Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Boisera joango da uztailaren amaieran 2015eko Jaialdiaren ekitaldietan parte hartzeko. (2015-07-14(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko uztailak 14

LABURPENA

Iñigo Urkullu lehendakaria Estatu Batuetara joango da uztailaren 29tik abuztuaren 2ra bitartean Boisen, Idaho estatuko hiriburuan, izango den Jaialdiaren ekitaldietan parte hartzeko. Euzkaldunak euskal etxeko kideek bost urtean behin antolatutako kultur ekitaldi horrek egun batzuez euskal diasporaren hiriburu bihurtzen du Boiseko hiria. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek ere hartuko du parte bidaian lehendakariarekin batera.

Boiserako bisitaldian lehendakaria Idahoko gobernadore Otterrekin, Boiseko alkate David Bieterrekin eta enpresaburu iparramerikarrekin elkartzea aurreikusita dago. Horrez gain, Boise State Universityk eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute.

Lehendakariak Basque Block kalea ere bisitatuko du; Euzkaldunak euskal etxea, Euskal Museoa eta Anduiza frontoia daude kale horretan. Boiseko ikastolara eta Morris Hill hilerrira ere joango da lehendakaria. Estatu Batuetara joan ziren euskal artzain asko ehortzita daude aipatutako hilerrian. NABO North American Basque Organizations erakundearen urteko bileran ere parte hartuko du, halaber.

Lehendakariarekin eta Uriarte sailburuarekin batera ere egongo dira Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Asier Vallejo.

Europar Batasunetik kanpoko herrialde batera egindako hirugarren bidaia instituzionala izango da. Horren bitartez, euskal diasporaren eta Euskadiren arteko harremana sendotzeaz gain, helburua Basque Country estrategia kanpoan proiektatzen jarraitzea ere izango da, horretarako bilera instituzionalak, politikoak, ekonomikoak eta kulturalak eginez.

Jaialdia
Boiseko Jaialdia euskal kulturaren munduko ekitaldi handienetako bat da. Lehen aldiz 1987an egin zuten euskal kulturako kideentzako asteburuko ekitaldi modura. Gaur egun, bost urtean behin egiten da uztaileko azken asteburuan, Boiseko euskal komunitateak bere zaindari San Ignazio Loiolakoaren ospakizuna egitearekin batera.

Aurten uztailaren 28tik abuztuaren 2ra bitartean egingo dute jaialdia. Jaialdiaren barruan musika-emanaldiak, dantzen eta herri-kirolen erakustaldiak, pilota-txapelketak zein Euskal Herriko historiari buruzko hitzaldiak eta erakusketak egongo dira, jai-giro alaian betiere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau