
Jaurlaritzak Euskadiko doako justizia eta ofiziozko txandekiko konpromisoa berretsi du gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonei laguntzeko funtsezko zerbitzu publikoak direlakoan
- Aurten, 2015ean, Eusko Jaurlaritzak 14,5 milioi euro inbertituko ditu egoera ahula duten 19.000 pertsonak Euskadin justizia-administraziora doan jo ahal izan dezaten.
- Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Abokatuen Elkarteetako 15 profesionalek haiei arreta emateko txanda espezializatu batean lan egiten dute.
- Gainera, Zaballa-Langraiz Okako, Martuteneko eta Basauriko espetxeetan 5.000 lege-laguntza egingo dira.
«Doako Justiziaren eta Ofiziozko Txandaren Egun» honetan Eusko Jaurlaritzak funtsezko zerbitzu horrekiko konpromisoa berretsi nahi du, Euskadin justizia-administraziora doan jotzeko aukera ematen baitie egoera ahulena duten pertsonei.
Eusko Jaurlaritzak 14,5 milioi euro inbertituko ditu 2015ean doako justiziako euskal sisteman, 2014an baino % 5,3 gehiago, alegia. Zenbateko horren bitartez hiru lurralde historikoetako Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargo Profesionalek 2015ean egiten dituzten jarduera guztiak, guardiakoak zein ofiziozkoak, finantzatuko ditu Eusko Jaurlaritzak, honelakoak zehazki:
- Baliabide ekonomikorik ez duten eta ondorioz Doako Justiziarako eskubidea duten inputatu, atxilotu edo espetxeratu guztiei zuzenbide-arreta ematekoak.
- Babes berezia behar duten kolektiboak izateagatik Doako Laguntza Juridikoko txanda espezializatuak behar dituzten pertsona guztiei laguntza juridikoa ematekoak: genero-indarkeria, sexu-erasoak, etxe barruko indarkeria, terrorismoaren biktimak, adingabeak, atzerritartasuna, tratu txar edo abusuaren biktima izan diren ezgaitu psikikoak...
- Orientazio Juridikoko Zerbitzuen (OJZ) funtzionamendu-gastuak finantzatzekoak: zerbitzuok Euskadiko Justizia Jauregietan eta espetxeetan eskaintzen dira, prozesu judizialaren aurretik doako aholkularitza eta orientazioa emateko.
2015EKO JARDUEREN PLANGINTZA
Jaurlaritzaren gutxi gorabeherako zenbatespenen arabera, 2015ean:
- Jaurlaritzak doako laguntza juridikoa finantzatuko dio 18.960 pertsonari.
- Horietatik, 4.200 genero-indarkeria edota sexu-erasoak jaso dituzten emakumeak izango dira. Abokatuen elkargoek arreta emateko 8 profesional titular dituzte txanda berezi horretan, eta beste 7 behar izanez gero zerbitzua indartzeko: 4 titular Bizkaian, eta beste 3 zerbitzua indartzeko; 3 titular Gipuzkoan, eta beste 2 zerbitzua indartzeko; eta azkenik, titular bat Araban, eta beste 2 zerbitzua indartzeko.
- Euskadiko espetxeetan 5.000 lege-laguntza eskainiko dira. Hala, Arabako Abokatuen elkarteak astegunero bi ordu ematen ditu Zaballa-Langraiz Okako espetxean, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko kideak Martuteneko espetxera joaten dira astearte eta ostiraletan, eta Bizkaiko abokatuen elkarteak, bi ordu ematen dituzte astegunero Basauriko espetxean dauden presoei arreta ematen.
-
2015-07-14
Comentario de Twitter:
El Gobierno reafirma su compromiso con la justicia gratuita y los turnos de oficio en Euskadi como servicios púb http://t.co/pKOtiotNYm