Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteen bat egitea

2010.eko uztailak 18

Eusko Jaurlaritzako hainbat arduradun San Adriango XVI. Erromeriara joan dira 200 ibiltariekin batera

Kulturako sailburuordea Antonio Rivera, San Adriango tunelera joan da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteek urtero egiten duten elkarraldira.

"San Adriango XVI. Erromeria" ibilbide historiko eta hautabidezkoa da. Izen bereko tunel hau Gipuzkoa eta Araba elkartzen duen konexio natural bat da. Antonio Riverak esan duenez, "igarobide naturala da, baso eta ondarezko aberastasunez beteta eta merkataritza-bide bezala erabiltzen da Erdi Aroko garaitik".

Kultura sailaren hainbat arduradun eta beste foru- eta toki-erakundeetako hainbat ordezkari ere bertaratu dira ekitaldira. Beste batzuen artean, Ana Izagirre, Basquetour-eko zuzendaria, edota Juan Antonio Zárate, Arabako Biltzar Nagusiko presidentea, egon dira.

200 lagun inguru elkartu dira "San Adriango XVI. Erromerian" goizeko 10ak inguruan, Arabako eta Gipuzkoako aldeetatik tuneleraino igo ondoren. Arabatik igo direnek Urkillako zundaketatik joan dira, eta gipuzkoarrak, aldiz, Otzaurtetik igo dira.

Harotik (Errioxa), Lizarratik (Nafarroa) eta Burgostik datozen Bidearen Lagunen Elkarteetako ordezkariak ere hurbildu dira. Senidetze-ekitaldia duela 16 urtetik hona ospatzen da, Santiago egunaren aurreko asteburuan.

Kultura-jarduerak


Bisita horrekin, Done Jakue Bideak Euskadin barrena duen tartearen sustapena bultzatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Done Jakue Bidearen urte honetan, Kultura Saila eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila lankidetzan aritu dira SECC Kultura Ospakizunen Estatuko Sozietatearekin eta hainbat udalekin 22 euskal udalerritan 40 ekitaldi inguru antolatzeko.

Eusko Jaurlaritzak, Kantauriko beste erkidegoetako gobernuekin eta Errioxako gobernuarekin batera, Iparraldeko Bideak UNESCOren Gizateriaren Ondare izateko hautagaitza aurkeztuko dute 2011n; Kostaldeko bidea eta barrukoa, Gipuzkoa eta Araba zeharkatzen dituena, biltzen dituzte Iparraldeko Bideek.

Programaturiko jardueren artean, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) Donostiako Miramar Jauregiko Uda Ikastaroetan Iparraldeko Bideei buruz mintegi bat bildu du. Mintegi horretan hainbat irakaslek, historialarik eta nazioarteko kulturako espezialistek parte hartuko dute, hala nola María Jesús Cavak eta Itziar Aguadok edo Toti Martínez de Lezea idazleak, uztailaren 22an eta 23an. Kultura-ekitaldien plan horren bidez, Done Jakue Bidearekin loturiko eszenak ibilbideko udalerri eta leku esanguratsuenetan errepikatu nahi dira.

Euskal ibilbidearen gorakada azken urteetan hasi da nabaritzen. Kostaldeko Bidea, oraingoz, erromesek gehien erabilitako hirugarren ibilbidea da, Frantziako eta Portugaleko bideen atzetik. 2009an 17.000 gaualdi baino gehiago erregistratu ziren, hiru urte lehenago erregistratutakoen ia hirukoitza, hain zuzen. 2008ari dagokionez, aterpetxeetan izandako alojamenduen gorakada 3.300 gaualdiekin gauzatu zen, hau da, iaz baino egonaldien % 23 gehiago gutxi gorabehera.

Halaber, kalkuluen arabera, Done Jakue Bideak milioi erdi euroko diru-sarrerak ekarri zizkion euskal turismoari 2009an. Estatistikek aditzera ematen dutenez, Euskaditik igarotzen diren erromes guztien erdiak erlijio-arrazoiengatik egiten du hori, eta beste erdiak, berriz, turismo-interesagatik.

Done Jakue Bideak guztira 85 udalerri zeharkatzen ditu Euskadin, 462 kilometrotan, eta 43 aterpetxe ditu ibilbide osoan. Aurten, Eusko Jaurlaritzak Plan Zuzentzaile bat landu du, batetik, egungo egoeraren sakoneko diagnostikoa egiteko, eta, bestetik, datozen urteetarako zenbait jardunen berri emateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Antonio Rivera