Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzaren arduradunak San Adriango tunelera joango dira igandean Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteekin bat egiteko

2010.eko uztailak 16

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 200 ibiltari inguru elkartuko dira goizeko 10etan, eta Errioxatik eta Nafarroatik etorritako beste batzuk ere batuko zaizkie

 

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko arduradunak, Bernabé Unda sailburua buru dutela, San Adriango tunelera joango dira igandean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteek urtero egiten duten elkarraldira. Kulturako sailburuorde Antonio Rivera ere ekitaldira bertaratuko da, baita beste foru- eta toki-erakundeetako hainbat ordezkari ere.

200 lagun inguru elkartuko dira "San Adriango XVI. Erromerian" goizeko 10ak inguruan, Arabako eta Gipuzkoako aldeetatik tuneleraino igo ondoren. Arabatik igotzen direnek Urkillako zundaketatik igoko dira, eta gipuzkoarrak, aldiz, Otzaurtetik igoko dira.

Harotik (Errioxa), Lizarratik (Nafarroa) eta Burgostik datozen Bidearen Lagunen Elkarteetako ordezkariak bertaratzea ere aurreikusita dago. Senidetze-ekitaldia duela 16 urtetik hona ospatzen da, Santiago egunaren aurreko asteburuan.

 

Kultura-jarduerak

Bisita horrekin, Done Jakue Bideak Euskadin barrena duen tartearen sustapena bultzatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Done Jakue Bidearen urte honetan, Kultura Saila eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila lankidetzan aritu dira SECC Kultura Ospakizunen Estatuko Sozietatearekin eta hainbat udalekin 22 euskal udalerritan 40 ekitaldi inguru antolatzeko.

Eusko Jaurlaritzak, Kantauriko beste erkidegoetako gobernuekin eta Errioxako gobernuarekin batera, Iparraldeko Bideak UNESCOren Gizateriaren Ondare izateko hautagaitza aurkeztuko dute 2011n; Kostaldeko bidea eta barrukoa, Gipuzkoa eta Araba zeharkatzen dituena, biltzen dituzte Iparraldeko Bideek.

Programaturiko jardueren artean, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) Donostiako Miramar Jauregiko Uda Ikastaroetan Iparraldeko Bideei buruz mintegi bat bildu du. Mintegi horretan hainbat irakaslek, historialarik eta nazioarteko kulturako espezialistek parte hartuko dute, hala nola María Jesús Cavak eta Itziar Aguadok edo Toti Martínez de Lezea idazleak, uztailaren 22an eta 23an. Kultura-ekitaldien plan horren bidez, Done Jakue Bidearekin loturiko eszenak ibilbideko udalerri eta leku esanguratsuenetan errepikatu nahi dira.

Euskal ibilbidearen gorakada azken urteetan hasi da nabaritzen. Kostaldeko Bidea, oraingoz, erromesek gehien erabilitako hirugarren ibilbidea da, Frantziako eta Portugaleko bideen atzetik. 2009an 17.000 gaualdi baino gehiago erregistratu ziren, hiru urte lehenago erregistratutakoen ia hirukoitza, hain zuzen. 2008ari dagokionez, aterpetxeetan izandako alojamenduen gorakada 3.300 gaualdiekin gauzatu zen, hau da, iaz baino egonaldien % 23 gehiago gutxi gorabehera.

Halaber, kalkuluen arabera, Done Jakue Bideak milioi erdi euroko diru-sarrerak ekarri zizkion euskal turismoari 2009an. Estatistikek aditzera ematen dutenez, Euskaditik igarotzen diren erromes guztien erdiak erlijio-arrazoiengatik egiten du hori, eta beste erdiak, berriz, turismo-interesagatik.

Done Jakue Bideak guztira 85 udalerri zeharkatzen ditu Euskadin, 462 kilometrotan, eta 43 aterpetxe ditu ibilbide osoan. Aurten, Eusko Jaurlaritzak Plan Zuzentzaile bat landu du, batetik, egungo egoeraren sakoneko diagnostikoa egiteko, eta, bestetik, datozen urteetarako zenbait jardunen berri emateko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan