Berriak Osasuna
Eu

Ebakuntzen Itxaron Zerrendako egoera kontsultatzeko zerbitzu berri bat sartu dute Osasun Karpeta Elektronikoan

2015.eko uztailak 13
  •   Itxaron Zerrenda Kirurgikoa Osasun Karpetan jarri berri diren ondorengo aplikazioei gehituko zaie: Nire Egunkaria, Pazientearentzako mezuak eta Pazientearen zalantzak
  • Zerbitzu berriek jauzi kualitatibo bat dakarte, Pazientearen eta osasun-profesionalaren arteko harreman ez-presentzialari dagokionez: informazioa emate hutsetik, informazioa komunikatzera
  • Osakidetzaren Osasun Karpeta eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan izango da eskura, edonondik ere

Euskal osasun-sistema eta haren profesionalak pertsonengana hurbiltzeko arreta ez-presentzialeko zerbitzu teknologiko berriak garatzen eta abiarazten jarraitzen du Osakidetzak. Teknologia berriei esker, hainbat kanal jar daitezke herritarren esku, osasun-arreta eskuragarriagoa eta unibertsalagoa izan dadin.

«Osasun-karpeta» (https://micarpetasalud.osakidetza.eus/b65CarpetaSaludWar/login/inicio?locale=eu) Historia Kliniko Elektronikorako sarbidea daErabiltzaile bakoitzaren informazio kliniko eta sanitario guztia biltzen da hor, modu seguruan eta isilpean. Internet bidezko sarbidea du eta, beraz, gailu mugikor zein finko batetik egin daiteke kontsulta, edonon eta edonoiz. Dena den, sinadura digital aurreratura mugatu da sarbidea, barku-joko baten bidez; hau da, erabiltzaileak bere gakoa, pasahitza eta koordenatuak behar ditu. Osasun zentroan eskatu daitezke, e-NAN bidez, hiritar txartelarekin edo ONA erabiliz.

Osasun-karpetari esker, hainbat kontsulta egin dezakegu, hala nola, ospitaleratze txostenak, larrialdietakoak,  proba osagarrietakoak eta egindako ebakuntzak; orobat, informazioa, dokumentuak, edo sendagilearen txostenak sartu ditzakegu gure historia klinikoan. Halaber, gehitu diren azken aplikazioek aukera ematen dute Pazientearen Egunkaria sortzeko eta medikua eta pazientearen arteko harremana errazteko, mezuak eta zalantzak helarazi daitezkeelako.

Zerbitzu berriak gehitzen ari dira oraindik ere, gainera.  Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek esandakoari jarraiki, aurrerantzean, kirurgia handiko ebakuntza baten zain daudenek beren egeoera kontsultatu ahal izango dute Itxaron Zerrena Kirurgiko aplikazioan; hau da, Osasun Karpetari gehitu dioten azken aplikazioan. 

Osasuneko sailburuak hauxe esan du: «zerbitzu berri hau martxan jarrita, beste pauso bat ematen ari gara, Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan abiarazi duen gardentasunaren eta informazioaren ildotik». Haren hitzetan, «pertsonekin hartutako konpromisoaren isla da; hain zuzen, gure kudeaketa-lana – zehazki, Euskadin, osasunaren alorrean egin duguna– ezagutzera ematea. Osasun modernoa, jasangarria, dinamikoa eta zerbitzuan kalitate handiagoa eskaintzen duena»

Osasuneko sailburuak, Jon Darpónek, jakinarazi du hala ikuspegi klinikotik nola eskaera-bolumenetik begiratuta garrantzi handieneko 24 prozesuak aukeratu dituztela lehenik. Kontsultarako tresna berriaren aurkezpenean egin du baieztapen hori, Antonio Arraizarekin, Osakidetzako Osasun-laguntzako zuzendariarekin, batera. Prozesuok martxoaren 21eko 65/2006 Dekretuan daude jasota: hantxe ezartzen dira Euskadiko osasun-sistemaren kargura programatutako ebakuntzek (premiazkoak ez direnek) bete beharreko epeak, eta epe horiek ezin dutela 180 egunetik gorakoak izan. Bederatzi zerbitzu hauetan sartzen dira zehaztutako prozedurak: Kirurgia orokorra, Kirurgia baskularra, Dermatologia, Ginekologia, Oftalmologia, Otorrinolaringologia, Traumatologia, Urologia eta Bihotzeko kirurgia. (Begi-lausoa, Barizeak, Aldaka-protesia, Prostatektomiak, Koloneko kirurgia, Mastektomia eta Ebakuntzak balbulen gaixotasunagatik)

Kontsulta egin ahal izateko, interesdunak Historia Kliniko Elektronikoan begiratu behar du, Osasun Karpetaren barruan. Behin zerbitzuan sarturik, Itxaron-zerrenda kirurgikoa aurkituko dugu: hantxe zerrendatu dira egiteke dauden ebakuntzak eta nork bere egoera ikusi dezake, ondorengo informazioarekin:

  • Ebakuntzaren eskaeraren aurkezpen-eguna
  • Ospitalea
  • Zerbitzua
  • Prozedura
  • Egoera. Atalak lau aukera aurreikusten ditu: Itxaron-zerrendan, Programatua (ebakuntza-datarekin), Beste zentro batera bidalia eta Aldi baterako programatu ezin daitekeena (atzeratua, arrazoi medikuak direla eta, edo pazienteak hala eskatuta).

 

Antonio Arraizak, Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariak, azaldu duenez, «ikus dezakegu zenbat denbora pasa den medikuak kirurgiako ebakuntzarako eskaera egin zuen egunetik, eta pazientearen, edo baimendutako pertsonaren, onespen-sinadura jaso zenetik». Itxaron-zerrendan sartuta geratuko da data eta, beraz, berme-epeak kontatzen hasiko da orduan. Arraiza doktoreak gogoratu du ezen, Osakidetzak berak ezarritako epeen arabera, itxaron-epeek ezin dutela 30 egunetik gorakoak izan kirurgia onkologikoaren kasuan; ez eta 90 egunetik gorakoak ere, bihotzeko kirurgiari dagokionez; ez eta 180 egunetik gorakoak ere, beste ebakuntzen kasuan.

Datuak hobeto ulertarazteko, Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariak azaldu du aplikazioak galdera ohikoenak jasotzen dituela, zehaztutako informazioa ulertzen laguntzen laguntzeko. Bestalde, komunikazio digitaleko kanal espezifiko bat sortu dute, zeinari esker, dagokion osasun zentroari zalantzak, eskaerak, kexak, edo informazio-eskaerak bidaltzeko aukera baitu edonork, aukeratutako ebakuntzei dagokionez, ondoren Osasun Karpetan kontsultatu ahal izateko. Erakunde Sanitario Integratu (ESI) guztiek dute postontzi espezifiko bat, pazienteek planteatutako galderak jaso eta erantzuteko.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua pozik agertu da Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzu berriarekin, ekarriko duen aurrerapena dela eta; dena den, Osasun-karpetaren onurak azpimarratu, eta herritarrek frogatu behar dituztela nabarmendu du. Jon Darpónen esanetan, «Osasun-karpeta proiektu dinamikoa eta irekia da, etengabe eboluzionatzen ari dena, teknologia berriek eragiten dituzten hobekuntzak eta horiek osasunaren-alorrean sortzen dituzten aplikazioak etengabe bereganatzea ahalbidetzen duena». Ezinbestekotzat jo du, bere esanetan, Osasun-karpeta bat lortzeko bideari jarraitzea,«kalitate hobeko osasun-zerbitzu eraginkorragoa eta jasangarriagoa ekarriko diguna; halaber, pazientearen eta osasun-profesionalaren arteko harremana izateko aukera, eta abangoardiako Osakidetza modernoagoa, teknologia berrien abangoardian dagoena».

 

«Osasun Karpetak» eskaintzen dituen zerbitzuak

Historia Kliniko Elektronikoa. Aukera izango dugu Osasun Zentroan nahiz Ospitalean egindako txostenak ikusteko (erradiologia-probak, analisi klinikoak, alta-txostenak, historia farmakologikoa, txertoei buruzkoa...)

Horrez gain, hitzorduak eta datu pertsonalak kontsultatzeko eta aldatzeko, eta izapide batzuk online egiteko aukera ere ematen du. Halaber, norbere buruari jarraipena egiteko programetan alta eman daiteke, kontrolak egin eta gomendio eta alertak jasotzeko.

Zerbitzu-sorta horri guztiari, aukera berri bat gehitu dio «Osasun-karpetak»: pazienteak berak Euskal Osasun Sistema Publikotik kanpoko zentroetan egindako dokumentuak gehitzea bere historia klinikoari. Behin ikusita, osasun alorreko profesionalak balioztatu beharko ditu pazientearen historiari gehituko bazaizkio.

«Osasun Karpetak» informazioa baino gehiago eskaintzen du: interakzioa ahalbidetzeraino aurreratu dira zerbitzuak; hau da, osasun-profesionalaren eta pazientearen arteko komunikazioa, bi noranzkoetan. Badira beste hiru aplikazio berri, Itxaron Zerrenda Kirurgikoaz, hau da, aipatu eta aztertutako azken zerbitzuaz gain: Nire Egunkaria; Pazientearentzat mezuak eta Pazientearen zalantzak.

  • Nire Egunkaria zerbitzuari esker, pazienteak oharrak, datuak, gogoetak, sintomak edo bere osasun -egoera dela eta, interesgarri irizten dion zernahi idatzi ahal izango du. Sendagileak historia klinikora gehitu ahal izango ditu, bidezko jotzen baditu.
  • Pazientearentzako mezuak. Sendagileak mezuak bidali ahal izango dizkio pazienteari, proben eta haien emaitzen berri emateko zein bizitza osasungarria izateko gomendio eta ohiturak jakinarazteko. Pazienteak mezu elektroniko bat jasoko du, non sendagileak esango baitio mezu berri bat duela Osasun-karpetan.
  • Pazientearen zalantzak. Komunikazioa, hemen, noranzko bikoa bilakatzen da.

Medikuak Osasun Karpetaren bidez zalantzak kontsultatzeko aukera eman behar dio pazienteari.

Pazienteak bere zalantza zein den adieraziko du bere historia klinikoan, eta sendagileak bere agendan jasoko du abisua. Deia jakinda, sendagileak pazientearen zalantza ikus dezake haren historia klinikora sartuta. Eta zalantza argituta, erantzun izanaren berrespen-abisua jasoko du hurrena pazienteak, "Pazientearentzako mezuak" kasuan bezala.

Pazientearentzako Mezuak eta Pazientearen Zalantzak zerbitzuek posta elektronikoa ordeztu eta telefono-zerbitzua osatzen dute, «Nire Osasun Karpeta» sistema seguruaren bidez. Sistemara sartzeko, pazientearen identitatea eta informazioaren konfidentzialtasuna bermatzen dituen segurtasun-mekanismoak daude.

Aplikazio berriei esker, eredu ez-presentzialeko arreta jarraituaren abangoardian ipini da Osakidetza.

Laburpen gisa esan liteke Osasun-karpeta aplikazio berritzailea, segurua eta erraza dela. Eguneroko jardun klinikoa eta pazientea engaiatzea, beregainagoa izatea eta bere burua zaintzen konpromiso handiagokoa izatea errazten du. Funtsezkoa da paziente kronikoen zaintza eta segimendua jarraituak izaten laguntzeko. Gainera, harreman-bide berriak sortzen ditu eta pazientea bera erakartzen du bere historia klinikoa aberasteko elementu gisa.

Azken finean, etengabe egokitzen ari den tresna bat da, eta euskal osasun-sistema osatzen duten herritarren sorospen- eta informazio-eskaerek eragindako premia teknologikoak batzen eta osatzen ditu.

www.osakidetza.euskadi.eus

 

Vitoria-Gasteiz, 2015.eko uztailak 13

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Aitorrtxu
    2015.eko uztailak 14

    Comentario de Twitter:
    La carpeta de Salud Electrónica de Osakidetza incorpora un nuevo servicio para consultar la situación en Lista de... http://t.co/5og0DIJBpE

  • @jdarpon
    2015.eko uztailak 14
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)