Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eurest Colectividades sukaldaritza sozialeko enpresak Euskadiren aldeko apustua egin du bere I+Ga garatzeko

2015.eko uztailak 09

• AZTI zentro teknologikoak egingo ditu konpainiaren ikerketa-lanak; sektoreko erreferentea da konpainia

AZTIk eta Eurest Euskadik sinatutako lankidetza-hitzarmen estrategikoaren arrakastak bide eman dio erabaki horri

• Eusko Jaurlaritzaren babesa du ekimenak, Euskadiren etorkizun ekonomikoaren oinarri gisa berrikuntza, ikerketa eta garapen teknologikoa sustatzeko

Eurest Colectividades enpresak —erreferentzia da Espainian sukaldaritza sozialaren arloan— EAEren aldeko apustua egin du bere I+Ga garatzeko, AZTI zentro teknologikoarekin —aditua elikagaien berrikuntzan— sinatua duen hitzarmenaren bidez. Eurest Euskadiren eta AZTIren arteko lankidetza-hitzarmen estrategikoak arrakasta lortu ondoren hartu dute erabaki hori, zeinaren helburua baita nutrizioaren ikuspegitik hobetuta dauden eta tokiko produktuen erabilera aktiboagoa sustatzen duten elikagai-produktu berri eta osasungarriagoak ikertzea eta garatzea. Eurest Colectividadesek Euskadiren alde egindako apustuak babes handia ematen dio AZTIk azken urteotan egindako lan zientifikoari, eta erakusten du Euskadik berrikuntza-proiektuak erakartzen dituela.

Halaber, Eurest Colectividadesen erabakiak agerian uzten du enpresa-munduaren eta mundu zientifikoaren arteko lotura estrategikoa dela elikadura-sektorean lehiakortasun handiagoa lortzeko bide nagusia. Bai enpresak bai zentro teknologikoak elikadura osasungarri eta jasangarri baten alde eta kontsumitzaileen behar espezifikoetara egokitutako elikagaiak eskaintzearen alde egiten dute.

Euskadira ekimen pribatuko enpresak eta inbertsioa erakartzeko estrategia horrek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren laguntza izan du; sail horrek helburu hau du: Euskadi erreferentziako herrialde bihurtzea Europan I+G+Baren arloan, eta, aldi berean, balio erantsi handiko enplegu kualifikatuari eustea.

Eurest Euskadi egiten ari den ikerketak eta berrikuntza-prozesuak, orain, Eurest Colectividades osora zabalduko dira, eta eskola-sektoreko, adinekoen etxeetako sektoreko eta enpresa-sektoreko (Business & Industries) taldeentzat menu osasungarriagoak egiteko produktuak diseinatzea eta prestatzea izango dute ardatz, osasungarriago bihurtzeko eta biztanle-talde bakoitzaren dieta-, elikagai- eta zentzumen-eskakizun espezifikoetara egokitzeko. Bost ikerketa-lerro estrategikoak hauek dira: eskolako segmenturako sukaldaritza-teknika berriak, aurrez prestatutako jaki osasungarriak, elikagaien kontserbazioa, desizozte-denboren murrizketa, kozinatze-lermen azterketa eta zerbitzu-errazioen ezarpena.

AZTIk Eurest Colectividadesentzat egingo dituen ekintzak bat datoz Eusko Jaurlaritzaren 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko helburuekin eta RIS3 espezializazio-estrategiarekin, osasunaren ardatzari dagokionez. Azken xedeak hauek dira: enpresaren modernizazioa eta berritzeko eta sortzeko ahalmena indartzea eta balio erantsi handiagoko ekoizpenak sustatzea, ikerketaren eta teknologien aplikazioaren bidez balio handiagoa izan dezaketen merkatuetara sartzeko.

AZTIri eta Eurest Euskadiri buruz

AZTI zentro teknologikoa elikagaien berrikuntzan aditua da. 30 urtetik gorako ibilbidea du, eta 45 herrialdetan baino gehiagotan dihardu, 200 laguneko aditu-talde baten laguntzarekin. Adituon zeregina da ideiei forma ematea, gero ideiok balio dezaten, produktu eta zerbitzu bilakatuta, enpresa-ekimenak sortzeko eta natura-baliabideak berreskuratzeko eta zaintzeko.

Oraingo honetan, elikagaien industriaren erronkak gainditzeko behar diren ezagutza zientifikoarekin, berrikuntzarekin eta garapen teknologikoarekin lagunduko du AZTIk, produktu eta teknologia berrien bidez irtenbide berritzaileak emanez. Horrez gain, elikagaien eta produktuen ikuspegi global eta integratu bat emango du, ingurumena zainduz eta kontsumitzailea ardatz hartuta.

Eurest Colectividades (Compass Group taldekoa) erreferentziako enpresa bat da Espainiako sukaldaritza-sektorean, eta 50 urte daramatza arlo horretan. Konpainiak 12.000 langile baino gehiago ditu, eta marka komertzial hauen bidez lan egiten du: Scolarest, Medirest, Eurest, Vitarest, Eurest Services, Vilaplana Catering eta GOW. EAEn, Eurest Euskadi enpresak bezero hauek ditu, besteak beste: Osakidetzaren sareko ospitale nagusiak, ikastetxe publiko eta pribatu garrantzitsu batzuk, eta zenbait enpresa handi, hala nola Petronor eta Vicrila. Horrez gain, Bizkaiko (Zamudio) eta Arabako (Miñano) Parke Teknologikoetako jatetxeak eta kafetegiak kudeatzen ditu.

Nabarmentzekoa da azken kontsumitzaileekin duen zuzeneko kontaktua. Horri esker, oso ondo ezagutzen ditu taldeen merkatua eta biztanle-segmentuen nutrizio-eskakizunak; hala, menu bihurtzen ditu eskakizunok.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2015.eko uztailak 13

    Comentario de Twitter:
    Azti hará I+D alimentario para Eurest Colectividades http://t.co/W0yKMM00wX

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)