Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzaren jardueraren Balantzea 2015eko Lehen seihilekoa

2015.eko uztailak 16

LEHEN MAILAKO ARRETA

Bertaratu gabeko edo telefono bidezko kontsulten kopuruak gora egin du 2015eko lehenengo seihilekoan. Hala adierazten dute lehen sei hilabete hauetan egindako ia 1.200.000 kontsultek: familia-medikuntzako eta pediatriako kontsulten %20 egin dira telefono bidez.

Iazko denbora-tarte beraren aldean, gora egin dute aurrez-aurreko kontsultek ere (%3,51), sei milioi kontsultetara iritsi arte. Gripearen intzidentziak baldintzatu du igoera hori.

Aipatzekoa da etxeko arretaren gorakada ere: %10 hazi da, ehun mila kontsulta mediko egin direnez etxeetan.

Paziente bakoitzari eskainitako denbora ez da aldatu eta 10 minutu inguruan mantendu da.

ARRETA ESPEZIALIZATUA

Kontsultak

2014ko ekainaren aldean, lehen mailako arretaren eta medikuntza espezializatuaren arteko (sail arteko) kontsultei dagokienean, gorabidean jarraitzen dute, halaber, aurrez aurrekoak ez direnak (% 47), erakutsitako eraginkortasunari eta koordinazioari esker (30.719 sail arteko aurten, 20.869 iaz).

Laguntza-elkarreragin modu horri esker, urteko lehen sei hilabeteetan, behera egin dute aurrez aurreko kontsultek (–% 3,1), eta bere horretan mantendu dira lehen kontsultak eta hurrengoak, 2014ko datuen aldean.

Aurrez aurrekoak ez diren kontsultak

Erabiltzaileen eta Osakidetzaren arteko harreman mota berriek ez dute aurrez aurrekotasunik eskatzen; hori dela eta, osasun-arretaren esparruan, hedatzen ari da telefono bidezko kontsulta. Hala, aurten, horrelako 1.274.000 kontsulta egin dira; hau da, % 22,6 gehiago, 2014ko ekainaren aldean. Gehien bat, lehen mailako arretan (% 22,9) eta arreta espezializatuan (% 18,6) hazi dira halako kontsultak.

Artatutako biztanle-ehunekoa, adin-tarteen arabera

Artatutako biztanle helduen ehunekoa aztertuz gero, hilabeteko epea harturik erreferentzia gisa, hau ikus dezakegu: lehen mailako arretan, adinak gora egin ahala, progresiboki hazten dira kontsultak. Hots, 84 urtetik gorako pertsonen % 53 doa familia-medikura. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, arreta espezializatuarekin, non kontsultek 84 urteetara arte egiten baitute gora, eta nabarmenki behera, aldiz, adin horretatik aurrera.

Ospitaleratzeei dagokienez, adin-tarteak zahartu ahala, gora doa ospitaleratutako pertsona kopurua, 84 urtetik gorakoen artean % 22ra iritsi arte.

Ospitale-jarduera espezializatuaren adierazleak

2015eko lehenengo sei hilabeteotan, % 2,3 hazi dira ospitaleratzeak, % 2,1 programatutako ebakuntzak, eta % 3,1 larrialdiak. Iaz aldi berean lortutako zifren antzekoak.

Kirurgia handiko jarduera

Programatutako kirurgia arrunteko ebakuntzak % 4 hazi dira. Bestalde, ohiz kanpoko ebakuntzak % 26,5 jaitsi dira; ondoriozta daiteke, beraz, 2014aren aldean, % 2,1 hazi dela ekainera arte egindako kirurgia kopuru osoa.

Ospitaleratu gabeko kirurgia handi anbulatorioa % 2 hazi da eta guztizkoaren % 59 hartzen du dagoeneko.

Ospitale birtualaren jarduera (Ospitaleratzerik gabeko hautabideak)

Osakidetzak “ospitaleratze tradizionalaz gain dauden aukerak“ indartzen jarraitzen du; izan ere, kalitate handiko emaitzak erakutsi dituzte eta pazienteek harrera bikaina egin diote laguntza-eredu horri. Hortaz, Etxeko Ospitaleratzea eta Kirurgia Handi Anbulatorioa hazi dira, baina Eguneko Ospitale Medikoa iazko parametro berdintsuetan mantendu da.