Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritza akordio batera iritsi da Espainiako gobernuarekin, EHAA-ren baliotasuna errespetatu, babestu eta aitortzeko, BOE-rekiko mendekotasunezko harremanik gabe

2015.eko uztailak 09
  • Euskadin, EHAAn argitaratutako legezko jakinarazpen ofizialak baliozkoak izango dira eta BOEn sartuko dira, bi hizkuntzetan, lotura edo esteka digitalen bitartez.
  • Gainera, Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzentzat bideratutako deialdiak baliozkotzeko formula bat adostuko du Kontzertuko Batzorde Mistoak, diru-laguntzen datu-base nazionalean argitaratzera behartuta egon gabe, eta hala egin ezean zigorrik jaso gabe.

Gaur, Estatuko eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarietan argitaratuko da Espainiako gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioa, 15/2014 Legearen, irailaren 16koaren, Sektore publikoa arrazionalizatzeari eta administrazioa erreformatzeko beste neurri batzuei buruzkoaren, 25., 26., 27. eta 30. artikuluak interpretatzeko dena. Sei hilabeteko negoziazioaren ostean, Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Ogasun eta Herri Administrazioko ministro Cristobal Montorok ituna sinatu dute. Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Aldebiko Batzordearen barruan izandako negozioaren emaitza izan da.

Lehenik eta behin, akordioari esker, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria ez da Estatuko Aldizkari Ofizialarean mendean egongo (Espainiako gobernuak nahi zuzen gisara). Esandako Legeak EHAAren balioa gutxitzen zuen, eta BOEren osagarri soil izatera mugatzen; izan ere, jakinarazpen-xedeetarako baliozkoak izan zitezen, estatuko aldizkarian argitaratu behar ziren autonomietako administrazioen legezko jakinarazpen ofizial guztiak(*). Akordioaren bitartez, jakinarazpenak EHAAn erabateko balioarekin argitaratzea onartzen du Espainiako gobernuak, eta baita BOEn jasotzea ere, lotura edo esteka digital baten bitartez.

Gainera, garrantzitsua da akordioa, euskararen koofizialtasuna errespetatzen duelako. Hori horrela, Euskaditik igorritako testuak euskaraz ere argitaratuko dira BOEn (lehenago kontuan hartu gabeko aukera).

Azkenik, Espainiako gobernuak berariaz onartzen du zerga- eta katastro-kontuen prozeduraren eskuduntza euskal ogasunei dagokiela. Horrenbestez, Foru Aldundiak dute lurralde historikoetako agintaritzaren aldizkarietan zerga- eta katastro-prozesuetako legezko jakinarazpenak nola argitaratu erabakitzeko eskuduntza. Are gehiago, akordioak Espainiako gobernuarekin hitzarmen bat sinatzeko atea zabaltzen du, aldundietako jakinarazpen horiek BOEn lotura zuzen bitartez argitaratu ahal izateko, Euskadiko herri-administrazioarekin gertatzen den bezala.

DIRU LAGUNTZETARAKO DEIALDIA

Bestalde, Euskadiko herri-administrazioek ez dute zertan jendarteratu euren diru-laguntzei eta laguntzei buruzko informazioa «diru-laguntzen datu-base nazionalaren» ohar-taula bakar eta zentralizatuan. Berezko legediak dagoeneko aitortzen ditu publizitatearen, gardentasunaren eta jenderarteratze ahalik eta zabalenaren printzipioak; hortaz, ez da falta astuntzat hartuko, ez eta hileko 3.000€-ko isunarekin edo deialdia bertan behera uzteko betebeharrarekin zehatuko.

Horiek horrela, zera aitortzen du akordioak: Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan erabaki behar direla, bai Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako gobernuaren arteko diru-laguntzen inguruko informazio-trukerako prozedura,  bai jendarteratze-betebeharrak gauzatzekoa ere, eta hantxe adostuko direla informazio-trukea gauzatzeko beharrezko akordioak.

ALDEBIKO NEGOZIAZIOA

Legealdi honetan zehar, gaur argitaratutakoaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak beste 11 akordio sinatu dituzte (3 partzial) aldebiko negoziaziorako batzordearen barruan: 

  • 14/2012 Errege Lege Dekretua, apirilaren 20koa, hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa. (Akordio partziala, adostu gabekoa Konstituzio Auzitegira eramango da)
  • 16/2012 Errege Lege-dekretua, Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta sistemaren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa. (Akordio partziala, adostu gabekoa Konstituzio Auzitegira eramango da)
  • 8/2013 Legearen, abenduaren 9koaren, Hezkuntzaren kalitatea hobetzekoaren gaineko akordio partziala.(LOMCE). (Akordio partziala, adostu gabekoa Konstituzio Auzitegira eramango da)
  • Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko Legea. (Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurtsoa aurkeztea saihesten duen erabateko akordioa)
  • Kiroleko dopinaren aurkako Euskadiko Legea. (Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurtsoa aurkeztea saihesten duen erabateko akordioa)
  • Euskadiko Aurrezki Kutxen Legea. (Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurtsoa aurkeztea saihesten duen erabateko akordioa)
  • 2/2013 Legea, maiatzaren 29koa, itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzkoa eta uztailaren 28ko Kostaldeei buruzko 22/1988 Legea aldatzen duena. (Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurtsoa aurkeztea saihesten duen erabateko akordioa)
  • 8/2013 Legea, ekainaren 26koa, hirien birgaitze, biziberritze eta berrikuntzari buruzkoa.
  • 20/2013 Legea, abenduaren 9koa, Merkatu Batasuna bermatzekoa. (Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurtsoa aurkeztea saihesten duen erabateko akordioa)
  • 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa. (Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurtsoa aurkeztea saihesten duen erabateko akordioa)
  • 2/2014 Legea, martxoaren 25ekoa, Estatuaren kanpo ekintzari eta zerbitzuari buruzkoa. (Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurtsoa aurkeztea saihesten duen erabateko akordioa)

Une hauetan, lege bat negoziatzen ari dira Euskadiko eta Estatuaren arteko aldebiko negoziaziorako batzordearen barruan: 1/2015 Errege Lege Dekretua, otsailaren 27koa, bigarren aukerako mekanismoari, finantza-karga murrizteari eta bestelako neurri sozialei buruzkoa. 

 (*) aurkitzeko moduan ez dauden edo toki ezezagunean dauden pertsonei era ofizialean jakinarazteko herri-administrazioek agintaritzaren aldizkarien bitartez egiten dituzten komunikazioak dira.

 

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @arantzabal
    2015.eko uztailak 14

    Comentario de Twitter:
    RT @AuziaEuskaraz: #AeAlbisteak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria ez da Estatuko Aldizkari Ofizialarean mendean egongo http://t.co/l

  • @GARALEX_EHU
    2015.eko uztailak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @AuziaEuskaraz: #AeAlbisteak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria ez da Estatuko Aldizkari Ofizialarean mendean egongo http://t.co/l

  • @GARALEX_EHU
    2015.eko uztailak 13

    Comentario de Twitter:
    RT @AuziaEuskaraz: #AeAlbisteak Jakinarazpenak EHAAn erabateko balioarekin argitaratzea onartzen du Espainiako gobernuak http://t.co/l8icbD

  • @AuziaEuskaraz
    2015.eko uztailak 13

    Comentario de Twitter:
    #AeAlbisteak Jakinarazpenak EHAAn erabateko balioarekin argitaratzea onartzen du Espainiako gobernuak http://t.co/l8icbD5EyI

  • @AuziaEuskaraz
    2015.eko uztailak 13

    Comentario de Twitter:
    #AeAlbisteak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria ez da Estatuko Aldizkari Ofizialarean mendean egongo http://t.co/l8icbD5EyI

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)