, Ezkerraldea eta Eskuinaldea). Ez zuten horiek pairatu gehien enplegu-krisia 2007 eta 2010 artean, baina, bai Bilbon eta bai Eskuinaldean ere, enplegu-galerak izaten jarraitu zuten; horiek horrela, enplegua hobeto berroneratzen ari diren Euskadiko eskualdeetatik urrundu dira.
Ezkerraldean, ordea, suspertu zen enplegua 2013-2014 aldian (+% 1,0), baina 2013an okupazio-koefizientean izandako beherakada dela-eta –% 60tik beherako bakarra urte hartan– egongune apala du eskualdeak okupazio-adierazleen rankinean (% 61, 2014an).
Testuinguru horretan, eskualdeek izan dituzten portaera desberdinek polarizazioa areagotu dute; horixe da, hain zuzen ere, gaur egun Euskadiko eskualdeen okupazio-maparen ezaugarri nagusienetakoa (Debagoiena eta Bilboren arteko okupazio-mailaren aldea 9,5 punturaino handitu da).
16-64 urte-arteko biztanleen okupazio-koefizientea EAEn. 1997-2014 (%tan) |
|||||
Eskualdea |
2007 |
2009 |
2011 |
2013 |
2014 |
Guztira |
68,1 |
65,2 |
64,1 |
63,7 |
64,8 |
Gasteiz |
69,2 |
65,5 |
64,4 |
64,4 |
66,0 |
Aiaraldea |
71,0 |
65,0 |
67,8 |
61,1 |
64,1 |
Eskuinaldea |
65,9 |
63,3 |
63,5 |
63,0 |
62,6 |
Bilbo |
65,4 |
64,4 |
59,5 |
61,4 |
60,7 |
Ezkerraldea |
65,2 |
63,5 |
61,4 |
59,7 |
61,0 |
Bizkaia-Kosta |
67,1 |
65,2 |
63,6 |
65,3 |
66,3 |
Durangaldea |
69,4 |
63,9 |
65,5 |
67,3 |
68,1 |
Donostialdea |
70,8 |
67,9 |
67,2 |
65,9 |
67,7 |
Tolosa-Goierri |
72,6 |
67,4 |
69,1 |
67,4 |
69,7 |
Debagoiena |
72,2 |
66,7 |
68,9 |
67,0 |
70,3 |
Debabarrena |
68,0 |
62,6 |
65,4 |
66,4 |
66,7 |
Biztanle aktibo gutxiago
LMEk nabarmendu duenez, okupazio-zifratan izandako aldaketak, positiboak zein negatiboak, ez dira elementu bakarrak langabeziaren dinamika zehazten; izan ere, erabakigarriak izan daitezke, halaber, biztanleen eta biztanle aktiboen guztizko zifren bilakaeran daragiten mugimenduak.
Horiek horrela, nahiz eta, 2013 eta 2014 artean, EAEn jarduera-tasa % 75,2etik % 75,9ra igaro zen, kontuan hartu behar da 16 eta 64 urte bitarteko 13.883 pertsona gutxiago daudela, batetik, krisi ekonomikoaren eraginez joan zirelako hainbat, eta, bestetik, behera egin zuelako jaiotze-tasak; hortaz, azken urtean jarduera-tasa, oro har, hazi izanak, ez du eragotzi orain 1.776 biztanle aktibo gutxiago egotea.
Argi ikus daiteke hori Tolosa-Goierrin eta Ezkerraldean; baita Debagoienan ere, neurri apalagoan. Eskualdeotan, prozesu demografikoek okupazio-zifren gaineko eragin positiboa areagotu dute, langabeen kopurua murriztu dutenez.
Donostialdean, 2013 eta 2014ko jarduera-hazkundeak (% 76,3tik % 77,8ra) biztanle-galeraren eragina mugatu zuen, eta biztanle aktiboen kopurua goratu; ez, ordea, okupazio-mailaren zifrak hobetzeko moduan. Dena dela, langabe kopurua murriztu zen Donostialdean.
Bilbon eta Bizkaia-Kostan, bestalde, enpleguaren gelditasuna eta galera orekatu du 16 eta 64 urte arteko biztanleria aktiboa murriztu izanak. Demografikoak eragina izan du langabezia-maila txikiagootan.
Kontrakoa gertatu zen, ordea, Gasteizen eta Aiaraldean. Okupazioak susperraldi nabarmena izan zuen arren, ez zen nahikoa izan jarduera-tasaren hazkundea konpentsatzeko (% 76,4tik % 78,3ra Gasteizen eta % 72,3tik % 77,4ra Aiaraldean). Ondorioz, 2013 eta 2014an, langabeziak gorabidean jarraitu zuen Arabako bi eskualdeotan.
Langabeziaren eragin desberdina
Hainbat dinamika izan dira eta, 2014ko langabezia-tasei dagokienez, ondorio desberdinak izan dituzte. Posizio onenetan, Tolosa-Goierri eta Debagoiena ditugu Gipuzkoan eta Bizkaia-Kosta Bizkaian. Hiru eskualdeotan, langabezia % 10etik beherakoa izatea lortu dute. Erdibidean, Donostialdea eta Durangaldea ditugu, % 13 inguruko zifrekin. Azkenik, Debabarrenan (% 15,4), Gasteizen (% 15,7), Arabako Aiaraldean eta Bilboko hiru eskualdeetan, % 15etik gorakoa da langabezia-tasa.
Udalerriei dagokienez, Gipuzkoan, Irunek, Errenteriak eta Eibarrek %15etik gorako langabezia-tasak dituzte; Araban ere errealitate horren eraginpean daude; hain zuzen, Laudion, Arabako Ibarretan, Gasteizen eta Lautadako gainerakoan. Bizkaian, bestalde, Arratia-Nerbioik, Enkarterrik, Bilbok, Galdakaok, eta Eskuinaldeko eta Ezkerraldeko azpi-eskualdeek dituzte langabezia-tasa altuenak, salbu eta Erandiok eta Basaurik.