Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lau enpresak jarri dute abian beren langileek lan bizitza eta familia bizitza hobeto uztartzeko ordutegiak aldatzeko programa pilotua

2010.eko uztailak 16

 

  • Bellota Herramientas, Euskaltel, Lazpiur SL eta Vadillo Asesores dira hautatutako enpresak

  • Langileentzako ordutegi malguak konpainien produktibitatea hobetzen du

 

  • Esperientzia pilotuaren helburua zera da, nahi duten enpresa guztiei aplika dakiekeen metodologia bat lortzea 

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gaur aurkeztu du enpresetako lan-ordutegia aldatzera bideratutako programa pilotua, langileei beren lana eta familia-bizitza hobeto uztartzeko aukera emango diena. Zabaletak duela bi hilabete aurkeztu zituen Euskadiko enpresetan ordutegia aldatzeak ekarriko zituen emaitza positiboei buruzko azterlan baten ondorioak, eta, gaur, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak beste urrats bat egin du bide horretan programa pilotua zehaztu duenean eta programa hori garatzeko hautatutako lau enpresak aurkeztu dituenean.

Bellota Herramientas, Euskaltel, Lazpiur SL eta Vadillo Asesores enpresek jarriko dute abian esperientzia hori. 

Duela bi hilabete aurkeztutako azterlanak erakutsi zuen harreman zuzena eta positiboa dagoela langileentzako malgua eta erosoagoa den ordutegiaren eta enpresen produktibitate-tasen artean. Lanaldi etengabea izateak edo sarrera-ordutegia (08:00-09:00) eta irteera-ordutegia (17:00-18:00) malgua izateak ez ezik ordutegia trinkoagoa izateak ere hobetu egiten du lan-giroa, igo egiten ditu langileen asebetetze-maila eta produktibitatea, eta, azkenik, hobetu egiten du bezeroarekiko arreta.

Zabaletak aipatu zuen aldatu egin behar dela lana ulertzeko modua, baita gure lan-ingurunearekin harremanetan egotekoa eta gure astialdiaz gozatzekoa ere. "Arrakasta lortzen duten enpresak giza aurpegia duten enpresak dira, hots, pertsonekin lan egiten dutenak eta ez enplegatuekin. XXI. mendeko enpresa lehiakorrak lan-harreman atseginak eta lanean giro egokia duten enpresak dira".

Sailburuak nabarmendu zuen helburua gizarte-kontratu berri bat abian jartzea dela, enplegatuen lan-baldintzak hobetzeaz gain enpresetako produktibitatea hobetuko duena, alegia. "Guztiok daukagu langileen bizi-baldintzak hobetuko dituen kontratu hori abian jartzeko eta produkzio-sarea hobetzeko erantzukizuna. Kultura-aldaketa hori lortzeko, langileek, enpresaburuek eta administrazioak elkarrekin hartu beharko dute konpromiso hori eta horrekiko erantzukizuna izango dute".

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak lan-harremanetan kontzeptu malgua izatearen aldeko apustua egin dute. Enplegua eta bizitza pertsonala bateragarri egitea ahalbidetzen duen malgutasuna, enpresaren lehiakortasuna hobetzen duena, eta, halaber, langileen bizi-kalitatea hobetzen duena. "Norabide bakarrekoa izango ez den malgutasuna, langileek eta enpresek helburu partekatuak izatea eskatuko duena baizik".

PROGRAMA PILOTUAREN HELBURUAK

1- Programan parte hartzen duten enpresei laguntzea eta babestea ordutegi-eredu berria -Europako eredu malgua, edo, hala badagokio, lanaldi etengabea- enpresako negozio-unitate jakin batzuetan osorik ezartzeko prozesuan.

2- Kudeaketa-sistema bat lortzea, baita ordutegia ezartzeko metodologia ere, beste enpresa batzuetara hedatu ahal izango dena. Helburua zera da, euskal enpresa-sarearen eskura lan-metodo bat jartzea ordutegi-aldaketa ezartzea arrakastaz lortzeko.

ZERTAN DATZA PROGRAMA PILOTUA?

Enpresek ordutegi-aldaketa ezartzeko prozesu bati ekingo diote, eta Sail honek lagunduko die prozesu horretan. Lehendabizi prozesua diseinatuko da, ondoren abian jarriko da, eta, azkenik, ebaluazioa egingo da. Administrazioaren laguntza eta babesa izango dute une oro, bai enpresa bakoitzean metodologia gauzatzeko, bai abian jartzea eraginkorra izan dadin.

1- Irailean eta urrian diagnostiko bat egingo da ordutegi-aldaketa enpresako zer unitatetan aplikatuko den jakiteko, ezartzeko protokoloak diseinatuko dira eta baldintzak edo egon daitezkeen oztopoak identifikatuko dira.

2- Lau hilabetetan, hau da, azarotik otsailera bitarte, ezarpena hedatu da; horretarako, behar diren egokitzapenak egingo dira behar bezala eta modu arrakastatsuan ezartzeko. Prozesu hori Sail honek gainbegiratuko du.

3- 2011ko martxoan emaitzak ebaluatuko dira.

 PARTE HARTUKO DUTEN ENPRESAK

- BELLOTA HERRAMIENTAS: Industria Sektorea (Eskuzko erremintak fabrikatzen dituzte) 580 langile. Gipuzkoan dago

- EUSKALTEL: Zerbitzu eta Telekomunikazio Sektorea, 546 langile. Hiru lurraldeetan dago

- LAZPIUR SL: Industria Sektorea (Automatismoak, makina-erreminta eta abar fabrikatzen dituzte, 90 langile, bost negozio-eremutan banatuta. Gipuzkoan dago

- VADILLO ASESORES: Zerbitzu Sektorea (lan-, kontabilitate- eta zuzenbide-arloko aholkularitza), 20 langile. Araban dago

HAUTAKETA IRIZPIDEAK

Sail honek Euskalit-en (Bikaintasunerako Euskal Fundazioa) laguntza izan du. Hainbat sektore ordezkatuko dituzten enpresak bilatu dira, metodologiei buruzko kasuistika handiagoa izateko. Hortaz, industrien, zerbitzuen eta telekomunikazioen arloko enpresak elkartu dira, enpresa handiak, ertainak eta txikia, eta hiru lurraldeetakoak.

Lau enpresek erakutsi dute konprometituta daudela lan-aldaketarekin eta lan-harremanetan aldaketa ezartzearekin.

BESTE DATU INTERESGARRI BATZUK

  • Euskal langileen produktibitatea % 2 jaitsi da azken 10 urte hauetan.
  • Oro har, espainiarrek europarrek baino 232 ordu gehiago lan egiten dute urtean, baina erdia produzitzen dute. Europan batez beste lanaldi laburrenak dituzten herrialdeek (Holanda, Belgika, Alemania) produktibitate handiagoa dute lan egindako ordu bakoitzeko.
  • Denbora baliabide mugatua da, Estatuko langileen % 40 ez dago gustura edo ez dago batere gustura bere ordutegi-orekarekin; hortaz, lan-ordutegi ona izatea langileek gehien balioesten duten gaietako bat da.
  • Azterlanen eta ordutegi-ereduen arabera, Espainia da lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko zailtasun handienak dituen herrialdea. Kontrako errealitate horretako alderdi erabakigarri bat lanaldi zatitua edo lanera sartzeko ordutegia da.
  • Langileen % 58k lanaldi zatitua dauka. Lanaldi horretan bi orduko etenaldia egin behar da bazkaltzeko, eta horrek atzeratu egiten du irteera-ordua, eta aisiaz gozatzeko denbora gutxiago geratzen da. Oro har, horrek esan nahi du langileak goizeko 09:00etan sartzen direla lantokian eta 19:00etan ateratzen direla. Hamar ordu ematen dituzte lanpostuan eta horrek ez die aukerarik ematen astialdiaz gozatzeko.
  • Irteera-ordua atzeratzeak eragiten du astialdia gauerdira bitarte luzatzea, eta, horren ondorioz, atseden-orduak murriztu egiten dira, eta, horrenbestez, lan-errendimendua txikiagoa da.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta