Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakaria Osakidetzako hainbat profesionalekin bildu da Bilbo-Basurtu ESIan

2015-07-17

Gaur, ostirala, uztailak 17, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak segida eman die Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko profesionalekin batera egiten ari den bisitaldiei, eta hainbat talde sanitariorekin bildu da Basurtuko Unibertsitate Ospitalean, sakon ezagutu nahi izan baitu nolako lana egiten duten profesional hauek eta euren taldeek pertsonen osasuna zaintzeko. Iñigo Urkullu Lehendakariak ondoan izan ditu Jon Darpón Osasun Sailburua, Jon Etxeberria Osakidetzako Zuzendari Nagusia eta Guillermo Viñegra Sailburuordea; eta bi orduz bildu dira Basurtuko Unibertsitate Ospitalean Bilbo-Basurtu ESIko Psikiatriako Zerbitzuko Haur eta Gazteen Unitateko eta Ginekologia Obstetrikoko Zerbitzuko arduradunekin.

Bisitaldiari hasiera emateko, harrera egin zaie Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko ate nagusian, eta, horren ostean, Escuza Pabiloiko Psikiatriako Zerbitzuko Haur eta Gazteen Unitatera joan dira. Bertan, lan-bilera bat egin dute, eta, ondoren, instalazioak bisitatu dituzte. Arduradunek Lehendakariari adierazi diotenez, Unitate horretan Bizkaiko adoleszenteen ingresu psikiatrikoak atenditzen dituzte, baita euren patologia dela-eta Psikiatriako Unitate batean ospitaleratuta egon behar duten umeenak ere. Sarrien tratatzen dituzten patologiak hauek dira: jokabide-trastornoak, psikosia, depresioa, elikadura-jokabidearen trastornoak eta nortasunaren trastornoak. Lehendakariari azaldu diotenez, ingresatutako gazteen batez besteko adina 15 urtekoa da, eta 110-120 gazte inguru atenditzen dituzte urtean. Iñigo Urkullu Lehendakariak lan horren balioa nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie horregatik Osakidetzako profesionalei.

Bestetik, Lehendakaria Ginekologia eta Obstetriziako Zerbitzuko arduradunekin bildu da. Zerbitzu hori duela 44 urte sortu zen, eta aldi horretan 77.000 erditze atenditu ditu. Profesionalek Lehendakariari azaldu diote lan handia egin dela Zerbitzu horretatik arreta hobetu eta gizarte-aldaketei egokitzeko. Gaur egun, amatasunera adin aurreratu batean iristen da. Zehazki, Bilbo-Basurtu ESIko Ginekologiako Zerbitzuan 2014.ean erditu ziren emakumeen %8,5ek 40 urte edo gehiago zituzten. Bestalde, azpimarratu nahi izan dute urte hauetan koordinazio eraginkorra izan dutela elkarren artean lehen mailako arretak eta espezializatuak.

Halaber, lan-bilera bi horien ostean, Lehendakaria Bilbo-Basurtu ESIko beste profesional sanitario batzuekin bildu da, eta hau adierazi du: “Osasun-zerbitzu unibertsala, publikoa eta kalitatezkoa pertsonekin dugun konpromisoaren lehen adierazlea da. Konpromiso eraginkorra da, Euskadi aurrena baita osasun-gastuan, pertsona bakoitzeko 1.568 euro, hain zuzen ere. Gaur egin dugun bisitaldian egiaztatu ahal izan dugunez, inbertsio horri esker arreta profesional hobea eman ahal zaie pertsonei”.

Horrez gain, Lehendakariak era argian aldarrikatu ditu administrazio publikoaren zeregina eta erantzukizuna herritarrentzako zuzeneko arretako zerbitzuetan, batez ere eremu sozio-sanitarioan. Azaldu duenez, Hiri Gaietarako Institutu Federal Alemanaren azterlan baten emaitzek azalera atera dute Europan 2020.ean pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuan izango den populazioaren mapa; eta, aurreikuspenak dio “Euskadi oparotasun-uhartea izan daitekeela, Espainiako Estatuan ez ezik Europa osoan ere. Garapen ekonomikoko eta kohesio sozialeko eremu bat”. Hori aintzat hartuta, Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi du horixe dela Euskadik finkatu behar eta egin nahi duen bidea.  

3 iruzkin
  • Argazkia erabiltzaile
    @gomezmuga
    2015-07-21

    Comentario de Twitter:
    RT @OSIBilbaoBasurt: El lehendakari se ha reunido con profesionales de Osakidetza en la OSI Bilbao Basurto http://t.co/9nhmJxDWGf

  • Argazkia erabiltzaile
    @DocenciaBasurto
    2015-07-21

    Comentario de Twitter:
    RT @OSIBilbaoBasurt: El lehendakari se ha reunido con profesionales de Osakidetza en la OSI Bilbao Basurto http://t.co/9nhmJxDWGf

  • Argazkia erabiltzaile
    @OSIBilbaoBasurt
    2015-07-20

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari se ha reunido con profesionales de Osakidetza en la OSI Bilbao Basurto http://t.co/9nhmJxDWGf

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)