Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusi berriak hartu ditu

2015.eko uztailak 15

Lehendakariak eta hiru diputatu nagusiek bilera egin dute gaur Ajuria Enean Euskadiren egoera aztertzeko, erakundeen, gizartearen eta ekonomiaren ikuspuntuetatik. Bileran, nabarmendu dute Euskadiko instituzioak elkarrekin lan egiteko prest daudela ekonomia-suspertzeko eta enplegua sortzeko.

Halaber, Euskadiko hainbat mailatako erakundeen partaidetza duten legeak, plan estrategikoak eta konpromisoak aztertu dituzte, eta horien aldeko sektorekako lankidetza mekanismoak indartzeko konpromisoa hartu dute.

Arreta berezia jarri dute enpleguarekin eta ekonomiarekin lotuta dauden eta elkarren artean gauzatzen dituzten ekimenetan eta proiektuetan. Zehazki, positiboki balioztatu dituzte abian dagoen enplegu-plana, batez ere, udalen eta eskualdeen mailan, eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek elkarrekin abiarazitako ekintzailetzako estrategia.

Ekonomiaren dinamizazioari dagokionez, esanguratsutzat jo dute Euskadiko Nazioartekotze Kontseiluaren bidez egiten duten enpresen nazioartekotzako lankidetza. Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta beste erakunde batzuek hartzen dute parte horretan. Halaber, RIS3 espezializazio adimentsuko estrategiaren aurrerapen mailaz aritu dira, baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluak irailean egingo duen bileraz ere, diputatu nagusi berriak kontseiluko kide izango baitira. Azkenik, Jaurlaritzak eta foru aldundiek hurrengo lau urteetan egingo dituzten inbertsio estrategikoen programak azaldu dizkiete elkarri.

Gizarteari dagokionez, funtsezkoa da gizarte-zerbitzuen plan estrategikoa onartzeko hasitako prozesua amaitzea eta hori abian jartzeko modua planifikatzea. Gizarte-zerbitzuak eta osasun-arreta uztartzeko funtsezko ekimena da.

Legeen arloan, legegintzako egutegia eta lege-proiektu garrantzitsuenak aztertu dituzte. Ildo horretatik, legebiltzarreko taldeak negoziatzen eta analizatzen ari diren udal lege-proiektuaren egoeraz aritu dira. Gainera, onartu berri duten etxebizitzen legearen eragina aztertu dute, eta erabaki dute behar bezala aplikatzeko foru-aldundiekin, udalekin eta Eudelekin lankidetza estuan aritu behar direla. Bestalde, garrantzi berezia eman diote Finantzen Euskal Kontseiluaren lanari, ekarpenen lege berriaren gaineko adostasuna lortzeko.

Azkenik, egokitzat jo dute zergak koordinatzeko erakundearen, zerga-iruzurraren aurkako planaren eta enpresen sektore publikoaren berregituraketaren erronkei aurre egiteko erakundeen arteko lankidetza indartzea.

Amaitzeko, lehendakariak eta diputatu nagusiek sail eta sektore guztietan elkarrekin lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu dute, lau administrazioen eraginkortasuna handitzeko eta herritarren alde lan egiteko. Ekonomia, enplegua eta gizarte-zerbitzuak hobetzeko elkarrekin lanean aritzeko konpromisoa nabarmendu dute.

Iruzkin bat
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ramiro González, Unai Rementeria, Markel Olano