Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak hogeita bederatzi domina lortu ditu Polizia eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketan; horietatik hamaika, urrezkoak

2015.eko uztailak 06

Eusko Jaurlaritzaren Estatu Batuetako ordezkariak harrera egin die ertzainei

Polizia eta Suhiltzaileen Munduko Txapelketan parte hartzera Fairfaxera (AEB) joandako Ertzaintzaren ordezkaritzak atzoko igandean amaitu zuen txapelketan parte-hartzea, hogeita bederatzi dominekin: hamaika, urrezkoak; beste hamaika, zilarrezkoak eta zazpi, brontzezkoak.  Txirrindularitzan, karaten, maratoi-erdian, 10 kilometrotan, eta 4X400 metrotan lortu dituzte lehen postuak. Hurrengo edizioa Montrealen izango da, 2017an.

Txapelketa ekainaren 26tik uztailaren 5era jokatu da, Estatu batuetako Fairfax hirian, non 68 herrialdetako 9.500 atleta parte-hartzaile bildu baitira. Ertzaintzako hamabi kidek osatu dute euskal poliziaren ordezkaritza, eta hainbat maila eta espezialitatetan lehiatu dira.

Ertzaintzak lortutako urrezko 11 dominetatik, txirrindularitzako modalitatetan eskuratu ditu gehienak: esprint, criterium, erlojupeko proban, erlojupeko igoeran eta erregulartasun-proban; gainerakoak, karateko kata-modalitatean, eta maratoi-erdian, 4X400 metrotan eta 10 kilometroko cross-country proban. Euskaldunek atletismoan eta beste zenbait kiroletan eskuratu dituzte zilarrezko eta brontzezko dominak.

Amaierako palmaresean, Estatu Batuetako ordezkaritza gailendu da, Kanada izan da bigarren eta Errusia hirugarren. Estatuko polizia- eta suhiltzaile-taldeek osatutako ordezkaritza laugarren posizioan gelditu da.
Atzoko igandean, Eusko Jaurlaritzako ordezkari Ander Caballerok harrera egin zien munduko txapelketan parte hartu duten ertzainei. Caballero txapelketaren egoitzara hurbildu zen, ertzainei beren lorpenak aitortzeko.

Lehiaketan, ordea, zorigaiztoko gertakari bat izan zen joan den uztailaren 2an. Egun hartan, istripu larri bat gertatu zen txirrindularitza proba batean, eta Brasilgo suhiltzaile bat hil, eta beste bi parte-hartzaile larri zauritu ziren. Proba bertan behera utzi zuten, eta handik ordu batzuetara, hildakoa omentzeko eta zaurituei babesa agertzeko ekitaldi bat egin zuten, non ertzainek ere parte hartu baitzuten.

Azkenik, aurtengo edizioko amaiera-ekitaldian, Ertzaintzako kirolariek estandarte bat eta txapela bat entregatu zieten datorren munduko txapelketako antolatzaileei. 2017an egingo da, Montrealen (Kanada), eta espero da ertzain-talde batek parte hartzea ere.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ZigorApodaka
    2015.eko uztailak 08

    Comentario de Twitter:
    La Ertzaintza cierra su participación en los Mundiales de Policías y Bomberos con veintinueve medallas, once de... http://t.co/qmg0dIWzgO