Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak 2015ko diru laguntzen ebazpena aurkeztu dute

2015.eko uztailak 07

Ekitaldian, Patxi Baztarrika sailburuordeak NPLD sare Europarrak Frantziako Presidente Holland-i bidalitako gutunaren berri eman du. Gutun horretan, Europako Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berresteko prozesuan aurrera egiteko animatzen du NPLD-k Frantziako Estatua

  

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta François Maitiak, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteak, Eusko Jaurlaritza eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza hitzarmenean aurreikusitako diru-laguntzen ebazpena aurkeztu dute gaur Baionan egin den ekitaldian.

 

Aurkezpenean, Baztarrika sailburuordeak NPLD sareak (Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra) Frantziako Presidente François Hollande-i bidalitako gutunaren berri ere eman du. Gutun horretan, Europako Eremu Urriko Hizkuntzen Gutuna berresteko prozesuan aurrera egiteko animatzen du NPLD-k Frantziako Estatua. “Frantziako Errepublikaren presidenteak duela hainbat aste publikoki jakinarazi duenez, Konstituzio-Lege bat egiteko asmoa du eta proiektua idazteko enkargua eman du, Frantziako Estatuak berretsi ahal izan dezan Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna. Lagungarri izan daiteke hori euskararentzat Iparraldean, eta Europako hizkuntza aniztasunarentzat ere bai”, adierazi du Baztarrikak.

 

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak beste gogoeta bat ere egin nahi izan du: “Egunotan hedabideen eskutik luze eta zabal jakin dugunez, azken hauteskundeen ondoren Nafarroako gobernua osatzeko helburuarekin adostu izan den akordioaren oinarrian espresuki jasotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin euskara sustatzeko lankidetza normaltzeko eta areagotzeko konpromisoa. Euskararen sustapenerako mesedegarri izango da euskararen hiru lurraldeetako instituzioak elkarlanean jardutea. Elkarlanean, noski, herri-erakunde eta gobernu bakoitzaren eskumenak erabat errespetatuz, eremu administratibo bakoitzerako tokian tokiko gobernu eta herri-erakundeen erabakitzeko ahalmena erabat errespetatuz”.

 

Diru-laguntzei dagokienez, aipatzekoa da hauen helburua Ipar Euskal Herriko gizarte eragileek euskararen sustapena eta garapena bultzatzeko aurkeztu dituzten proiektuak diruz laguntzea dela. Alde bien ekarpenaz osatzen den lankidetzarako fondoa, guztira, 1.600.000 eurokoa izan da aurten. Fondo honetan, Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro jarri ditu.

 

Diru-laguntza hauek bi multzotan banatzen dira: hitzarmenen bidez adostutakoak (Iparraldeko 8 eragile nagusiak) eta Proiektu Deialdiaren bidez lagundu direnak (82 proiektu aurkeztu dira eta, hauetatik, 65 diruz lagunduko dira, guztira).

 

Hitzarmen bidez, irakaskuntza alorreko hainbat erakunderen jarduna laguntzen da: Seaska Federazioa (Iparraldeko ikastolak); Ikas-bi eta Biga Bai (biak eskola publikoko eredu elebidunaren aldeko guraso elkarteak) eta Euskal Hazia (kristau eskoletan eredu elebiduna sustatzeko guraso elkartea). Alor horiez gain, eta eragile nagusien multzoan betiere, beste erakunde batzuen jarduera laguntzen da: AEK, Euskal Irratiak, Bertsularien Lagunak eta Uda Leku (azken biek, gazteentzako aisialdirako euskarazko egitasmoak kudeatzen dituzte).

 

Proiektu Deialdian, berriz, bi multzo nagusitan sailkatzen dira egitasmoak: transmisioa eta erabilera. Erabileraren multzoan, aisialdia, bizitza soziala, hedabideak eta argitalpenak bereizten dira. Atal honetan, eta diru-laguntzaren muntaren arabera, hedabideen multzoa da lehenetsi dena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)