Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Gobernuak 3,13 milioi euro bideratuko ditu gizarte ekonomia sustatzeko. (2015-07-14(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko uztailak 14

LABURPENA

Gaur, Gobernu Kontseiluak gizarte-ekonomia sustatzeko sei diru-laguntza lerro onartu ditu: guztira, 3,13 milioi euro emango ditu horretarako.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak gizarte-ekonomiari lotutako ekintzailetza indartzeko eta lurraldean sektoreko enpresak modu planifikatuan sustatzeko lehenengo diru-laguntzen lerroa onartu du. Bi helburu horiek erdiesteko, 1.537.600 euro bideratuko ditu gobernuak. Lehenengo lerro horrek ondokoetarako diru-laguntzak hartzen ditu baitan:

1. Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea, bai eta jada sortutako enpresak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzea.
2. Gizarte-ekonomiako enpresa baten eraketarekin zuzenean lotuta dauden sustapen-ekintzak egitea.
3. Bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa zehazteko ikerketak egitea.

Atal horren barruan, diruz lagunduko da, halaber, gizarte-ekonomiako enpresak lurraldean modu planifikatu batez sustatzeko ekintza-plan bat egitea, aberastasuna modu ekitatiboan sortzea eta banatzea eta eskualdean enplegua sortzea.

Bigarren lerroak beste xede bat izango du; hain zuzen, EAEn garatzen diren gizarte-ekonomiaren alderdi jakinei buruzko prestakuntza- eta hedapen-ekintzak finantzatzea. Unibertsitatearen eta/edo elkarteen esparruan kooperatibismoari edo lan-sozietateei buruzko jakintza hasteko, hobetzeko edo, oro har, kualifikatzeko laguntzak dira. Horretarako, 402.000 euro bideratuko ditu gobernuak.

Gainera, 250.000 euro ere jarriko ditu, enpresetan kudeaketa-tresnak ezar ditzaten, laguntza tekniko moduan, etengabeko hobekuntzari begira eta kooperatiba eta lan-sozietate hasiberrietan kalitate handiko planifikatzeko eta kudeatzeko tresnak ezar ditzaten.

Horren barruan sartzen da, halaber, kidetutako entitateei bermeak eman ahal izateko gizarte-ekonomiaren entitate gorenek aurrez gauzatu behar duten ikerketa ekonomiko-finantzarioa egitea.

Laugarren lerroaren zenbatekoa 610.000 euro izango da, eta EAEko gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeen elkarte-egiturak sendotzea izango du helburu.

1995an martxan jarri zirenetik, laguntzok oso garrantzitsuak izan dira gizarte-ekonomiako entitateentzat eta horien bitartekari diren erakundeentzat. Izan ere, euren kanpoko harremanetan eragiteko ahalmena bermatzen eta beren sektorea erakunde mailan eraginkortasunez ordezkatzen lagundu diete, eta, orokorrean, kidetuen eskubide legitimoak hobeto babesteko ekintzak sustatzeko laguntza eman diete.

Jaurlaritzak gizarte-ekonomiako enpresa-kideak hartzeko laguntza-programa mantentzea onartu du, eta 200.000 euro bideratuko ditu horretara.

Azkenik, bigarren urtez jarraian, Eusko Jaurlaritzak enpresen elkar-lankidetzako ekintzak sustatuko ditu, gizarte-ekonomiako enpresen elkarteek kidetutako enpresentzat egiten dituzten proiektuen bitartez, eta 135.000 euro bideratuko ditu guztira horretarako.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau