Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Oregi: «Lazunarriko malekoi berrituari esker, hareek ez dute Lekeitioko portua blokeatuko»

2015.eko uztailak 09
  • Sailburuak iragarri du Ondarroako lonja proiektua hilaren amaieran ezagutaraziko dela
  • Bi portu-azpiegiturak bisitatu ditu, Aizekin, Ruiz de Angulorekin eta Goitiarekin

Ondarroa 15/07/09

Ana Oregik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Lazunarriko malekoi berritua aurkeztu du gaur arratsaldean. Berritze-lanari esker, hondartzako eta Lea ibaiko hareek portu sarreraraino sartzea galaraziko da. Garraioetako sailburuordea Antonio Aizekin, Garraio Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulorekin, eta Lekeitioko alkate Koldo Goitiarekin batera, Ondarroako portuko instalazioak bisitatu ditu eguerdian eta, arratsaldean, iragarri du hil honetan ezagutaraziko dela hango arrain-lonjaren behin betiko proiektua.

 

Oregik Lazunarriko malekoi berritua (Lekeitio) ibili du ere. Aurrekoa hobetzen du; izan ere, hondatuta zegoen, urteen joanaren, mareen eta ekaitzen eraginez.

 

Eusko Jaurlaritzak milioi euro inguru inbertitu ditu Lazunarriko lanetan eta, horrekin batera, malekoiko ondarearen katalogazioa begiratu dute, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailari galdetuz, jakiteko ea ondarearen zer alderdi ezagutu behar ziren portuko azpiegituraren historiari eta paisaiari eusteko.  

 

Behin Estatuko Kosten baimena lorturik eta ondarearen zaintza ziurtaturik, Eusko Jaurlaritzak Lazunarri berreraikitzeko proiektua lizitatu zuen, eta TYPSA Ingeniaritzari egokitu zitzaion; «Lanen helburua zen itsasoan hesi eraginkor eta egonkor bat ezartzea, hareari Lea ibaiaren ahotik Lekeitioko porturainoko bidea mozteko, eta, hala, portuko jarduera egokia bermatzeko».

 

Lanetan, jasangarritasunaren irizpideari jarraitzea eta ikusizko eragina gutxitzea lehenetsi da; horretarako, gaur egungo kota gorena mantendu da eta beharrezko minimoa besterik ez da handitu: eraikuntzaren ikuspegitik eta ikuspegi funtzional batetik egokia den indargarri batekin bateratzeko adina.

 

Ana Oregiren ustez, malekoia berreraikitzean, egonkortasun aproposa eman zaio, aintzat harturik zertarako erabiliko den, eta ahalik eta okupazio txikiena ezarri da. Horrez gainera, kokagunearen eta ezaugarri aparteko lanarekin bat dator proiektuaren estetika.

 

Lazunarriko malekoia berreraikitzeko lanek 375 metro hartu dituzte, eta ez dute eraginik izan Isuntzako hondartza lehorreko zatian. Kaltetutako eta hondatutako aldeak konponduz berreraiki da malekoia eta, horretarako, hormigoi armatua erabili da: egiturari ainguratu zaio altzairu korrugatuzko hagen bitartez eta, hala, zati monolitiko bat lortu da, egonkorra eta denboran iraunkorra izango dena. Lanak izkinan amaitu dira, Markinako harri beltzez egindako inposta bat ainguraturik hormigoira, altzairuzko hanken bitartez.

 

Lehenengo malekoia iragan mende-erdialdean eraiki zen, «harriz, eta ia dike osoan zehar hedatzen ziren kalte etengabeen konponketak, hormigoiarekin edota zementu laster murgilduko zakuekin eginak. Zaila zenez lanetara sartzea eta lan-baldintzak prekarioak zirenez, konponketak ere ez ziren egokiak eta bideratze-dikea ahula eta hausgarria zen.

 

Hainbatetan saiatu baziren ere hura konpontzen, haustura ugari zeuden malekoiaren hainbat zatitan; horrek Lea ibaiaren ahotik portualdera mugitzeko bidea ematen zion hareari, eta, beraz, arrantza-ontzien nabigazioa oztopatzen zen eta paisaia aldatzen.

 

Eusko Jaurlaritzak hainbatetan eskatu zion Estatuko Kosten lurralde-zuzendaritzari malekoia berehala konpontzeko, orotariko itsasontziek ziurtasun eta erosotasun osoz igarotzeko adinako sakonera bermatzeko, baina ez zuen erantzunik jaso.

 

«Azken batean, malekoiaren egoera akastunak portuetako azpiegitura, arrantzale eta portuko erabiltzaileak kaltetzen zituen; horregatik, beharrezko baimen urgentea eskatu genion Estatuko Kostei, Lazunarriko kai-muturra konpontzeko lanak egiteko» gogorarazi du Oregik. 

 

 

Ondarroa

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, gaur goizean esan duenez, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak dagoeneko jaso du Ondarroako arrain-lonja berriaren zirriborroa; eraginpeko zerbitzuak falta dira soilik, eta abuztua baino lehen amaituko dutela jo du sailburuak. Ondoren, xehetasun-azterketa bat helaraziko diote udalari, osoko bilkuran onar dezan. Lanak lau fasetan egingo dira eta 30 hilabeteko iraupena izango dute, abendutik hasita kontatzen. Guztira, 20.300.000 euroko aurrekontua bideratu zaie.

 

Ana Oregik Ondarroako portuko instalazioak bisitatu ditu Garraioetako sailburuorde Antonio Aizekin eta Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulorekin. Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Azpiegituretako arduradunek Bizkaiko eta Gipuzkoa hainbat portu-instalazio bisitatuko dituzte hilabete honetan.

 

«Orobat, IDOM enpresak Ondarroako lonjaren kostu eta onuren azterketa bat egin du, azpiegitura berriaren errentagarritasunaren xehetasun-azterketa bat lortzeko, bai eta hura kudeatzeko oinarri optimoa ere. Aldi berean, Europako finantzazioa nola lortu aztertu dute.

 

Ondarroako portuan, EKPk kudeatu gabeko 214 kirol-amarraleku daude; gutxi barru, berriz egingo da amarralekuak eskaintzeko deialdia. Ditxoek itsasbazterreko 4 arrantzontzi (Santa Klara elkartekoak) eta itsas zabaleko 22 arrantzontzi hartzen dituzte. Han jarduten duten sei saregileek lokal bat izango dute lonja berrian, eta 25 fardelgileentzat aldagelak jarriko dira.

 

Almudena Ruiz de Angulok esan duenez, «normalean, Galiziako eta Kantabriako 60tik gora itsasontzik deskargatzen dute portuan, eta aspalditik eskatu zaio portuari udalerriko aparkaleku-arazoa konpon dezala. Iragan Eguberriak arte, aparkaleku erregulatua zuten, eta lonja eraikitzean libre geratu diren lokal kopurua ezagututakoan azalerako parking bat egitea aurreikusi dute. Beharrezkoa izango da portua urbanizatzeko eta hango paisaia hobetzeko proiektu bat egitea».

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Koldo Goitia, Lekeitioko alkatea