Berriak Lehendakaritza
Eu

Forum Europa-Tribuna Euskadi gosaria

2010.eko uztailak 19

EAJk Gobernu zentralarekin abiatutako negoziazioetan "PSEk eta Eusko Jaurlaritzak" uneoro parte hartuko dutela adierazi du Lehendakariak

Lopezek adierazi du ongi deritzola EAJk Espainiaren gobernagarritasunean parte hartzeari. Halere, EAJko zenbait ordezkarik egindako adierazpen "harroak" kritikatu ditu.

Patxi Lopez Lehendakariak hitzaldia eskaini du gaur goizean Nueva Economia Forumek antolatutako mahai-inguru batean, Bilboko Ercilla Hotelean.

Bere hitzaldian, Lopezek hitz hauekin laburbildu ditu bere gobernuaren helburu estrategikoak: "Herritar askeak dituen Euskadi bat nahi dugu, solidarioa, jasangarria eta lehiakorra".

Patxi Lopezen hitzetan, "azken hogeita hamar urteetan eraiki den autobia eta autobide sarearekin, azkenaldian asko areagotu den pertsonen mugikortasunarekin eta, aurki hiru hiriburuen arteko eta horiek Europarekin eta Espainiarekin izango duten loturarekin, Euskadi metropoli moderno baten antzerakoa izango da".

Lehendakariak gaineratu du errealitate hori aprobetxatu behar dela Euskadi sarean dagoen Metropoli, lehiakorra den metropoli, herritar askeak dituen, eta partekatutako giza talentuan eta gizarte talentuan oinarritutako metropoli bilakatzeko.

Lopezek nabarmendu duenez, "XXI. mendeko Euskadi moderno eta lehiakorrak ezagutzan eta berrikuntzan oinarritu behar du bere aurrerapena". Horrela, gaineratu du gehiago eta hobeto inbertitu behar dela ikerketan eta berrikuntzan.

Hezkuntzaz hitz egiterakoan, Lehendakariak esan du hezkuntza dela guztia eutsi behar duen funtsezko ardatza. Gaineratu du euskal hezkuntza sistema hobetu behar dela, kalitatea eta emaitzak hobetuz eta irakaskuntza modernizatuz.

Euskal enpresen produktibitateaz ere hitz egin du Lehendakariak. Bere esanetan, produktibitatea areagotzeko enpresen eta sektoreen lehiakortasuna hobetu behar dira. Horrela, gaineratu du aurki 2010-2013 Lehiakortasun Plana aurkeztuko dutela, euskal ekonomia garapen proiektu ireki, berritzaile eta jasangarri baten buru izateko gai izan dadin.

Bere hitzaldian, Patxi Lopez ongizate-estatuaren inguruan ere aritu da. Adierazi duenaren arabera, euskal gizartearen egitura demografikoa arazo larri bilakatu daiteke era errealista batean ekiten ez baldin bazaio. Bere aburuz pentsio sistema moldatu eta ordenan jarri behar da bere etorkizuna bermatzeko. Jaiotza-tasak sustatzeko eta familiei laguntzeko politiken beharra eta langile etorkinak lan merkatuan sartzeko beharra ere gaineratu ditu.

Lehendakaria baikor azaldu da eta krisialdi ekonomikotik ateratzen ari garela adierazi du. Horretarako, zenbait adierazle aipatu ditu. Azken 4 hilabeteetan langabeen tasa jaitsi dela, industria sektorea suspertzen ari dela, Euskadin turismo sektorearen hazkundea ikusgarria izaten ari dela eta zergekin lortutako diru kopurua batezbeste iaz baino % 5 gehiago dela esan du Lehendakariak.

Hala eta guztiz ere, oraindik ere ahaleginak egin behar direla nabarmendu du. Horrela, adierazi du Euskadik aldaketa sakonak behar dituela, izan ere, mundua, jendea, harremanak, aukerak eta merkatu globalean lehiatzeko erak aldatzen ari dira. Halaber, Lopezek esan du guztiok batera lan egin behar dugula aurrerapenera bidean.

Galderen txanda

Hitzaldia eskaini ostean, Lehendakariak Jose Luis Rodriguez Nueva Economia Forumeko Presidenteak bertaratutakoen izenean egindako galderak erantzun ditu.

Hiru euskal aurrezki kutxen bategiteaz galdetu diotenean, Lopezek esan du BBKk CajaSur erosi izana eragiketa positiboa dela, izan ere, euskal kutxa onenen artean finkatu da. Erosketarekin hiru aurrezki kutxen tamainak desorekatu egin direla gaineratu du, baina horrek, bere ustez, bategitea zailduko duen arren, ez du eragotziko. Horrela, esan duenez, unea iristen denean, garai lasaiagoetan gaudenean eta kutxek unea dela erabakitzen dutenean, bategitea egin ahal izango da.

EAJ-Zapatero negoziazioaren inguruan, Lopezek adierazi du beti izan dela EAJk Espainiaren gobernagarritasunean parte hartzearen aldekoa, zerbait positiboa dela bere iritziz. Halere, EAJko zenbait ordezkarik egindako adierazpen harroak kritikatu ditu. EAJk Gobernu zentralarekin PSE kontuan izan gabe negoziatuko zuela zioten ordezkariok. Lehendakariak argi utzi du PSEk eta Eusko Jaurlaritzak ere negoziazioetan parte hartuko dutela.

Arabako politikarien ustezko espioitza kasuaz galdetutakoan, epaileak ikerketan "azkeneraino" joatea nahi duela esan du Lopezek. Gainera, esan du Eusko Jaurlaritzak ahal duen guztian lagunduko duela gertatutako guztia argitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria