Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi: «Madariaga dorretxea hobetzeko lanen bigarren fasea irailaren 14an hasiko da, eta abenduan bukatuko»

2015.eko irailak 12
  • Honezkero egokitu dute eraikinera Erloju-dorrearen plazatik sartzeko sarbide berria
  • Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Zerbitzu Teknikoaren eta Patronatuaren bulegoetara sartzeko eta horien funtzionamendurako espazio berriak egokitu dira

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, iragarri duenez, Madariaga dorretxeko (Urdaibai) Euskadiko Biodibertsitate Zentroa hobetzeko eta eguneratzeko lanen bigarren fasea irailaren 14an (astelehena) hasiko da eta abenduan amaituko, hartara, udan joaten diren bisitari ugariei eragozpenik ez sortzeko.

 

Sailburuaren arabera, «behe-solairuan, eraikinera sartzeko sarbide berri bat egokitu da dagoeneko, Madariaga dorretxearen hego-mendebaldera dagoen plazan; zehazki, estilo neoklasikoko erloju-dorrearen ondoan. Madariaga dorretxean ezarritako kontrol-sarrera berritik sartzeko aukera ematen du sarbide berriak: handik, goiko solairuetako bulegoetara hel daiteke, bai eta behe-solairuko erakusgunera ere».

 

Goiko solairuetan moldaketa txiki batzuk egin dira, bulego-gune berri bat gaitzeko; hala, hainbat zerbitzu-instalazio egokitu dira, premia berriei erantzuteko. Lan horiek uztaileko hilean zehar egin ziren, Erreserbaren Zerbitzu Teknikoaren eta Patronatuaren bulegoetarako sarbide berezi bat izateko; izan ere, Gernikako Udetxea jauregitik Madariaga Dorrera lekualdatu ziren bulegook, baliabideak arrazionalizatzeko eta kostuen bikoiztasunak saihesteko.

 

«Lanen bitartez, hainbat gune gaitu dira Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Zerbitzu Teknikoko eta Patronatuko bulegoetara sartzeko eta horiek hobeto funtzionatzeko» adierazi du Oregik. «Madariaga dorretxeko erakusketaren ibilbideak egokitu nahi ditugu, behe solairuan Urdaibaiko Biosfera Erreserbari balioa ekartzeko ezarritako gune berrian; orobat, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren dokumentazio bibliografikoko zentroari eremu bat egokitu nahi diogu ere».

 

Kokaleku berria

Sotoan, Madariaga dorretxea bisitatzeko ibilbideak aldatzeak berekin ekarriko du publikoaren arreta-gunearen eta komunetarako sarbidearen aldaketa. Era berean, lantegietarako sarbidea berrantolatuko da. Behe solairuan, gaur egungo kokagunetik lekualdatuko dira hainbat instalazio-gela, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren gunea errazago ezartzeko, eta eremu bat egokituko da orain artean Gernika-Lumoko Udetxea Jauregian kokatuta zegoen Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren dokumentazio bibliografikoko zentroa hartzeko.

 

Halaber, behe-solairuko erabilera anitzeko espazioa zatituko da –gaur egun, bi erabilera ditu, erakusketako gunea eta kafetegiko jangela hartzen baititu– eta bi eremu berri ezarriko dira, kafetegia jangelaz hornitzeko hala. «Horrez gainera, kafetegiko zerbitzuak eraikinaren gainerakotik bereiziko dira, eta denda behe-solairutik sotora eraman da». Lanak irailaren 14an hasiko dira, udan zehar bisitariei eragozpenik ez sortzeko, eta abenduan amaituko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)