Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Uriartek berriz eman dio LOMCEri ezetza, eta errebalidak «bazter batean gordetzeko» eskatu dio Méndez de Vigori

2015.eko uztailak 16
  • Hezkuntzako sailburuak Topaketan azaldu duenez, atzo bildu zen lehen aldiz Hezkuntza ministro berriarekin, eta elkarrizketarako prestasuna erakutsi zion hari

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, Cristina Uriartek, LOMCEarekiko arbuio osoa agertu du berriz ere: ez ditu hezkuntza-erreforma horren helburuak aldezten, «EAEn ederki gainditu baitira» eta, horrez gainera, Gernikako Estatutuaren aurkakoa da legea. Horregatik, errebalidak baztertzeko eskatu dio Iñigo Méndez de Vigori, Hezkuntzako ministro berriari. Hala adierazi du gaur zuzenean egindako Topaketan, non boto gehien jaso dituzten 20 galderei erantzun baitie.

Méndez de Vigorekin atzo bilera egin ostean –Hezkuntza ministro berria izendatu zutenetik lehenengoa– Eusko Jaurlaritzak LOMCEren aurkako jarrera duela berretsi du Cristina Uriartek, eta orobat ziurtatu du euskal hezkuntza-sistema aurreratzen jarraituko duela, hura hobetzeko asmoz, akordio bidez betiere. «2020 Heziberri Planaren bitartez, curriculum dekretuak prestatzen gabiltza, eta etorkizuneko Hezkuntza Legerantz pausuak ematen hasiko gara»

Herritarrek planteatutako kontuen artean, ikasketa-zailtasunak dituzten ikasleen hezkuntza-arreta dago. Uriartek esan duenez, 2015-2016 ikasturtean, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei arreta arautzeko dekretua landuko da eta, berebat, haur-hezkuntzako 3.000 irakasle prestatuko dira, arazo horiek lehenbailehen antzematen jakin dezaten. «Batxilergoan eta unibertsitaterako sarbidean ere jarraituko dute kolektibo horri bideratutako laguntzak eta neurriak» adierazi du Uriartek.

Unibertsitate-lankidetzako bekei dagokienez, sailburuak esan du horiek bideratu nahi izan dituztela aurten onartu berri den Unibertsitate Planaren bitartez, hartara, bokazio ikertzaileak sustatzeko, eta programa pilotu bat prestatu dutela horretarako. Iraganean, zenbait urteetan «ia beken % 25 geratu zen bete gabe» ziurtatu du Uriartek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)