Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak elkarrekin lan egiten jarraitzea adostu dute Bake eta Bizikidetza Plana garatzeko. (2015-07-14(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko uztailak 14

Erabakia, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin lankidetza-hitzarmena izenpetzeko baimena emateari buruzkoa. Helburua: 2013-2016 aldiko Bake eta Bizikidetzarako Euskal Planaren jardun-ardatzak partekatzea, diseinatzea eta garatzea, gazteriaren arloan eta hezkuntza ez-formalean.

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak erabaki du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin hitzarmen bat sinatzea, bakea sendotzeko lanetan gazteen partaidetza sustatzeko.

Lehendakariak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren presidenteak iaz izenpetu zuten hitzarmenaren jarraipena da oraingoa.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur argi berdea eman dio lankidetza hitzarmen bat izenpetzeari EGK-Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin, Bake eta Bizikidetza Planaren jarduera-lerroak partekatu, diseinatu eta garatzeko gazteriaren eta heziketa ez-formalaren esparruan. Gaur onartu den hitzarmena -65.000 euroko diru-zenbatekoa du hitzarmen horrek- Iñigo Urkullu lehendakariak eta Itsaso Andueza EGKren presidenteak iaz izenpetu zutenaren jarraipena da eta gazteen inplikazioa eta partaidetza bilatu nahi ditu bakea eta bizikidetza sendotzeko.

2014an izenpetutako esparru-hitzarmenaren bitartez emaitza bikainak lortu direnez, Eusko Jaurlaritzak eta EGK-k lankidetzan jarraitzea erabaki dute, gazteek bakearen eta bizikidetzaren alorrean zer iritzi eta esperientzia dituzten partekatzeko, kolektibo horri erremintak emateko bizikidetzaren gatazkak modu eraikitzailean jorratzeko, eta bizikidetzari buruzko proiektuetan sormena, ekintzailetza eta gizarte-berrikuntza bultzatzeko.

Helburu horiek lortzeko, honako proiektu hauek abiaraziko dira hitzarmenaren bitartez:

1.- Bake-Arte tailerrak. Gazteentzako tailerrak antolatzea, hiru lurralde historikoetako artista-elkarteekin, Giza Eskubideak defendatzea, Bakea, Kultura eta Artearen bat egitea bilatzeko. Bakeahots komunitate birtualera igoko dira lortutako emaitzak.

2.- Prestakuntza jarduerak eta Bake ibilbideak eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritan.

3.- Gazte Bakegintzaren dokumentala. 2014an grabatutako ikus-entzunezko materialarekin -iaz izenpetutako lankidetza hitzarmenean jasotako proiektuen emaitza da material hori- eta 2015eko lankidetza-hitzarmenean jasotako proiektuetatik grabatzen den materialarekin, dokumental bat egin nahi da, Giza Eskubideen jaialdietan aurkezteko.

4.- Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak bultzatzen dituen partaidetza eta memoria proiektuetan parte hartzea.

5.- Baiezketak. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak bilerak egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoan iraganean nahiz gaur egun Bake eta Bizikidetza prozesuekin lotuta egon diren pertsonekin, gazteek ikuspuntu aberasgarriagoa eta pluralagoa eskuratzeko aukera izan dezaten. Bilera horiek egiteko, elkarrizketa hartuko da metodologia-baliabide gisa.

6.- Nazioarteko egunak. Egutegi baten jasoko dira nazioartean Bakea eta Bizikidetzarekin zerikusia duten egun guztiak. Lantalde bat eratuko da egun horietarako jarduera berezi eta zehatzak prestatzeko, gizarteak ezagutu dezan gazteek Bakearekin duten konpromisoa.

7.- Bakea Unibertsitatean. Bakearekin eta bizikidetzarekin lotutako prestakuntza jarduerak eramango dira Euskal Autonomia Erkidegoko hiru campus unibertsitarioetara.

8.- Gazte-Bake manifestua. Lankidetza hitzarmen honetan jasotako gainontzeko proiektuetan parte hartu duten gazte gehienek onetsitako manifestu bat adostuko da.

Bestalde, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Gizalegez-gizartearen eta hezkuntzaren arloko konpromisoa gazteen elkarte-sareetan zabaltzen eta Elkarrekin Bonuak programa sustatzen jarraituko du. Bi ekimen horiek Bake eta Bizikidetza Planean daude jasota.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau