Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak bitartekaritzako eta justizia leheneratzaileko adituentzako Europako antolatutako mintegia hasi da Lisboan

2015.eko uztailak 13
  • European Forum For Restaurative Justiceerakundearekin eta biktimari arreta ematen eta bitartekaritzaren arloetan lan egiten duten Portugaleko hiru elkarterekin elkarlanean, ikastaroak gatazkei konponbidea era baketsuan emateko formuletan sakontzea du helburu, epaiketa-prozesuaren alternatiba gisa.
  • Europa osoko 30 adituetatik 5ek EAEren izenean egingo dute, bitartekaritza eta zerbitzuko profesionalak dira eta Justizia Administrazio azkarragoa eta eraginkorragoa lortuko dituen, poztasun-maila handiagoak eskainiko dituen eta herritarrei dirua aurreztuko dien formulei buruzko gogoeta egingo dute .
  • Euskadi lider da mekanismo alternatiboen arloan; haietan, biktima kokatzen da justizia-sistemaren erdigunean eta biktimarioari eragindako kalteaz arduratzeko eta hura konpontzeko aukera ematen zaio.

Gaur, astelehena, Europako mintegi «The victims directive – challenges and opportunities for RJ» Lisboan (Portugal) hasi da. Mintegia Eusko Jaurlaritzak European Forum For Restaurative Justice erakundearekin eta Portugaleko hiru elkarterekin –Gatazka Bitartekarien Elkartea, Biktimari laguntzeko Portugaleko Elkartea eta Portugaleko Bitartekaritza eta Arbitraiaren Institutua– elkarlanean antolatu du.

Gaurtik aurrera ostiralera arte, hilak 17, Europako 30 adituek bitartekaritzaren teknikan sakonduko dute, bai eta gatazkei konponbidea era baketsuan emateko eta justizia leheneratzaileko bestelako formuletan ere, justizia-prozesuaren alternatiba eta osagarri gisa.

Eusko Jaurlaritzak irmoki egin du gatazkak konpontzeko mekanismo autokonpositibo horien alde, lagungarri baitira Justizia Administrazioko eredua aldatzeko eta herritarrentzako zerbitzua azkarrago, eraginkorrago, pozgarriago eta eskuragarriago bilakatzeko. Gainera, teknika horiek epaiketa-prozesuen kostu ekonomikoak eta emozionalak murrizten dituzte, askotan garestiak, luzeak eta emozionalki mingarriagoak izaten direnak.

Ildo horretan, gatazkak epaiketara iritsi gabe konpontzeko formulek biktima justizia-sistemaren erdigunean ipintzea ahalbidetzen dute, ordain legalari bide emanez baina, aldi berean, moralari eta emozionalari ere bai. Horrez gain, egindako delituaren erantzukizuna hartzeko aukera ematen diote biktimarioari, gerora erabat gizarteratzeko mesedegarri dena.

EUSKADI, LIDER JUSTIZIA LEHENERATZAILEAREN ARLOAN

Eusko Jaurlaritzak antolatu du Europako udako ikastaro hau, buru baita bitartekaritzaren eta justizia leheneratzailearen arloan. Estatu osoko eragile juridikoek bitartekaritzara bideratzen dituzten kasuen % 60 Euskadin erregistratzen dira. Izan ere, mintegia antolatzeaz gain, Lisboan parte hartuko duten Europa osoko 30 adituetatik 5ek EAEren izenean egingo dute: Eusko Jaurlaritzako Justiziako zuzendari Manuel Valín, Auzitegi Barruko Bitartekaritza Zerbitzuko bi aditu, Idoia Igartua eta Almudena Requejo eta Biktimari Laguntzeko Zerbitzutik beste bi, José Ignacio Martinez eta Maialen Casas.

2007tik hona, Eusko Jaurlaritzak arlo hauetan eskaintzen du bitartekaritzaren aukera: zigor-arloan, helduen eta adingabeen arloan zein familia-gaietan (banantzeak, dibortzioak, zaintzak, ardurapeko seme-alabekiko gatazkak eta abar).

2014. URTEKO DATUAK

Helduen zigor-arloko bitartekaritzari dagokionez, nabarmentzekoak dira lortutako akordioen portzentaje handia eta zerbitzuaren bizkortasuna:

  • 2014an 889 kasu itxi ziren bitartekaritza-formularen bidez, eta horien % 78an alderdien arteko adostasuna erdietsi zen.
  • Bitartekaritzako prozesu gehienek (% 80,8) bi hilabete baino gutxiago behar dituzte ixteko. Bitartekaritza luzatzen denean, pertsonak aurkitzeko zailtasunagatik edo bizilekua atzerrian dutelako izaten da.
  • Akordiorik ez dagoen kasu horietan (% 22), arrazoi nagusia alderdiak hasierako jarreretatik ez mugitzea da, eta ondoren, esku hartzen duten pertsona batzuek bitartekaritza utzi nahi izatea.
  • Helduen arteko bitartekaritza-prozesuetan esku hartzen duten gehienek aldez aurretiko harremana dute elkarrekin (bikotekide ohiak, bizilagunak, senideak, ezagunak, bizilagunak edo adiskideak dira edota kontratu- edo lan-harremana dute). Gauean edo egutegiko jai adierazgarrietan izandako borroken ondoriozko lesio-delituengatik dira aldez aurretik harremanik ez duten pertsonen arteko bitartekaritzako gaien kopuru txikia.

Bitartekaritza judizialaren kasuan, arrakastarik handiena izaten duen arloa adingabeena da:

  • Bitartekaritzaren bidez 263 kasu itxi ziren 2014an, eta horien % 84an prozesu judiziala saihestu zuen akordioa lortu zen.
  • Bitartekaritza gehienak, % 77,9, mutilekin izan ziren. 

Familia-arloko bitartekaritzari dagokionez (dibortzioak, banantzeak, zaintzako gatazkak eta abar), bitartekaritza-prozesuen arrakasta-ehunekoa txikiagoa da, baina handiagoa da oraindik akordioa eginda itxitako kasuen kopurua akordiorik gabekoena baino:

  • 2014an 244 kasu itxi ziren bitartekaritza-formularen bidez, eta horien % 52,8an alderdien arteko adostasuna erdietsi zen.
  • Bitartekaritzako prozesu gehienek (% 76,9) bi hilabete baino gutxiago behar dituzte ixteko.
  • Euskadiko familia-bitartekaritzaren arrazoi nagusia banantzea, dibortzioa eta izatezko bikoteen haustura da (% 69,2).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)