Berriak Herrizaingoa

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hitzarmena sinatu dute Bakearen eta Giza Eskubideen etxearen proiektuan elkarlanean aritzeko

2010-07-16

Rodolfo Ares Herrizaingo Sailburuak, Idoia Mendia Justizia eta Herri Administrazio Sailburuak eta Odon Elorza Donostiako Alkateak hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearen proiektuaren garapenean elkarlanean aritzeko.

Hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 240.000 euro jarriko ditu Aieteko Bakearen Etxean zenbait programa eta ekintza garatzeko.

Bai Aresek baita Mendiak ere, zorionak eman dizkie Udalari ekimenagatik, eta adierazi dute Eusko Jaurlaritzak gogo handiz lan egingo duela proiektu honetan eta erabat babesten duela.

Idoia Mendiak esan du oso ideia ona dela Franco diktadorearen etxea izan zena herritar guztien etxe eta Euskadin izandako giza eskubideen urratze guztien biktimak gogoratzeko toki bilakatzea.

Justizia sailburuak gaineratu duenez, etxe hau Eusko Jaurlaritzak Euskadirentzat nahi duenaren metafora bat da: bakean eta askatasunean elkarrekin bizitzeko tokia, pertsona guztien giza eskubideak, eta batez ere, bizitzeko eskubidea errespetatuko diren tokia.

Bestalde, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak adierazi du ekimen hau oso garrantzitsua dela, izan ere, giza eskubideen, balio etikoen, tolerantziaren eta bakearen eta askatasunaren defentsan lan egiteak eta horretarako tokiak izateak erabat beharrezkoa izaten jarraitzen du mundu osoan, eta bereziki Euskadin.

Aresek gaineratu duenez, "behin betiko terrorismoarekin amaitzen laguntzeko, bakea oinarritzeko eta Euskadin giza eskubideak defendatzen jarraitzeko bitartekoa izan behar du etxe honek".

Gainera, sailburuak azpimarratu du ETA oraindik ez dela desagertu. Horren harian, zuhurtziaz jokatzeko deia egin du, izan ere, "ezin da politika egin ETA desagertu balitz bezala". Gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren funtsezko helburua terrorismoarekin amaitzea da eta horretan atsedenik gabe lan egiten jarraituko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, Rodolfo Ares