Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak 1,8 milioi euroko diru-laguntzak emango ditu garapen jasangarria sustatzen duten toki-erakundeen ekintzetarako

2015.eko uztailak 17

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 1.810.000 euro bideratuko ditu garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten toki-erakundeentzat, Udal, Mankomunitate, beste Toki-erakunde batzuk, Toki-erakunde autonomo, Toki-garapenerako agentzia eta Tokiko merkataritza-sozietateentzako diru-laguntzak arautzen dituen eta asteartea 21ean Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu den aginduarekin bat etorriz.

 

 “Diru-laguntzak 2015eko urtarrilaren 1aren ostean hasi eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren lehentasunezko lerroei heltzen dieten proiektuentzat izango dira, ingurumen-eremu hauetan: lurzoru kutsatuak, klima-aldaketa eta atmosfera, kapital naturala eta biodibertsitatea, eta, azkenik, jasangarritasunerako hezkuntza”, adierazi du Iosu Madariaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordeak.

 

Aurrekontuan aurreikusten diren 1.810.000 euroetatik, 550.000 euro lurzoru kutsatuekin zerikusia duten proiektuentzat izango dira; 550.000 euro klima-aldaketari eta atmosferari buruzko proiektuentzat; 550.000 euro kapital naturalari eta biodibertsitateari buruzko proiektuentzat; eta 160.000 euro jasangarritasunerako hezkuntzari buruzkoentzat.

 

Lurzoru kutsatuen alorrean, diru-laguntza jaso ditzaketen ekintzak hauexek izango dira: kutsagarriak izan litezkeen jarduerak hartu dituzten lurzoruei buruzko ikerketa-ekintzak eta lurzoru kutsatuak leheneratzeko ekintzak, bai jarduera industrialak hartu dituzten lursailetan eta bai 1994ko abenduaren 20a baino lehen gelditu ziren antzinako hondakinen zabortegi kontrolgabeetan. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 60.000 euro izango dira ikerketa-proiektu bakoitzeko eta 200.000 euro leheneratze-proiektuen kasuan. Zabortegien ingurumen-jarraipena egiteko proiektuen kasuan, berriz, gehieneko zenbatekoa 15.000 euro dira.

 

Klima-aldaketa eta atmosferaren lerroan, diru-laguntza jaso ditzaketen ekintzak hauexek izango dira: inguruneko airearen kalitatearen hobekuntza, partikulei  (PM10, PM2,5) eta nitrogeno dioxidoari (NO2) dagokienez; zarata-mapak egitea 100.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan –betiere 2016ko abenduaren 31 baino lehen onartzen badira-, eta zarata murrizten duten proiektuak. Halaber, diruz lagundu daitezke berotegi-efektuko gasen isuri garbien murrizketa; edo udal eraikinak etorkizunean zaharberritzeko azterlan zehatzak.

 

 

Lerro horretako diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa 80.000 euro dira proiektu bakoitzeko, salbuespen hauekin: klima-aldaketara egokitzearekin zerikusia duten plan eta azterlanen kasuan, gehieneko zenbatekoa 15.000 euro dira, zarata-mapen kasuan 10.000 euro, eta zaharberritze-proiektuen aurreko azterlan zehatzen kasuan 6.000 euro. Ibilgailuekin zerikusia duten proiektuen kasuan, berriz, gehieneko zenbatekoa 4.000 euro dira 10 plaza baino gutxiagoko ibilgailu bakoitzeko, eta 20.000 euro neurri handiagoko ibilgailu bakoitzeko.

 

Kapital natural eta biodibertsitatearen lerroan, diru-laguntzak biodibertsitatearen kontserbazioa, leheneratzea edo hobekuntza  zuzenean sustatzen dituzten ekintzentzat izango dira. Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa 100.000 euro dira proiektu bakoitzeko, lizentziak eta baimenak lortzera zuzendutako proiektuen erredakziorako izan ezik, kasu horretan 10.000 euro izango baita gehieneko zenbatekoa. Erribera eta ibilguetako hondakinak garbitzeko proiektuen kasu konkretuan, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 10.000 euro dira.

 

Jasangarritasunerako hezkuntzaren alorrean, diru-laguntzak izango dira Tokiko Agenda 21en eta Eskoletako Agenda 21en arteko koordinazioa sustatu eta 2015eko uztailaren 1etik 2016ko uztailaren 15era bitartean egiten diren ekintzentzat. Sustatutako ekintzen artean, eskolen arteko foro baten eta udal foro baten antolaketa egon behar da, gutxienez, ikasturteko bakoitzeko. Atal horretako diru-laguntza ezin izan daiteke diru-laguntza jaso dezakeen zenbatekoaren % 50etik gorakoa, ezta 16.000 eurotik gorakoa ere, erakunde onuradun bakoitzeko.

 

Erakunde bakoitzak gehienez bi proiekturentzako diru-laguntza jaso dezake lurzoru kutsatuen, klima-aldaketa eta atmosferaren eta kapital natural eta biodibertsitatearen lerroen multzoan; horri proiektu bat gehitu dakioke jasangarritasunerako hezkuntzaren alorrean.

 

Eskabideak aurkezteko epea 2015eko irailaren 15ean bukatuko da. Eskabideak bide elektronikotik aurkeztuko dira, www.euskadi.eus egoitza elektronikoan

 (https://euskadi.eus/ayuda_subvencion /-/2015/herrijasangarriak/es/). 

Diru-laguntzen aginduak ingurumenean eta ekonomian duen inpaktua

 

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aginduak 2007tik 2012ra arte urtero diruz lagundu izan dituen proiektuak aztertu ondoren, ondorioztatu dugu Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietara eta toki-erakundeetara 32,8 milioi euro bideratu direla.

 

«Laguntzok ingurumena hobetzera eta garapen jasangarria sustatzera daude bideratuta. Guztira ia 84 milioi euro osagarri mobilizatzea lortu dute, diru-laguntzak jasotzen dituztenek egindako ekarpenei esker», nabarmendu du Iosu Madariagak.

 

 

Termino erlatiboetan, eta aztertutako garai osoarentzat, emandako diru-laguntzen euro bakoitzeko 6 ekoizpen euro baino gehiago eta ia 3 errenta euro (BPG) lortu dira, eta batez beste 17 lanpostu sortu dira ekoizpenaren milioi bakoitzeko. Edo, laburbildurik, diru-laguntzen euro bakoitzeko euro eta erdiko ekarpen gehigarriak egin dira diru-laguntzen hartzaileen aldetik.

 

Ingurumenaren ikuspuntutik, laguntza horiek ekarritako onurak esanguratsuak izan dira. Hain zuzen ere, lurzoru kutsatuen eremuan, 252 hektarea ikertu dira eta 17 hektarea baino gehiago berreskuratu dira, hau da, 524.900 m3-ko lurzorua berreskuratu da, eta espedienteen % 31k Lurzoruen Kalitate Adierazpena lortu du amaieran.

 

Biodibertsitatearen alorrean, 748 hektareatan baino gehiagotan esku hartu da, guneak leheneratuz edo sortuz. Lursail horietatik, 238 hektarea babes bereziko figuretan sartzen dira, hala nola Natura Sarea, Biosfera Erreserbak edo Natur Parkeak. 354 hektareatik gorako azaleran lan egin da espezie exotiko inbaditzaileak ezabatzeko.

 

Basoberritze proiektuen bidez –hustubideak sortuz, adibidez-, 10.000 Tona CO2 baino gehiago finkatu eta xurgatuko dira datozen 30 urteetan.

 

Atmosferari dagokionez, beste lorpen batzuen artean, saihestu da 15.000 Tn CO2 eq baino gehiago eta 1.800 kg PM10 partikula isurtzea, eta 100 km bidegorri baino gehiago eraiki dira.

 

Eskolako Agenda 21en alorrean, batez beste 70 udalerri koordinatu dira, 334 ikastetxerekin; horri esker, urtean 174.000 ikasle inguru inplikatu dira, guztira, jasangarritasunaren aldeko hezkuntzan.

 

2014 laguntzen aginduari esker, 158 eskabide jaso ziren, eta horietatik 110 proiektuk jaso dute diru-laguntza. Horien artean:

 

  • 20 proiektu tokiko titulartasun publikoko lurzorua ikertzeko eta haren kalitatea berreskuratzeko proiektuak ziren. Guztira, 482.994,64 €ko diru-laguntzak jaso dituzte.
  • 27 proiektu airearen kalitatea hobetzeko proiektuak ziren; hor sartzen dira, halaber, berotegi-efektuko gasen isuriak zuzenean murrizteko proiektuak. Guztira, 696.479,72 € bideratu dira proiektu horietara.
  • 21 proiekturen  xedea zen Euskal Autonomia Erkidegoko dibertsitate biologikoa mantentzea eta hobetzea. Proiektu horientzat, guztira, 470.525,64 € bideratu ziren.
  • eta Agenda 21eko 42 proiektu, guztira 160.000 € jaso dituztenak.

 

Orain arte, eta udalei eta toki-erakundeei ingurumenaren hobekuntzan laguntzera zuzendutako diru-laguntzei buruzko lehenengo agindutik, 1.063 proiekturi lagundu zaie, guztira 45,1 milioi euro bideratuta.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)