Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Euskadiko eskualdeak ekonomia susperraldiaren eragina antzematen hasi dira

2015.eko uztailak 18

Krisiaren aurretik okupazio-tasa altuenak zituzten Euskadiko eskualdeek beren posizioa indartu dute 2013 eta 2014 bitartean; hain zuzen, gaur egungo suspertze ekonomikoari bide eman zion aldian.

 

Lan-Merkatuaren 2014ko Erroldak –jardunari, okupazioari eta langabeziari buruz Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak argitaratutako estatistikak– aditzera ematen duenez, Euskadiko eskualde gehienek krisiaren aurreko okupazio-mailetara gerturatzeko prozesua hasi dute. Produkzio-sistemak 2013 eta 2014 artean izandako susperraldiari esker, EAEko landun-tasak % 0,7 egin zuen gora (2013an, 16 eta 64 urte bitarteko 886.256 landun; 2014an, berriz, 892.284).

 

Landun kopuruaren hazkundea eskualde gehienetara zabaldu zen denbora horretan; dena dela, krisiaren aurretik ere zuten egongune gailenean finkatu ziren Debagoiena, Tolosa-Goierri eta Donostialdeako eskualdeak, aldi horretan erregistratu zuten hazkundeari esker. Gaur egun, % 67,5tik gorakoa da okupazio-maila hiru eskualdeotan, bai eta Durangaldean ere.

 

Eusko Jaurlaritzaren estatistikan 10.544 familiak hartu zuten parte; txostenean, Arabako eskualdeen suspertze-prozesu argia nabarmentzen da, bai eta, orobat, Gasteizko okupazio-mailaren gorakada (+% 1,4) ere. Nolanahi ere, portzentaje hori ez da nahikoa eskualde horrek krisialdian izandako okupazio-beherakada orekatzeko. Hala eta guztiz ere, Arabako hiriburuak eta inguruak erdibideko mailan kokatu dira, 16 eta 64 urte bitarteko biztanle landunen proportzioari dagokionez (% 66).

 

Antzekoa da Aiaraldeko kasua ere. Arabak EAEko okupazio-tasaren hazkunde nabarmenetakoa izan zuen 2013 eta 2014 artean (+% 3,9), baina krisiaren eragina hain izan da handia ezen, 2007an goiko postuetan egotetik (% 71ko okupazio-koefizientea), 2014an Euskadiko okupazio-tasaren mapako zonalde epelera igaro baita (% 64,1). Bizkaia-Kosta eta Debabarrena erdialdeko postuetan dira, halaber (% 64 eta % 67ko okupazio-koefizienteak).

 

Beste muturrean, okupazio-maila baxuenetan –hau da, % 62,5etik gertu edo behera daudenen artean– Bilbo inguruko hiru eskualdeak ditugu (Bilbo, Ezkerraldea eta Eskuinaldea). Ez zuten horiek pairatu gehien enplegu-krisia 2007 eta 2010 artean, baina, bai Bilbon eta bai Eskuinaldean ere, enplegu-galerak izaten jarraitu zuten; horiek horrela, enplegua hobeto berroneratzen ari diren Euskadiko eskualdeetatik urrundu dira.

 

Ezkerraldean, ordea, suspertu zen enplegua 2013-2014 aldian (+% 1,0), baina 2013an okupazio-koefizientean izandako beherakada dela-eta –% 60tik beherako bakarra urte hartan– egongune apala du eskualdeak okupazio-adierazleen rankinean (% 61, 2014an).

 

Testuinguru horretan, eskualdeek izan dituzten portaera desberdinek polarizazioa areagotu dute; horixe da, hain zuzen ere, gaur egun Euskadiko eskualdeen okupazio-maparen ezaugarri nagusienetakoa (Debagoiena eta Bilboren arteko okupazio-mailaren aldea 9,5 punturaino handitu da).

 

16-64 urte-arteko biztanleen okupazio-koefizientea EAEn. 1997-2014 (%tan)

Eskualdea

2007

2009

2011

2013

2014

Guztira

68,1

65,2

64,1

63,7

64,8

Gasteiz

69,2

65,5

64,4

64,4

66,0

Aiaraldea

71,0

65,0

67,8

61,1

64,1

Eskuinaldea

65,9

63,3

63,5

63,0

62,6

Bilbo

65,4

64,4

59,5

61,4

60,7

Ezkerraldea

65,2

63,5

61,4

59,7

61,0

Bizkaia-Kosta

67,1

65,2

63,6

65,3

66,3

Durangaldea

69,4

63,9

65,5

67,3

68,1

Donostialdea

70,8

67,9

67,2

65,9

67,7

Tolosa-Goierri

72,6

67,4

69,1

67,4

69,7

Debagoiena

72,2

66,7

68,9

67,0

70,3

Debabarrena

68,0

62,6

65,4

66,4

66,7

 

 

Biztanle aktibo gutxiago

 

LMEk nabarmendu duenez, okupazio-zifratan izandako aldaketak, positiboak zein negatiboak, ez dira elementu bakarrak langabeziaren dinamika zehazten; izan ere, erabakigarriak izan daitezke, halaber, biztanleen eta biztanle aktiboen guztizko zifren bilakaeran daragiten mugimenduak.

 

Horiek horrela, nahiz eta, 2013 eta 2014 artean, EAEn jarduera-tasa % 75,2etik % 75,9ra igaro zen, kontuan hartu behar da 16 eta 64 urte bitarteko 13.883 pertsona gutxiago daudela, batetik, krisi ekonomikoaren eraginez joan zirelako hainbat, eta, bestetik, behera egin zuelako jaiotze-tasak; hortaz, azken urtean jarduera-tasa, oro har, hazi izanak, ez du eragotzi orain 1.776 biztanle aktibo gutxiago egotea.

 

Argi ikus daiteke hori Tolosa-Goierrin eta Ezkerraldean; baita Debagoienan ere, neurri apalagoan. Eskualdeotan, prozesu demografikoek okupazio-zifren gaineko eragin positiboa areagotu dute, langabeen kopurua murriztu dutenez.

 

Donostialdean, 2013 eta 2014ko jarduera-hazkundeak (% 76,3tik % 77,8ra) biztanle-galeraren eragina mugatu zuen, eta biztanle aktiboen kopurua goratu; ez, ordea, okupazio-mailaren zifrak hobetzeko moduan. Dena dela, langabe kopurua murriztu zen Donostialdean.

 

Bilbon eta Bizkaia-Kostan, bestalde, enpleguaren gelditasuna eta galera orekatu du 16 eta 64 urte arteko biztanleria aktiboa murriztu izanak. Demografikoak eragina izan du langabezia-maila txikiagootan.

 

Kontrakoa gertatu zen, ordea, Gasteizen eta Aiaraldean. Okupazioak susperraldi nabarmena izan zuen arren, ez zen nahikoa izan jarduera-tasaren hazkundea konpentsatzeko (% 76,4tik % 78,3ra Gasteizen eta % 72,3tik % 77,4ra Aiaraldean). Ondorioz, 2013 eta 2014an, langabeziak gorabidean jarraitu zuen Arabako bi eskualdeotan.

 

 

Langabeziaren eragin desberdina

 

Hainbat dinamika izan dira eta, 2014ko langabezia-tasei dagokienez, ondorio desberdinak izan dituzte. Posizio onenetan, Tolosa-Goierri eta Debagoiena ditugu Gipuzkoan eta Bizkaia-Kosta Bizkaian. Hiru eskualdeotan, langabezia % 10etik beherakoa izatea lortu dute. Erdibidean, Donostialdea eta Durangaldea ditugu, % 13 inguruko zifrekin. Azkenik, Debabarrenan (% 15,4), Gasteizen (% 15,7), Arabako Aiaraldean eta Bilboko hiru eskualdeetan, % 15etik gorakoa da langabezia-tasa.

 

Udalerriei dagokienez, Gipuzkoan, Irunek, Errenteriak eta Eibarrek %15etik gorako langabezia-tasak dituzte; Araban ere errealitate horren eraginpean daude; hain zuzen, Laudion, Arabako Ibarretan, Gasteizen eta Lautadako gainerakoan. Bizkaian, bestalde, Arratia-Nerbioik, Enkarterrik, Bilbok, Galdakaok, eta Eskuinaldeko eta Ezkerraldeko azpi-eskualdeek dituzte langabezia-tasa altuenak, salbu eta Erandiok eta Basaurik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)