
Lehendakariak Zumarragako Ospitaleko kanpoko kontsulten eraikin berria inauguratu du
- Eusko Jaurlaritzak 1.880.000 euro inbertitu ditu eraikinean, non, aurreikusi denez, 60.000 kontsulta artatuko baitira urtean
Lehendakariak gaur inauguratu du Zumarragako Ospitaleko Kanpo Kontsultako eraikina, Osasuneko sailburu Jon Darpón zuela lagun; eraikin berriaren jarduna, berriz, apurka abiaraziko da, uztailaren 13tik aurrera. Eusko Jaurlaritzak 1.880.000 euro inbertitu ditu eraikinean eta lanek 16 hilabetez iraun dute, aurreikusitako epeak betez. Hala, zentroak espazioa, argia eta erosotasuna irabazi ditu. «1.500 metro karratu dira, ondo ekipatuta eta diseinatuta, hala gaur egungo nola etorkizuneko premiei erantzuteko» azaldu du Urkulluk.
Bisitan zehar, lehendakariak instalazio berriak zuzenean ezagutzeko aukera izan du, Zumarragako alkate Mikel Serrano, Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria eta Goierri-Urola Garaiko ESIaren kudeatzaile Teresa Garmendia zituela lagun; bisita ostean, lehendakariak esan du eraikinak «beste aurrerapauso bat adierazten duela» Osakidetzak Euskadiko herritarrei eskaintzen dien zerbitzuan. Urkullu gogorarazi du Zumarragako Ospitalea erreferentzia dela osasun-zerbitzu publikoaren arretari, kalitateari, eta etengabeko hobekuntzari dagokionez, eta bisita baliatu du zerbitzua ahalbidetzen duten profesionalei hitz egiteko. «Egia da eraikin berri bat irabazi dugula, baina, benetan nabarmengarria, Goierri-Urola Garaiko ESI honetan jarduten duten pertsonengan aurkitu dudan zerbitzu- eta hobekuntza-bokazioa da» aitortu du.
Zentroak 12 espezialitate eskainiko ditu eta, aurreikusi denez, urtean 60.000 kontsulta artatuko.
-
2015-07-11
Comentario de Twitter:
Inauguradas las nuevas consultas del Hospital de Zumarraga.
http://t.co/Q4u7EiWO4d