Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Nazioarteko Zuzenbide Ikastaroko parte-hartzaileei harrera egin die

2015.eko uztailak 14
  • Urkulluk Jaurlaritzaren jardueraren hiru ardatzak gogoratu ditu 103 ikasle eta 20 irakaslerekin egindako topaketan

Lehendakariak Nazioarteko Zuzenbide Ikastaroko parte-hartzaileei harrera egin die gaur. Indarrean dagoen legealdiko jardueraren hiru ardatzak gogoratu ditu topaketan: ekonomia berraktibatzea eta enplegua; bakea eta elkarbizitza; eta Euskadirentzat etorkizuneko estatus politiko berria erdiestea. 103 ikasle eta 20 irakasle izan dira guztira, Lehendakaritzan gaur egindako topaketan.

Urkulluk azpimarratu du krisi ekonomikoa eta langabezia direla Jaurlaritzaren ardura nagusiak eta erronka horri erantzuna ematea dela erronka, «errealismoa, solidaritatea eta etorkizunaren» printzipioetan oinarrituz. «Gure ideiak pertsonekin dugun konpromisoan oinarritzen dira; atzean inor utzi gabe aurrera eginez eta oinarrizko zerbitzuak, hots, osasuna, hezkuntza eta gizarte-babesa bermatzea lehenetsiz. Horietara bideratzen ditugu gure aurrekontuaren hiru eurotik bi», azaldu du. Lehendakariak gogoratu du bihar lehen lan-bilera egingo duela Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru-diputatu berriekin, partekatutako konpromisoari balioa ekartzeko.

Jaurlaritzaren bigarren ardatzari dagokionez (Bake eta Bizikidetza Plana), lehendakariak gogorarazi du Euskadik aukera itzela duela bakea sendotzeko; alabaina, ez ditu ahaztu bide onetik jarraitzeko dauden zailtasunak, izan ere, ETAk desarmatze osoa eta egiaztatua egin gabe jarraitzen du eta ez du eragindako kaltea onartzen. Eusko Jaurlaritzak hainbat eskaintza egin dizkio Espainiako Gobernuari, ETAk jarduera eten osteko gaiari hel diezaion. Horiei jaramonik egin ez izana deitoratu du Urkulluk. «Paradoxa dirudien arren, kontsensu eta adostasun maila askoz handiagoa zen ETA jardunean zela, desarmatzeari eta behin-betiko desagertzeari buruz ari garen honetan baino», esan du.

Lehendakariak «birzentralizatzeko duen estrategia argia» kritikatu dio Mariano Rajoyren Gobernuari. Estrategia hori Herri Administrazioan Erreformarako Batzordearen (CORA) txostenean eta zenbaitek Kotzertu Eknomikoa zalantzan jarri dutenean islatu da, besteak beste. «Eusko Jaurlaritza Europara begira dago, etorkizunari begira, baina ezinbestekoa da Espainiako Gobernuak Estatuaren errealitatea onartu eta errespetatzea. Konstituzionalki eratu duen botere politikoaren lurralde-antolaketari iragazkorra den erakunde-sarea da errealitate hori», adierazi du.

Europari zuzendu dizkio azken hitzak, bai eta Greziaren arazo ekonomiko larriek sortutako egoerari ere. Europa «aurrea hartzera» premiatu du eta arazoei aurre egiteko eta soluzioak lidergotik bideratzeko gaitasun handiagoa azaltzera, «elkarrizketa eta kontsensutik abiatuta eta izan ditugun muturreko egoeretara iritsi behar izan gabe». 

Iruzkin bat
  • ana
    2015.eko uztailak 14

    PUES ANIMO @iurkullu por la noticia a por todas estoy a su lado ya estoy bien de salud sr lehendakari a luchar y no bajar la guardia

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Juanjo Alvarez, Ana Isabel Pérez