Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Boisera joango da uztailaren 29tik abuztuaren 2ra, Jaialdiko ekitaldietan parte hartzeko

2015.eko uztailak 14

Urkulluk Europar Batasunetik kanpo egingo duen hirugarren bidaia da eta Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuarekin joango da oraingoan

Eusko Jaurlaritzak elkarlan-hitzarmena sinatu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin, Bakea eta Bizikidetza Planaren ardatzetan aurrera egiteko

Iñigo Urkullu lehendakaria, Cristina Uriarte Hezkuntza, Politika eta Kulturako sailburuarekin batera, Estatu Batuetara joango da uztailaren 29tik abuztuaren 2ra bitartean, Boisen, Idaho estatuko hiriburuan, izango den Jaialdiko ekitaldietan parte hartzeko. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak jakinarazi du berria, asteartero bezala, gaur egindako gobernu-kontseiluaren ondoren.

Esan duenez, Euzkaldunak euskal etxeko kideek bost urtean behin antolatutako kultur ekitaldi horrek egun batzuez euskal diasporaren hiriburu bihurtzen du Boise hiria. Agenda ofizialaren arabera, Idahoko gobernadorearekin eta Boiseko alkatearekin topaketak egitea aurreikusten du Urkulluk, Boise State University eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlan-hitzarmen bat sinatzea eta Basque Block-era nahiz Morris Hill hilerrira bisita egitea (bertan daude lurperatuta Estatu Batuetara migratutako artzainetako asko).

Europar Batasunetik kanpo egingo duen hirugarren erakunde-bidaia da.

BILERA FORU ALDUNDIEKIN

Era berean, lehendakariak Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiekin bihar Ajuria Enean izango duen bilera aipatu du Erkorekak. Foru Aldundi berriak osatu zirenetik lehendabizikoz elkartuko dira. Azaldu duenez, bileraren helburua bikoitza da: «herrialde-ikuspegia partekatzea» eta bi erakundeei (Jaurlaritzari eta foru-aldundiei) eragiten dieten proiektuen egoera aztertzea. Hiru alderdi jorratuko dituzte: ekonomikoa, soziala eta fiskala.

Ostiralean, bestalde, Urkullu PSOEko idazkari nagusiarekin, Pedro Sánchezekin, elkartuko da Lehendakaritzan. Erkorekak gaur azaldu duen moduan, bilera horretan Eusko Jaurlaritzaren jarduera-ildoa osatzen duten ardatzen «diagnostikoa partekatuko» dute: enplegua sortzea, bakearen erronka eta Euskadiren etorkizun politikoaren hausnarketa. 

BAKE PLANA

Bestalde, gobernu-kontseiluak onartu du Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin elkarlan-hitzarmena sinatzea, Bake eta Bizikidetza Planaren ardatzetan aurrera egiteko.  Adostutako helburuak dira gazteek bakearen eta bizikidetzaren alorrean dituzten iritzi eta esperientziak entzun eta horiei jaramon egitea, kolektibo horri tresnak ematea bizikidetzaren gatazkak modu eraikitzailean jorratzeko, eta bizikidetzari buruzko proiektuetan sormena, ekintzailetza eta gizarte-berrikuntza bultzatzea.

Hitzarmenak aurreikusten duenez, «Bake-Arte Tailerrak» jarriko dira martxan hiru lurralde historikoetako artista-elkarterekin, Gazte Bakegintzaren dokumentala egingo da giza-eskubideekin lotutako zinema-jaialdietan proiektatzeko, eta topaketak egingo dituzte iraganean zein gaur egun Euskadin abian jarritako bake-prozesuekin erlazionatutako pertsonekin. 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.07.14)

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PetraZabalgana
    2015.eko uztailak 15

    Comentario de Twitter:
    The Lehendakari to travel to Boise from 29 July to 2 August to take part in the Jaialdi: This will be Urkullu’... http://t.co/xl1vqSD4En

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)